|
Toribio Alzaga. Tantarrantan
IV
Tiburtxio eta Martxela.
(Tiburtxio atzeko eskuinetik azaltzen da)
TIBURTXIO Zer egin ote du Martxelak? Gaixoa. Haren negarrak, atzo aita korderik gabe ikusi zuenean. Ni ere geroztik ezertarako gogorik gabe nago. (Martxela baserriko atean azaltzen da)
MARTXELA Tiburtxio.
TIBURTXIO Martxela. (Biltzen dira biak) Aita nola dago?
MARTXELA Ederki. Gaizki eza igaro zaio.
TIBURTXIO Jainkoari eskerrak. Bada ama esaten aritu zait aita nola zegoen jakitera etortzeko eta etortzeko…
MARTXELA Zuk ez al zenuen etortzeko asmorik?
TIBURTXIO Asmorik ez, baina gogoa bai. Badakizu, nire gogoz ez nintzatekeela hemendik aterako. Eta, gainera honelakoetan. Gaixo hori nola egongo zinen gogoratuta, gau guzian begirik itxi gabe egon naiz.
MARTXELA Ez al duzu lorik egin?
TIBURTXIO (Behatza erakutsiaz) Ezta honenbeste ere.
MARTXELA Oi! Nik bai!
TIBURTXIO Horrexek pozten nau. Zuk egin baduzu, nireengatik ez dit axolarik.
MARTXELA Bada, nola ni oheratzerako aitak hona eman zuen, lo batean gau guzia igaro dut.
TIBURTXIO Atsegin handi bat ematen didazu.
MARTXELA Eta, bazeneki zer amets egin dudan,…
TIBURTXIO Zer gero?
MARTXELA Ez nizuke esan behar…
TIBURTXIO Zergatik ordea?
MARTXELA Barre egingo duzu eta.
TIBURTXIO Ai, ez, Martxela, gaur ez daukat barre egiteko gogorik.
MARTXELA Bada, amets egin dut… Ez gero inori esatera.
TIBURTXIO Ez Martxela, ez.
MARTXELA Badakit barre egingo duzula.
TIBURTXIO Ezetz.
MARTXELA Bada, amets egin dut ezkondu egiten ginela.
TIBURTXIO A zer amets goxoa!
MARTXELA Zu oso apaina etorri zinen.
TIBURTXIO Eta zu?
MARTXELA Ni; lehenbiziko Jaunartzean bezalako soineko zuriarekin.
TIBURTXIO Bai polita egongo zinela.
MARTXELA Aurretik filarmonika jotzailea genuela herrira joan ginen. Plazako taberna aurretik igarotzerakoan, ateetan azaldu zen, zera, Errota-goiko mutil kankailu hura, eta barrez hasi zitzaigun.
TIBURTXIO Lehen ere, behin baino gehiagotan egin dit niri hark barre.
MARTXELA Ez dakit belarrondoko bat nola eman ez nion.
TIBURTXIO Bi begi-ondoko ere ondo irabaziak ditu.
MARTXELA Gero, elizara joan ginen; eta On Leandro, bikario jauna, atera zitzaigun eta aldare aurrera eraman gintuzten… baina, ez nizuke gehiago esan behar.
TIBURTXIO Zergatik ordea?
MARTXELA Gehiegi esan dizut.
TIBURTXIO Horrela, lehen baino zale gehiagorekin uzten nauzu.
MARTXELA Ez ba inori esan.
TIBURTXIO Ez noski.
MARTXELA Eta ez barrerik egitera.
TIBURTXIO Lehen ere ezetz esan dizut.
MARTXELA Bada jarri gintuzten biak bata bestearen aldamenean. Honela…
|