Bertso Berriak Europa’ko Gerrari


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altza'ko bertsolari zaarrak »  Bertso Berriak Europa’ko Gerrari

Antonio Zavala. Alza’ko Bertsolari Zaarrak



Bertso Berriak
(Europa’ko Gerrari)





1
Bertso berri batzuek
kantatzia legez
pentsatu det nerez,
nai izanagatikan
orain ezta errez;
zerbait itzegingo det
Europa’ko gerrez,
egoten bazerate
isillik faborez,
edo bestela esan
naizuten edo ez.
2
Bi urte kunplituta
irugarrenian
ari diranian,
asmo auxe sartu da
nere barrenian;
lenbiziko tiruak
asi ziranian,
Uztako illaren ogei ta
zortzigarrenian,
Austria ta Servia
aurren-aurrenian.


3
Orduan esaten zan:
«Komeni da gerra»,
idia ederra!
makiña bat lekutan
jarri du negarra;
batzuek illagatik
badagola aukera,
alakua seguru
ote dago bera?
arraiskuan gaudenak
ikaratzen gera.
4
Gerra komeni bazan,
orra etorri da,
gogor ari dira
jendia bakandutzen
lautatikan bira;
zer dan ez dakitela
dadukaten ira,
ainbeste milloi gizon
alkarri begira
beste lanikan gabe
kargatu ta tira.


5
Amalau naziyotan
badirade jonak
txarrak eta onak,
batak bestia iltzen
or dabiltza danak;
gerr’au luzerako da
oraindikan, jaunak,
asi errez egin zan,
bukatutzen lanak,
ez bazaizkate aitzen
bibere ta janak.
6
Alemanak Austria’ri
nai ziyon lagundu,
pastela egin du,
len elkar bazekiten,
obrak ezagun du;
frantzesak obe zala
al bazan konpondu,
ez-bayian etziran
luzaro egondu:
gerra deklaratuta
terrenuak kendu.


7
Beñere ez naiz egon
ezer dudatua,
pensatzen au t’ua:
Alemana da oso
gaizki portatua;
zertan ukatu zuben
lengo kontratua?
or daduka Belgica
arras ondatua,
egin etzutelako
aien mandatua.
8
Belgica’tik pasua
nai zuben Paris’a,
joateko arisa,
eman etziyoten da
aserre dabiltza;
ango gobiernuak
ziyona abisa:
pakian utzitzeko
arri bere gisa;
damutu al zitzaion
Holanda’ko itza?


9
Orra lau probintziya
ondatu Belgica’n
nai gabe gerrikan
merezi etzutenak
alako lanikan;
askok eztu aitatzen
aiek diranikan,
ez bajatziagatik
alemanarikan,
disimulatzen dute
baña alperrikan.
10
Lieja eta Amberes,
Brabante ta Namur,
oiek jo zuten lur,
lengo oñian jartzen
ezta oso samur;
emen egiten zaio
gaiztuari agur,
ona kastigatzeko
iñor ezta beldur,
askoren Jaungoikua
alemana da gaur.


11
Bi milla berregun da
berroi ta bi etxe
ondatuak antxe,
ala ere etziran
kontentu ortantxe;
iñork ez daki berriz
zenbat kristau-iltze,
gauza negargarriya
gertatu da auxe
laguntza bearko du
Belgica’k oraintxe.
12
Batzuek lanerako
beste asko preso
alemanak jaso,
gorrotua ziyona
berriz il-erazo;
badira diyotenak
ondo dala oso,
ezaguera degunak
egiyogun kaso,
ango aur koitaruak
daude lastimoso.


13
Naziyo pizkor ortan
sortu dituztenak
len etzituztenak:
aideko ta urpeko
armamentu onak;
«Laister egingo ditu
frantzesaren lanak,
-ala esaten zuten
lenbizitik danak-,
irabaziko dute
gerr’au alemanak! »
14
Inbentorik onenak
Alemanikuak,
ez nolanaikuak,
urpeko submarino
eta aidekuak;
bazituzten kañoiak
berroi ta bikuak,
ejerzituak berriz
fama aundikuak...
kontra etorri zaizka
bere modukuak!


15
Adelantu oiekin
orrenbeste lagun,
esaten zan ordun
ura detenitzeko
korajia nork dun;
jendia berriketan
etzan gutxi jardun:
«Martxuaren seirako
kendu baietz Verdun!»
Oraindik ezta sartu,
eztakigu zer dun!
16
«Frantzesak kastigu au
zeukan bereziya,
ondo mereziya,
bera txarra dalako
ekarraraziya;
ango gobiernua
nola dan masoya...»
Orrekin bukatzen du
askok arrazoya,
an ere ona prankok
eman du biziya!


17
Alemanak oraindik
ez daude etsiyak,
oien potentziyak
Jaungoikoak erabat
eskutik utziyak;
ondatzen ekin dute
urpetik ontziyak,
españolak naikuak
baditu autsiyak,
erreinu ontarako
a ze galantziyak!
18
Mudantzak asi dira
irutara lautik,
gaur askoren autik
ezta beintzat aditzen
len añeko latik;
orain ez dute egin
frantzesaren paltik,
gaizki esan nayian
ingelesakgatik,
jokuan dabiltzala
leku segurutik.


19
Ingelesa nai zuten
iñozotzat utzi,
orrek zeñi eutsi?
gaizkirik esan gabe
askok ezin etsi;
jende ustela zala,
ejerzito gutxi,
egingo ziyotela
senper erakutsi...
saiatzen dira baña
ezin dute autsi!
20
Neronek aditu det
gizon askogandik:
«Ingelesak lan dik,
mokadurik onena
alemanak jan dik!»
Milla metro batzuek
gora juanda andik
Londres’en bota arren
bonbak zepelindik,
ez dute irabazi
gerr’ori oraindik!


21
Naziyoz aundiyena
danetan Rusiya,
asko ikusiya,
ura engañatzeko
idia guziya;
ango gizon-taldia
ezta itxusiya,
lastima dan bezela,
gaizki ikasiya...
onezkero amaikak
eman du biziya!
22
Aleman, Turkiatar,
Austria ta Hungria
eta Bulgaria,
aietatikan ere
baja ubaria;
gerr’au asi zanian
kontari jendia:
«Bi illabete barru
aspertuko dia!»
Bai salsa nai zutenak
juan izan balia!


23
Gerr’ortan onezkero
zenbateko pilla
ote dute illa!
ez bi ta iru bakarrak,
makiña bat milla;
gaizki asten dan lana
bukatutzen zalla,
ezin juan omen dira
erituen billa...
nik desio detena
akaba dedilla!




Europa’ko gerraren bertso auek, ta bai beste guziak ere, egunez nola lanean aritzen baitzan, gauez idatziak dira. Artean Arrues’en beintzat elektrikarik ez baitzan, kandela bat piztuta aritu bear...

Inazia Lazkano zan Joxeren anai baten illoba, Arrues ondoan dagoan Otxoki baserriko alaba, oso bertso-zalea.

Europa’ko gerraren bertsoak jarri zituanean, Inazi oni kopia bat ekarri zion Joxek, bukaeran bertso au jarrita:

Gabaz lan ontan aritutzia
zeñen gauzaren tristi’an!
letra ederrak egiten ditut
begiyak lotan ixtian...
ez nuben uste aguantatzerik,
Inazi, orrenbestian,
ederkiyago jarriko’izkitzut
obek ondo ikastian.




Joxe Garmendia’k idatzi ta Otxoki’ko Inazia Lazkano’ri eskeñitako kopia, baserri ontan gorde zuten, ta, liburu au egiteko, esku artean izana degu. Berari jarraitu diogu bertsoak emen ipintzeko.

Bertso auek, «Imp. Tamayo Hermanos» moldiztegian inprentatu ta zabaldu ziran. Bertso-paper ori, Alza’ko Gazteluene’ko Jose Ramon Erauskin Lujanbio’gandik jasoa degu.

Eskuz-idatzia ta bertso-papera berdin-berdin daude; obetoxeago eskuz-idatzia, bertso-paperak inprenta-utsegite batzuk ditu ta. Bañan utsegite oiek ez dute emen jartzerik merezi.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org