Nere kezkak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ayerbe Joxe »  Nere kezkak

Joxe Ayerbe

Nere kezkak



IKASTOLAK sortu ziranetik asita, nere kezkarik aundienetako bat EUSKERA’ren egoera eta etorkizuna izan da.

Nere kezka eta ardura, bear bada, geiegizkoa izango zan; eta, askotan, neure buruari: "Ez adi ainbeste kezkatu, Joxe; saiatu aiz, eta egin ere bai egin dek zerbait bere alde, eta kontzientzia
lasai edukitzeko moduan ago” esanagatik, asko sufritua naiz eta oraindik ere sufritzen jarraitzen det.

Ori asko ez dala, ez nuke ala nai, baiña zenbait unetan naiko ezkor ere sentitzen det nere burua, EUSKERA’ren etorkizunari dagokionez. Laister datorren bertso sailla da orren lekuko.


1
Erri bakoitzak bere izkuntza
eta gurea EUSKEKA,
Euskalerria izeneko lur
onetan bizi bait gera.
Beste guztiengandik bereizten
gaitun izkuntza da bera,
paregabeko altxorra dala
konturatutzen al gera?
2
Izkuntza aberats, gozo ta garbi
baten jabeak izanik,
arro egoteko ainbat motibo
badaukagula uste nik.
Baiña gauz gutxi dira EUSKERA’k
ainbat kezkatzen nauenik,
ez bait det uste gutako askok
benetan maite degunik.


3
Bularra emanez ama gurea
euskeraz zitzaigun mintza,
ain maitekiro erakutsia
aaztuta ez al gabiltza?
Seme-alabon kontzientzia
benetakoa balitza,
Ama bezela maitatu bear
genduke gure izkuntza.
4
Alde ortatik kontzientziko
kargarik nigan ez dago,
seme bezela Ama maitatu
dudalakoan bait nago.
Baiña erantzun eziñezkoa
zaidan galdera or dago:
EUSKERA ala AMA, bietan,
zein maite dudan geiago?


5
Bearrezkoa dala pentsatuz
izkuntza landu ere bai,
gaur egun banaiz zerbait idatzi
eta irakurtzeko gai.
Nik errespeto aundia diot
erabiltzeko nolanai,
askotxo, berriz, zabarkeriaz
galdu ta alare lasai.
6
Bada dionik: “gure izkuntza
asko ari da indartzen”,
naiago nuke orrela balitz
baiña etzait iruditzen.
Nik esan bear banu dijoa
narrasten eta gutxitzen,
senti dedana esan bearrak
ez nau gutxi naigabetzen.


7
EUSKERA’k ere, izkuntza danez,
badu arau ta legerik,
ez sartu, beraz, ez dagokion
itz arrotz eta joskerik.
Naiko aberats bada izatez
ez du bear naasketarik,
orrekin ez da egiten auldu
eta narrastu besterik.
8
EUSKERA arloan gutxi dakina
naizela edonork daki,
baiña badakit zer dagon ondo,
badakit zer dagon gaizki.
Irakurri ta entzuten degu
aldrebeskeri galanki,
zenbait unetan naiago nuke
dakidana ez baneki.


9
Bide onetik ez goazela
nola ez eman tankera?
Obe litzake aal dan azkarren
egingo balitz aukera.
Bestela gure izkuntzarentzat
izugarrizko galera,
gero berandu izan liteke,
kontuak orain atera.
10
Askok esango dute, agian,
gogor itzegin detela,
arrazoi gabe kezkati eta
ezkor aurkitzen naizela.
Zer egingo det nik arazoa
ikusten badet orrela?
Benetan diot: obe ez balira
gauzak nik uste bezela.








     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org