1.3.3. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Andre Joxepa Tronpeta »  1.3.3. Irudia

Toribio Alzaga. Andre Joxepa Tronpeta

Hirugarren Irudia

III

Lehengoak eta Ixkira. Gero Kirkirra



Hil-Aztiak: (Eskuin aldera ikurtzatuaz) O!

Txagain: Hara! Hara!

Hil-Aztiak: Ararat!

Txagain: Zer da txangurru hori?

Ixkira: (Eskuinetik sartuaz) Txangurrua, ez jauna, Ixkira!

Hil-Aztiak: O!

Txagain: Zorigaiztoko gizona! Zer egin duzu? Sorgin-herriko bake baretsua haustera etorri zara?

Ixkira: Ez jauna, ez!

Txagain: Hemengo isilkakoak aztertzera zatoz?

Ixkira: Ezta ere!

Txagain: Galdua zara! Zure biziak harkaitz tarte hauetan azkena izango du!

Ixkira: Baina, jauna...

Txagain: Zu porrokatu behar zaituen leherti ikaragarria, zure oinetan dardarka dabil!

Ixkira: Hemen!

Txagain: Zu apurtu behar zaituen tximist zigorgarria, zure buru-gainean sortzen ari da!

Ixkira: Non!

Txagain: Zure gorputz atalak porrokatu, zure hezurrak kris-kras-ka xehatu, hauts madarikatuan bihurtu, eta su gorituan ezereztu: horra zure ausarkeriak izango duen saria.

Ixkira: Jauna, entzun biezat jauna. Zera jauna... etorri banaiz jauna...

Txagain: Zorigaiztoko gizona!

Hil-Aztiak: O!

Ixkira: Jauna, badaki, jauna...

Txagain: Galdua zara!

Ixkira: Niri, etortzeko esan didate jauna eta...

Txagain: Horrelako ergelkeria, inork esan dizu bada?

Ixkira: Zera... Pellok...

Txagain: Zer Pello, eta zer porru. Zure azken-ordua iritsi da. Orain, zure gorputz nardagarria, apurtu, xehatu behar da! Orain!

Hil-Aztiak: Orain! Orain!

Ixkira: Pellok esan didala, jauna... Pello serenoak!

Txagain: E!

Ixkira: Bai, jauna... Pello serenoak... Ber-berak jauna. (Txagain eta Hil-aztiak elkarri begiratu ezkutu batzuk egin ondoren, geldialdi txiki bat.)

Txagain: Eta maltzurkeria horretan, isilka eta misilka, Donostian haragi-harrapatzaileen tartetik bezala, Sorgin-herrian sartzen dela uste duzu?

Ixkira: Barkatu, jauna. Sarreran txintxarririk ote zegoen begiratu dut; baina ez dut inondik aurkitu jauna.

Txagain: Eta, atezaina, ez al duzu aurkitu? Haren itzuri ez al zara ibili?

Ixkira: Atezaina? Ezta ikusi ere!

Txagain: Ikusi ere ez? (Hil-aztiei) Ea, atezaina, hona datorrela (Hil-azti bat ezkerretik joaten da) (Ixkirari) Egia ala gezurra den, orain ikusiko da.

Ixkira: Egi-egia, jauna. Atezainak ez al ditugu bada ezagutzen!... Kaian ez da egia; baina, orain Pixepelen ere jarri behar omen dituzte.

(Hil-aztia ezkerretik bihurtzen da. Bere ondoren dator Kilkerra)

Txagain: Hona atezaina...

Ixkira: Oi! Kilkerra!!

Txagain: Kilker arra. Hori da atezain burua.

Ixkira: (Pellok zerbait bazekien.)

Txagain: (Kilkerrari) Gizaseme hau sartzen, ez al duzu ikusi?

Kirkirra: Kri-kri... kri... kri-kri.

Txagain: Zure tokian ez al zeunden?

Kirkirra: Kri... kri... kri-kri-kri-kri... kri.

Txagain: Beraz, gizaseme hau, zuzen etorri da?

Kirkirra: Kri-kri... kri... kri-kri-kri.

Txagain: Ondo da. Joan zintezke.

Kirkirra: Kri-kri... kri-kri. (Agur eginaz, Kilkerra ezkerretik joaten da)

Txagain: (Ixkirari) Une bat gehiago hemen iraungo baduzu, arazketa egin beharko dugu.

Ixkira: Nahi duen bezala, jauna.

Txagain: Jar zaitez bada, hemen erdian, txapela atera, eta isil-isilik egon.

(Ixkirak, agindua egiten du.) (Gero Ixkirari jira emanaz, Txagainek dio:)

In nomine Patrika
Arageako Patrike
Balenziako Grau
Honek sendatu nau


Hil-Aztiak: Rau!

Txagain: In nomine Patrika

Arageako Patrike
Gaztel Sanikot hau
Ekida kosk nahi bau


Hil-Aztiak: Rau!

Txagain: Amaitu da. Txapela jarri, eta zertara etorri zaren, esan.

Ixkira: Badaki, jauna: ni, berrogei urte arte, mutilzahar egon naiz; baina, orduan, Kaxiana, neskatxa zoragarri batek, oso txoratu nau.

Txagain: Ordu onean, txarranpina!

Ixkira: Eta neure harekin sutsuena nengoenean, hona itzuri egin dit. Eta ni, Kaxiana gabe, ezin bizi naiteke. Gauaz, ez dut lorik egiten; egunez berriz, ametsetan nabil. Horrengatik bere bila etorri naiz.

Txagain: Ondo da. Baina, Sorgin-herrian laguntza izango baduzu, zure asmoak, neskatxa horrekin, zuzenak izan beharko dute.

Ixkira: Xuxen-xuxenak, jauna.

Txagain: Ez dugu hemen ontzat ematen gizasemeak emakumea jostailutzat hartzea, haurrak marama bezala: ji eta ja batera eta bestera ibili, eta behin ere erabakide egoki bat hartu ez.

Ixkira: Nik, bai, jauna.

Txagain: Neskatxa hori behar baduzu, zure emazte egiteko beharko duzu.

Ixkira: Bai jauna, bai.

Txagain: Eta gero, elkarren nahitasunean beti bizitzeko.

Ixkira: Horrelaxe da! Berorrek gauzak, oso ederki esaten ditu.

Txagain: Zeruko ganbara batean, han dago zintzilik, urdaiazpiko bat. Elkarrekin behin ere haserrerik izan gabe, eta elkar maitatuaz bizitzen diren senar-emazteentzat da. Eta gizaseme batek ezkontzeko asmoa hartzen duenean urdaiazpiko hura jateko asmoa hartu behar du.

Ixkira: Hori asmo ederra! Urdaiazpikoa, mauka, mauka!

Txagain: Oraindik, urdaiazpiko hartatik ez du inork jan. Oraindik oso-osorik dago!

Ixkira: Ba, Kaxianak eta nik, oso osorik jango dugu: hark kosk eta nik kosk, hark kosk eta nik kosk

Txagain: Horrela dela, gure laguntza izango duzu. (Argi-ontzia aulkian utzi ondoren) Sorgin-herriko aterpe honetan, neskatxa donostiarrak, hiru bakarrik dauzkagu.

Ixkira: Horietako bat izango da bada Kaxiana.

Txagain: Gainerakoak hemendik urruti daude.

Ixkira: Ez, ez: hiru horietako bat izango da.

Txagain: Ondo da. (Hil-aztiei) Erakutsiko al dizkau?

Hil-Aztiak: Rau!

(Hil-aztiak atzeratzen dira)

Txagain: Orain etorriko dira bada.

(Txagain eskuin-atze aldetik joaten da) (Ixkirak alde egin arte laguntzen dio)

Ixkira: Eskerrik asko jauna, eskerrik asko! (Bihurtuaz) Hau gizon atsegina! Hori da gizona, ori!... Baina... egietako gizona ote da gero? Irudi horrekin guziarekin, kaiko neskaren bat ez bada! Onenean, Kaxianaren lagunen bat! Galdetuko ote diot? Horrelako itxuretan agertuta, nork ezagutu bada!













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org