1
Deserri onen samintasunen
erdi-erdian jarririk,
nola zerura begira gabe
bizi liteke gizonik?
Emen lurreko gauza guztiak
utzitzen dute bakarrik,
ez dutelako berak bezela
Jesusengandik animik!
2
Bakardadea!... Izutzen nazu,
ez daukat ezer iņondik!
Gauza guztiak nerekiņ dira,
baņa ni nago bakarrik!
Nere bizia ezin jaso det,
bizirikan nago illik,
amoriorik sentitu gabe
Jesus aztu ezkeroztik!
3
Eziņ gizona bizi liteke
ezpadu amoriorik,
amorioa gabetanikan
gauza denak daude illik.
Amorioa kendu ezkero
ez dago zeruan pozik,
ez eta ere infernuetan
batere sufrimenturik.
4
Amorioa, amorioa,
zeruko txingar gozoa,
txikia nitzan ezkeroztikan
zugana beti nijoa;
zuregatikan ixuritzen zait
pozturik malko tantoa,
mundu ontako gora-beretan
an, biotzean, jaioa!
5
Amorioa, aska nazazu
daukatan korapilloa,
itzal nazazu kupidaturik
nere zizpuru suzkoa.
Jesus da zure asiera ta
Jesus da zure kolkoa,
eraman zazu kolko artara
gure asnase osoa!
6
Zureak gera, Jesus maitea,
eta zu dena gurea,
o parekorik ez dezun gauza,
amoriozko legea!
Ez izutu, ez, gizon gaisoa,
laztan zazu gurutzea,
beti pizturik bere oņean
argi ederra: fedea!
7
Eguzkiaren eguzki onek
diztiatzen dit barrendik,
amorioak erretzen nau ta
nere onak ez du mugik!
Sufritzen detan geiegi edo
pozak naukan txoraturik
ezin det esan! Ez daukat itzik!
Jesus datorkit zerutik!
8
Jesus nerea, Jesus nerea,
nora zatozkit ordea?
Non ikusiko ote zaitut nik,
zeru ta lurren Jabea?
Amorioak kabia dauka
sufrimentuan gordea,
sufritutzen dan gauz arrengatik
esan liteke maitea!
9
Mundu ontako atsegiņa ta
mundu ontako nekia,
dena da miņa, galdutzen badu
amorioak kabia,
zeiņean nola ez dakigula
bizi dan gure bizia,
an dagoelako beti guretzat
Jesus, zerutik jatxia!
10
Ez det ikusten urrez jantzia,
ezta ere indartia,
gizon onore ustel utsetaz
bat bakarrikan gabia;
ez datorkigu, ez, gure Jauna
iņola ere aundia,
baizik aur gaiso, txiki-txikia;
gizona, umil zaitia!
|
11
Jesus guretzat dena egiņik
jaio zitzaigun aurtxoa,
ez da gauza bat aurtxoa baņa
kupidagarriagoa;
estutzen dute eta ez gutxik
nere idurmen gaisoa,
baņan batere ez det ikusten
aurtxoa bezelakoa!
12
Aurra kupitzen pasako nuke
nik nere bizi osoa,
gizon egiņik ezpalioke
Jesusi amorioa,
onek emanik bere penetan
erremedio gozoa,
eta egiņik orain ta gero
beti zorionekoa!
13
Nola nik esan nolakoa dan
Jesusen amorioa,
jaiotzetikan ill arteraņo
guri izandutakoa:
gu salbatzeko pozik iltzera
ez dalarik joatekoa,
beti gurekin gelditu gabe
egiņik Santisimoa?
14
Eta nola nik azalduko det
Jesusen azken pausoa,
ikusten badet, neregatikan
gurutziltzatutakoa,
zerura eskatzen, iltzerakoan,
neretzat barkazioa?
Korde gabea gelditutzen naiz
amorioak itoa!
15
Zerua, lurra eta denbora,
tximistak eta turmoiak,
eguzki, odei eta mendiak
artutzen ditu ikarak.
Izutzen dira. Zer gertatzen da?
Salbatzen dira gizonak!
Onetarako agerturikan
amorioak indarrak!
16
Amorioa, zer zera bada
onen eder ta aundia?
Ez da zure gaņ zeru ta lurrik,
zu zera denen nausia.
Jesusen biotz samur ura naiz,
gizonarentzat guztia;
beti an nauka, jaiotzetikan
iltzeraņo idikia!.
17
O, nere Jesus, on onegia,
biotzen Biotz eztia!
Zu maite gabe bizitzekotan
kendu zadazu bizia;
zu zera nere Salbatzallia,
Aita txit maitagarria,
gurutze santu-santu arretan
amorioak jarria!
18
Beiratzen dizut fedez beterik,
zeruetako bidia!
Lagun zadazu, arren, jasotzen
nere gurutze txikia;
mundura jaio, munduan bizi
eta mundutik joatia
utsa litzake, ez izatekoz
zu ikusteko gloria!
19
Non dira bada eta zertako
emengo gauza guztiak?
Gizon batzuen jakintasunak,
aberatsaren urriak,
eta guzien pozik gabeko
pena ta eraldi tristiak
utsa dira, ta an daramatzi
kearen gisa aiziak!
20
Denak dijoaz beti-betiko
gizona bakar utzirik;
bakardadean arkitzen da ta
gelditzen da erdi illik!
Lurrak ez dio ezer esaten,
oso dago mututurik;
baņan zeruak esaten dio:
Ez galdu amoriorik!.
|