2.5. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Tantarrantan »  2.5. Irudia

Toribio Alzaga. Tantarrantan

Bosgarren Irudia



V

Lehengoak eta Joxpakiña. Azkenean Axeria



(Joxpakiña baserritik ateratzen da)



JOXPAKIÑA Gure nexka non ote dabil?

MARTXELA Eta elkarri eskuak eman… (Esan bezala egiten dute)

JOXPAKIÑA Aitaren eta semearen…

MARTXELA Eta bikario jaunak galdetzen zuenean, nik esaten nuen: bai, jauna, eta zuk ere: bai, jauna.

TIBURTXIO Bai, jauna.

MARTXELA Bai, jauna.

TIBURTXIO Bai, jauna.

MARTXELA Bai, jauna.

JOXPAKIÑA (Bien tartera sartuta) Ez jauna, ez jauna. (Martxela besotik hartu, eta baserrian sartzen du) eta, zu, sukaldera hemendik. Eta mutil horrekin ez zaitezela gehiago nire begien aurrean jarri.

MARTXELA Baina, zergatik?…

JOXPAKIÑA (Tiburtxiorengana etorrita) eta, hik, gixontxoa, hemengo aldiak egin dituk, eta kontu izan ezak hemen ez gehiago azaltzea.

TIBURTXIO (Jakinaren gainean ez banengo, nik orain izango nukeen larritasuna).

JOXPAKIÑA Entzun al duk ondo nik esan diadana?

TIBURTXIO Bai, andre Joxpakiña; baina, nahi duen guzia esan lezake, badaki niri horrengatik axolarik ez didala.

JOXPAKIÑA Axolarik ez diala! Hori ere badiagu!

MARTXELA (Baserritik etorrita) Ez noski. Horri eskerrak eman behar dizkiogu. Hori etorri da…

JOXPAKIÑA (Martxela baserrira eramanaz) Zu ere bai etorri zara, eta ez etortzeko esan dizut; eta berriz hemen azaltzen bazara, ez dakit zer egingo dizudan. Txatxala ez besteren txatxala. (Martxela baserrian sartzen da) eta, hiri: lehen ere esan diat, eta hoa hemendik eta ez hadila gehiago azaldu.

TIBURTXIO Esan, esan beldurrik gabe.

JOXPAKIÑA E?

TIBURTXIO Ez naiz ni horrengatik haserretuko.

JOXPAKIÑA Ni haserretuko nauk ordea.

TIBURTXIO Bai, baina, gogoratu bedi lehen esan zidanaz. Hori aldarte txarrak ematen duena da, ez berori horrelakoa delako.

JOXPAKIÑA Bai, ba; ni orain horrelakoa nauk. Eta esan diat, eta berriz esaten diat, joateko hemendik berehala. Onean nahi ez baduk, txarrean joan beharko duk.

TIBURTXIO Bota, bota. Nahi dituenak esan bitza.

JOXPAKIÑA Baina, ume inguma alaena; joango al aiz edo ez?

TIBURTXIO Ez andrea.

JOXPAKIÑA Ez haizela joango!

MARTXELA (Baserritik etorrita) Ez, ama; hori ez da joango ni hemen naizen bitartean.

JOXPAKIÑA (Martxela baserrira eramanaz) Zu zara hemendik lehenbizi joan behar duzuna, eta berriz ikusten bazaitut, ez-egitekoren bat egingo dizut. Petrala, alaena. (Martxela baserrian sartzen da) Esan ezak berriz ere joango ez haizela!

TIBURTXIO Bai, andrea; nahi duen adina aldiz esango diot. Ni ez naiz hemendik joango.

JOXPAKIÑA Onean nahi ez baduk, txarrean joan beharko duk.

TIBURTXIO Ezta bultzaka hasten bada ere. Ezta belarrondoko bat ematen badit ere. Nik ez dut Martxelarik utziko.

JOXPAKIÑA E? Berehala utzi beharko duk ba.

TIBURTXIO Oroitu bedi berorrek lehenago esan zidana.

JOXPAKIÑA Hemen ez zegok lehengo konturik.

TIBURTXIO Behi parearekin arrastaka ere ez naute ni bidaliko.

JOXPAKIÑA Ezetz? Orain ikusiko diagu. (Baserrira oihuka) Axeria!

MARTXELA (Baserriko atean azalduaz) Ez ama; horrek ez nau utziko, eta nik hori ere ez.

JOXPAKIÑA (Martxela barrenara boteaz) Hoa hemendik, zanpa-zanpa egin baino lehen. (Martxela baserrian sartzen da).

TIBURTXIO Gaixoa!

JOXPAKIÑA Axeria! Axeria!

AXERIA (Baserritik atereaz) Zer dugu, Joxpakiña?

JOXPAKIÑA Gizona; bazenuen ordu.

AXERIA Oraintxe ari nintzen bukatzen zera…

JOXPAKIÑA Zure zera hori behin ere bukatzen ez dena da.

AXERIA Zer behar duzu?

JOXPAKIÑA Mutil kaskar hori har ezazu lepazamarretik, bere baserrira eraman, eta ez dadila gehiago etorri.

AXERIA Berehala. (Tiburtxiori) Aizak, hi…

TIBURTXIO Ez diezaiozula jaramonik egin. Berak esan zidan ez joateko eta.

AXERIA Berak esan ziala? Nik esango diat orain. (Tiburtxiori heltzen dio eta atze aldera darama).

TIBURTXIO Zaude geldirik, gizona.

JOXPAKIÑA Utikan!

AXERIA Hator hona.

TIBURTXIO Astoa! (Axeria eta Tiburtxio atzeko eskuinetik joaten dira. Joxpakiña ondotik joaten da atzeraino)

JOXPAKIÑA Ez dadila gehiago etorri! Azkenean ere! (Joxpakiñak ezkerrera begiratzen du eta aurreratzen da) On Braulio sendalaria dator. Horrelako bat nahiko nuke nik nire alabarentzat.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org