08. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Aldiz, aldiz »  08. Irudia

VIII. IRUDIA



KRISTOBAL ETA LEONTXIO



Kristobal Nori egiten zenizkion keinu horiek?

Leontxio Hor aurreko neskatxa gazte bati.

Kristobal Zeini, zeini?

Leontxio Sudurpolitareneko Roxitari.

Kristobal E?... bai al duzu harekin zer ikusirik?

Leontxio Nik? nola ez, nire andregaia da eta.

Kristobal Zure andregaia? Noiztik?

Leontxio Orain dela (zenbat esango dut?) zazpi urte ezkero.

Kristobal Ez da hori egia.

Leontxio Zazpi urte ez dira ez; izango dira bederatzi; nolatan ez! hasi ginenean neska gazte-gaztea zen eta orain ia-ia zahartu da eta.

Kristobal Ez bada, oraindik ondo sasoikoa eta ederra dago.

Leontxio Bai, bai, bakailao zahar beratu gabea dirudi.

Kristobal Ez da hori egia!

Leontxio Zer da bada?

Kristobal Gezurra!

Leontxio (Oso mamitsu.) Eta zuri zer zaizu?

Kristobal Niri? ezer ez...

Leontxio Uste nuen bada.

Kristobal Bai zera! (ernegatzen nau ni honek)

Leontxio Baina orain aspertu naiz.

Kristobal Izan ere, aspertzeko garaia bada horrenbeste luzatuz gero. Utzi egin behar zenuke.

Leontxio Lau bider utzi dut eta beste hainbeste aldiz etorri zait negarrez nirekin ezkondu nahi duela esatera.

Kristobal Maitasun handia diozu.

Leontxio Hainbestekoa non ni ez bezalako asko utzi dituen barregarri. Orain bertan indiano bat, berrogei mila pesoko etxea egiten ari dena.

Kristobal (Oso larri.) Egia da hori?

Leontxio Bai gizona, izena ere badakit eta esango dizut nahi baduzu. (Berea, ea zerraldo erortzen den.)

Kristobal Ez esan, ez; (ni ote naiz? hau larria!...) zein da hau?

Leontxio Ai Roxita, Roxita!

Kristobal Gaizki egiten duzu, bada, neska horrela edukitzea eta utzi egin behar zenuke.

Leontxio Bai, ez naiz horien artean sartuko. A zer bi, ama-alabak! Bat sorgina bada, besteak infernuko etxekoandrea dirudi bere bizar eta guzti.

Kristobal (Sutzen nau lotsagabe honek.)

Leontxio Ahozabalak, berritsuak, sorginak.

Kristobal (Indarrekin.) Ez da egia!!

Leontxio Zer da, bada?

Kristobal Gezurra!!!

Leontxio Eta zuri zer zaizu?

Kristobal Niri... ezer ez... aja, ja, ja!

Leontxio Badirudi bada... aja, ja, ja!

Kristobal Zu gizona, mutila edo zarena: gaizki egiten duzu honela inorengatik jardutea.

Leontxio (Nik honi Madrilera joateko dirua zarpatu behar diot.) Bai, arrazoi duzu, neronek ezagutzen dut; baina zer egin ez jakinak jartzen nau buruhauste handian. Bi bide bakarrak ikusten ditut zabalduak: Ez egitekoren bat egin edo urrutira joan, gehiago bere berririk jakingo ez dudan lekura. (Geldituko da buruari helduaz.)

Kristobal (Eroa dago, zerbait gaiztakeria egingo du. Ai Roxita! Ai Kristobal!)

Leontxio Aurreneko buruzpiderako hau nahikoa dut. (Mahai gainetik zapatagilearen labana hartuaz.)

Kristobal Ez, gizona, ez, bigarrena duzu errazena, urrutira joatea, Ameriketara edo...

Leontxio Pozik hara, baina nola? Ardit bat ez badut?

Kristobal Gizona, aurkituko duzu. Ez da gaur asko behar; mila bat pezetarekin asko duzu.

Leontxio Mila pezeta, ez ditut eta ez ditut izango... berak ematen ez badizkit eskatu dizkiodan bezala. (Joanaz ate aldera.)

Kristobal Nora zoaz?

Leontxio Beragana; eguerdia da, eta ordu honetarako zain egoteko esana daukat.

Kristobal (Eta presisamente nik ere bai.) Jauna, jauna zer gertatu behar du?

Leontxio Agur.

Kristobal Zaude, zaude.

Leontxio Zertako?

Kristobal (Kristobal, Roxitagatik eman ezak...) Nahi dituzu mila pezeta Ameriketara berehala joateko?

Leontxio Nork emanda?

Kristobal Nik.

Leontxio Ez, nahiago dizkiot berari kendu, eta ez badizkit ematen... jas!

Kristobal Ai Roxita, Roxita!... Tori, tori... (nire etxeko langileentzat neramana).

Leontxio (Botako du labana lurrera eta hartuko du dirua.) Ekarzu bada, eskerrik asko. Lagundu nazazu trenbidera, han azkeneko besarkada eman diezazudan.

Kristobal Ez, zoaz bakarrik. Eujenioren zain gelditu behar dut.

Leontxio Gizon bulartsua! zure izena?

Kristobal Ernialdetar Kristobal. Eta zurea?

Leontxio Aizgorritar Leontxio. (Elkarri esku emanaz.) Kristobal, eskerrik asko... Roxita, betiko agur!!





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org