Karobia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ayerbe Bartolo »  Nere mundualdia »  Karobia

Bartolo Ayerbe

KAROBIA



Gero beste lantegia, danetan txarrena, karobia preparatzea. Ura bai zala lantegi txarra, ta luzea gaiñera.

Urte pare bat edo iru aurretik, asten ziran preparatzen ura egiteko. An, inguru aietan, ez zan karaitzik, karea egiteko arririk, eta oso urrutitik ekarri bear zan, Txindoki’ko ondotik. Eta asko ekarri bear, karobi bat betetzeko.

Jakiña, auzoak alkarri lagundu egin bear. Bestela, pamili batek ezin egin ainbeste lan astun, eta ala egiten zuten, bai pertsonaz ta bai ganaduz. Alare, orduko jendeak eta ganaduak pagatzen zuten ederki.


Okerrena, arri ekartzea zan. Eta gero, izugarrizko egur-pillak bear izaten ziran. Negu pare bat bear aiek inguratzen karobi ingurura, eta askotan gutxitxo igual atera.

Pilla izugarriak bear izaten ziran arri-pilla ura ondo egosteko, ainbesteko arri-pilla. Arria egosi egin bear izaten baita suaren poderioz. Eta pentsa: iru egun eta iru gau bear gutxienez, ondo aterako bazan. Ernan, eman suari gelditu gabe! Bi lagun aritu bear txandatuz.

Eta jende asko bear izaten zan. Inguruko basarritar geienak txandaka karobia zan etxera, batzuek gau erdi arte ta orduan txandatu, besteak goizean eta besteak eguardian edo arratsaldean. Danentzat naiko zer egiña.

Nik karobi gutxi ezagutu nituan. lruren bat edo lau. Etxean bat eta auzoan beste iru edo lau. Baiña lan gogoangarriak benetan. Orduan egiten ziren nekeak basarritarren artean!

Orain ere karea badabil paraje auetan. Baiña orduan baiño errezago egingo al da nolabait ere.

Lan gogorra ta arrisku aundiko lana karobi baten lana. Ondo egosi ta dana kare egiten bazan, kare asko ematen zuan karobi batek.

Baiña, gure aurrekoak esaten zutenez, bai desgusto ederrak eman ere. Ustez karobia egosi ta gero, erdia igual arria atera ostera ta ezin ezer egin. Pena galantak pasa bear, ainbeste lan egin da gero.

Len, denbora batean, kare geiago egingo zan. Guk karobi-zulo asko ezagutu genduan beintzat.

Karea oso ondo etortzen zan lur zeken aientzat, piska bat gozatzeko.

Karobia nolakoa zan zertxobait jarri det. Karobi-zuloa zan edo da. Oraindik ere badira zuloak. Gure etxeko terrenoetan bada beintzat bat, oso urruti gabe.

Toki aldapan edo koska aundi batean, tupa-arria zan tokietan, arria basea zan
tokietan, zulo izugarria egin bear. Danak igualtsuak. Nik ikusitakoak ala ziran beintzat.

Zuloa biribilla, eltze baten formakoa, eta beko aldetik leio bat sua egiteko, gizona sartu ta atera egiteko aiñakoa. Ez oso aundia ere. Aurreko aldean zabalune aundia izaten zuten.

Gero, kargatzeko, gizon bat artarako izaten zan. Nik bat bakarra ezagutu nuan. Ura ibiltzen zan bakarrik garai aietan. Artarako asko ikusia ta asko jakiña bear zuan izan, eta ala zan gjzon ura, errespeto izugarrizkoa benetan.

Lenbizi, arkua atera bear zion, tunel baten gisan. Sua egiteko tokia, azpitik toki aundia. Baiña morterorik gabe, arri utsarekin. Ura inportantzi aundiko lana zan karobi batentzat. Aren gaiñean, kargatu bear zuan gero karobi dana. Gizon arek bazuan meriturik asko, nere ustez. Dana kargatzean, erriko apaiz jauna joaten zan bedeinkatzera, sua eman aurretik, eta erri guztiak jakiten zuan noski.

Erriak zagi bat ardo ematen ziola esaten zuten kaiobi-jabeari. Ez zan, egun da gau, ardorik paltatzen. Lan artarako zerbaiten bearra ere bai. Gero asko edan gabe ibiltzen bagiñan ere, orduan igual geitxo ere batzuek, tamalez. Baiña beti izaten ziran tartean orduan ere, beti bezela.

Karobia egosi ta gero, sua itzali, ta ondorengo egun batzuetan bere artan egoten zan karobia. Baiña oztutzen danean, azpiko arku ura erori egiten zaio ta orduan asi bear karea ateratzen, soroetara eramate ko.

Oso lantegi txarra ura ere. Beko ataka artatik atera bear dana. Palaz gurdira bota eta sorora eraman da zabaldu. Deskuidoan aize piska bat bazan, ezin abantatu luzaro, eta txandatu egin bear maiz, iñor baldin bazan beintzat lagunik.

Gure aurrekoak, zenbat eta azkarren botatzea nai izaten zuten. Kare egin berria askoz obeagoa zala, eta lurrak prest eduki alde aurrez, iñondik al bazan beintzat.












     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org