 |
|
 |
 |
Bigarren irudia
II
Lehengoa eta Agustin
(Agustin agertzen da ezker aldeko kaletik, arrantzako otarra galtzarbean duela eta belarrian zigarroa).
|
Inazio Agustin, zer modu?
Agustin Ondo; eta hi?
Inazio Ongi, Jaunari eskerrak.
Agustin Pozkidatzen nauk.
Inazio Zer modu gaurko arrantza?
Agustin Hainbestean, mutil; ibilera luzea izan diagu, baina nekatu arren, zerbait harrapatzen bada, neke eta nahigabe denak ahazten dituk.
Inazio Arrazoi duk.
Agustin Eta zuek nola zarete, ezer ba al zen?
Inazio Bai, suertea izan diagu, txapela bete haizerekin gindoazaan erdi penatuak urrutira, eta uste gabean inguruan sortu zaiguk arraina, eta egin diagu antxeta.
Agustin Baina zer zen, antxeta edo arraina?
Inazio Hi beti iguala, puntuak hartzeko.
Agustin Galtzerdia al haiz, bada, puntuak hartzeko?
Inazio Ba… ba… utz itzak txorakeriak eta goazemak agudo aldatzera.
Agustin Gero nora bilduko gara?
Inazio Praixkuren sagardotegira.
Agustin Ongi zagok! Han zanbulla eta lenta egingo diagu.
Inazio Aizak, Agustin; Txintxoeneko baserrian izugarrizko sagardoa hasi omen duk.
Agustin Bai?
Inazio Bai; eta gainera bolatoki eta leku ederrak omen ditik, lehenago ere baserrian ordu gozoak igaro izan ditiagu.
Agustin Hik bai, baina nik…
Inazio Hik ere bai; beti ni naizen lekuan izaten haiz eta… Mutil; joan behar diagu.
Agustin Urruti egongo duk; eta gero erremolkean etorri beharko diagu.
Inazio Enkallo geratzen bahaiz, botako dizkiat amarrak.
Agustin Hamaikak ez al dira hobeak?
Inazio Goazemak, atzandela izango duk eta…
Agustin Baina Inazio patroia! Hik sagardoarengatik edo gonadunarengatik nahi duk joan?
Inazio Hi bezalako mutilzahar zelosoari egia esan behar zaiok bai, eta… joaten nauk biongatik.
Agustin Ni, berriz, gonadunen ondora ez joateagatik, itzuliko nindukek, itsas zabalera edo arroka tartera, nahiz gilaz gora gelditu.
Inazio Bai esan… paper asko egin, baina gero kupel ondora, atrakatu eta fondo bertan.
Agustin Hi bai, aingurak bota eta egoten haizela.
Inazio Bai, kupelari kontu egiteagatik.
Agustin Edo neskari kontu hartzeagatik.
Inazio Eta hi?
Agustin Ni…? begira iezaiok, Inazio, esan diat mila bider mutilzahar geratuko naizela, eta hala geldituko nauk.
Inazio Ezkontzen ez haizen bitartean.
Agustin (Presaka) Baita ezkonduta ere.
Inazio Zer, zer?
Agustin Ez, halere ez banu hartzen, bizi naizen bitartean nahi nian esan.
Inazio Denbora izango duk testigu, eta ni ere bai.
Agustin Bai horixe; orain goazemak aldatzera eta gero hitz egingo diagu.
Inazio Bai, hala duk, goazen orain… Gero hona bertara bilduko gaituk.
Agustin Hik etxea hemen daukak; ni banoak nire etxera hemendik barrena.
Inazio Hemendik barrena ez, hemendik kanpora.
Agustin Bai, hala duk.
Inazio Adio, Agustin, gero arte.
(Honetan azaltzen da Maria buruan otarra eta marmita zapi zuri tartean ageri duela. Agustin ondotik sartzen da belarriko zigarroa piztuaz.)
Maria Egun on Jainkoak dizula. (azalduaz)
Agustin Egun on zuri ere. Noan hemendik agudo aldatzera (joaten da)
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |