1.3. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Tantarrantan »  1.3. Irudia

Toribio Alzaga. Tantarrantan

Hirugarren Irudia

III

Tiburtxio, berehala Joxpakiña. Azkenean Martxela



(Tiburtxio atzean eskuinetik azaltzen da, eta etxera begiratuaz gelditzen da)



TIBURTXIO Martxela hor egongo da. Zer egiten ote du? Zer ari den, ate zirrikitutik ikusteagatik bi begiak emango nituzke; bere hitza entzuteagatik, aurpegia ikusteagatik, bere ondoan egoteagatik… (Joxpakiña, otar bat barazkirekin etxetik ateratzen da) Ama… (Tiburtxiok gordetzera egiten du. Joxpakiñak otarra lurrean uzten du). Andre Joxpakiña… (Joxpakiñak Tiburtxio ikusten du).

JOXPAKIÑA Tiburtxio… zer egiten duk hor?

TIBURTXIO Sorora nindoan eta…

JOXPAKIÑA Hemendik zuen sorora?

TIBURTXIO Bai, andrea: Errekaburun barrena.

JOXPAKIÑA Bai, bai. Hator aurrera, mutil, hator aurrera.

TIBURTXIO Ez, andrea. Sorora joan behar dut eta.

JOXPAKIÑA Hator aurrera; kuxkuxean habilela bazekiagu eta. (Tiburtxio aurreratzen da).

TIBURTXIO Ni? Ez, andrea.

JOXPAKIÑA Mutilak ez dik horrenbesterainoko lotsatia izan behar.

TIBURTXIO Lotsatia… ez, andrea; baina, nola sorora joan behar dudan…

JOXPAKIÑA Gure Martxelaren ondotik habilela bazekiagu, eta guk hori ondo aurkitzen diagu.

TIBURTXIO Hitz horiekin zer barrengo lasaitasuna ematen didan, andre Joxpakiña.

JOXPAKIÑA Bai, Tiburtxio, bai. Langilea haiz eta hori duk guk behar duguna.

TIBURTXIO Langilea, bai andrea. Gurasoek ez didate besterik erakutsi; eta gogotsu lan egiten dut, eta pozik lanean aritzen naiz.

JOXPAKIÑA Beste asko bezalako tabernazalea ez haizela ere bazekiagu.

TIBURTXIO Batere ez, andre Joxpakiña. Niretzat pozik handienak nire etxean, nireekin izan ditut. Iruditzen zitzaidan nik behar nuen guzia etxean neukala. Baina, igande arratsalde batean, bezperetatik ateratzen Martxela ikusi nuen; eta behar nuen guzia etxean ez nuela, orduan ezagutu nuen.

JOXPAKIÑA Ez noski; hik behar duana etxe honetan zegok.

TIBURTXIO Bai, andrea.

JOXPAKIÑA Eta ez nire alaba delako, baina, nexka elizkoia, ona, langilea eta zintzoa duk.

TIBURTXIO Ondo igarria nago.

JOXPAKIÑA Zorionekoak izango zarete.

TIBURTXIO Horretan ziur naiz.

JOXPAKIÑA Gurekin ere ez diat uste ezin eramanik izango duanik.

TIBURTXIO Ez andrea, ez.

JOXPAKIÑA Badakit, ni jenio bizi xamarrekoa nauk, aurretik esatea hobea duk, eta aldarte txarrekoa nagoenean, egingo diat onenean zakarkeria edo purrustadaren bat.

TIBURTXIO Ez dio axolarik horrengatik.

JOXPAKIÑA Beharbada, uxatu eta joateko esan ere bai; baina horrelakoan hik ez duk joan behar, hik ez duk Martxela utzi behar.

TIBURTXIO Ez nuke ezerengatik utziko.

JOXPAKIÑA Ezta bultzaka hasten banaiz ere, ezta, arima salbu belarrondoko bat ematen banikek ere.

TIBURTXIO Ez andrea, ez. Ni beti planto hemen.

JOXPAKIÑA Hori duk. (Une honetan, Martxela baserriko atean azaltzen da, eta Tiburtxio eta biak keinuka hasten dira) Taxu gabeko gauza horiek, aldarte txarrak ematen dituelako baitituk, ez norbera horrelakoa delako, baina… badakik… (Joxpakiñak beste bien keinuak ikusten ditu) Beste pixpiliña ere hemen al dugu?… Zatoz, zatoz, elkarrekin egoteko zoratzen egongo zarete eta. (Martxela aurreratzen da)

TIBURTXIO Eskerrik asko, andre Joxpakiña.

JOXPAKIÑA Hemen gelditzen zarete. Baina, ez gero niri gehiegi luzatu; honek etxean zeregin asko zeukak gero.

TIBURTXIO Ni ere soroan atzaparrak bete lan utzita etorri naiz.

MARTXELA Berehala bukatuko dugu.

JOXPAKIÑA Ea bada. (Baserrira joan eta atetik) Tiburtxio: badakik zer esan diadan, e?

TIBURTXIO Bai andrea, bai. Behi parearekin arrastaka ere ez naute hemendik aterako.

JOXPAKIÑA Hori duk gizonak bezala hitz egitea. (Joxpakiña baserrian sartzen da)











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org