|
Antonio Amundarain. Lore bat loitan
8garren saioa
Lehengoak eta Ana Mari
Ana Mari.- (Elkar joaz.) Jesus! Hauxe da bat-batean...
Simona.- Deabru zaharra da hau.
Ana Mari.- Zer dugu, Simona? Haserre?
Simona.- Utz nazazu nire bidean, isilik eta bakean.
Ana Mari.- Jo-jau! Bertsoak ere bai?
Axentxi.- Bai; horretarakoxe gaude oraintxe.
Simona.- Patarra edanda gaudela uste al duzu?
Ana Mari.- Edan gabekoak hobeak dira... Baina tira, Simona, entzun behar didazu apur-apur bat. Nire alaba Inesek zerbait esan dit. Egia al da?
Simona.- Txoratu al zara, andrea? Nik zer dakit zure alaba zein den eta zer esan duen?
Ana Mari.- Nire alaba zure Karmenen laguna da, eta zerbait jakingo zuen.
Simona.- Ez dakigu bada zer den zer hori.
Pilar.- Bai, bai, Ana Mari, egia da.
Ana Mari.- Egia da beraz! Ai Simona! Asko samintzen gaitu berri honek.
Simona.- Hona hemen berriz beste Jeremias; negar pixka bat egin behar zenuke.
Ana Mari.- Zuk bai egin behar zenukeela; baduzu zergatik.
Simona.- Negarra? Zer dela-eta?
Ana Mari.- Baina, Simona, nork burua berotu dizu?
Simona.- Inork burua berotu beharrik ba al dut, bada, nik? Umea al naiz, bada, ni, egin dezakedan gauza nahi dudanean ez egiteko? Badirudi gaitzen bat datorkiola hortik nire Karmeni.
Axentxi.- Ona baino gehiago, Simona; eta benturaz bere galera.
Simona.- Isilik zaude nahi baduzu; berritsua zu galanta.
Axentxi.- Simona, ez hemen esan horrelako gauzarik, hemen berritsurik ez dago-eta...
Teresa.- Tira, tira; ez dugu hemen muturka hasi behar.
Pilar.- Emakumea, ez zaitezela horrela jar.
Ana Mari.- Ez dakizu zure alabak zer negarrak dauzkan.
Simona.- Negarrak? Petrala handia. Isilduko dut nik harrapatzen badut hor. (Zalapartan alde egingo du).
Axentxi.- Banoa ni ere. (Ihes lasterka).
|