|
Toribio Alzaga. Tantarrantan
VII
Joxpakiña eta Axeria
JOXPAKIÑA Lehen ez genuen buruhausterik, eta hona zer katramila berriekin etorri zaigun txatxu hori. Ezeren itxurarik ez du, gezurra dela ziur nago, eta halere, halako kardaba bat gelditu zait. Kezkaz beterik utzi nau. Eta ezin burutik bota dut. Gizon kaxkar horrek ez daki zer gaitz egin didan. Baina, nik jakingo dut gauza den bezala; eta egunen batean muturretara botako diot. (Baserrira deika) Axeria! Orain ikusiko dugu.
AXERIA (Baserritik atereaz) Zer dugu, Joxpakiña?
JOXPAKIÑA Ez dakizu sendalari ezkailu hori zer enplastorekin etorri zaidan.
AXERIA Diru bila edo halakoren bat.
JOXPAKIÑA Bai, zera. Premio maiorra ez zaigula erori.
AXERIA Hori, ez; zuri, bai.
JOXPAKIÑA Bai, noski; premio maiorra ez omen da zuk esan zenuen numeroarena.
AXERIA Bai, andrea: Hamasei mila…
JOXPAKIÑA Nola?
AXERIA A, ez!: hamar mila… hamar mila bostehun eta hogeita bat.
JOXPAKIÑA Bada, hori okerrekoa omen da.
AXERIA Ez, andrea: zuzenekoa.
JOXPAKIÑA Orain omen da: hamar mila bostehun eta hamabi.
AXERIA Zer daki horrek. Ea, horrek baino hobeto ez duen jakingo Elizondoko Mai Pillipak…
JOXPAKIÑA Bai noski.
AXERIA Donostiako kabanan bi erreal jokatzen ditu-eta, ea…
JOXPAKIÑA Ea, ba…
AXERIA Eta hark garbi asko esan zuen. A! eta paper mutur bat ere ekarri nizun. Galdu ez bada, hor izango duzu nonbait.
JOXPAKIÑA Maindire tartean gordea daukat.
AXERIA Gorde ezazu ba ondo. Badaezpada ere…
JOXPAKIÑA Horrek dio, alegia, Madrilen numeroa gaizki hartu zutela, eta bestea dela saritua.
AXERIA Zer? Hala ez banu hartzen kaniketan bezala? Ez, ez. Zurea da lehenbizikoa; eta lehenbizikoak balio du.
JOXPAKIÑA Hala esan liteke.
AXERIA Eta hala da.
JOXPAKIÑA Baina, zer nahi duzu, kezka handi bat daukat; nahi eta ere burutik ezin bota dudana; eta nahiago nuke berriz joango bazina Mai Pilliparengana.
AXERIA Alferrik dela badakit; baina, nahi baduzu, joango naiz.
JOXPAKIÑA Bai, bai. On Brauliok esan diguna esaiozu; eta ea zer erantzuten dizun.
AXERIA Berehala joango naiz bada.
JOXPAKIÑA Eta, ea lehenbailehen etortzen zaren Zu etorri bitartean kezkaz beterik egongo naiz.
AXERIA Berehala hemen natzaizu. (Atzeko eskuinetik lasterka joaten da).
JOXPAKIÑA Berri on bat ekartzea Jainkoak nahi izan dezala. Sendalari txatxu horrek jarri digun katramila. (Joxpakiña baserrian sartzen da)
|