 |
|
 |
 |
|
XII. IRUDIA
KRISTOBAL, GERO LEONTXIO
Kristobal
Ez dut nik barre handirik egiten. Ai jauna! Hau eguna sortu zait niri gaur! Non dira nire gaur goizeko apainketak!, nire ur usaindunez busti eta erreten zuzena ateratzeak! (Entzungo da kaletik)
Leontxio
(Barrendik) Eujenio!
Kristobal
E? zapatagilearentzat ote da? Eseri nadin badaezpada ere eta ea nola egiten dudan haren papera. (Eseriko da mahai aurreko aulkian ateari atzea emanaz, baina egingo du antsi bat eta altxatuko da bizkor.) Ai! zer dago hemen? Zoru-erdi bat iltzez josia! arranoa! hau ere nire kaltez. (Hartu eta botako du harrika Leontxio ate aurrean jartzen den garai berean eta joko du aurpegian.)
Leontxio
Ai!
Kristobal
Norbait jo dut, gaur ni hil egingo naute.
Leontxio
Erotu egin al da hau?
Kristobal
(Eseriko da eta hasiko da laneko antzera; ikusirik ingurura datorkiola ekingo dio “Ni bekataria...” esateari.) Badator, badator... Ni bekataria konfesatzen natzaio Jainko guztiz ahaldunari... nire kulpaz... nire kulpaz... (Bitarte honetan aurreratuko da Leontxio eta botako dio zoru zaharra burura.)
Leontxio
Oi, lanari eraso dio. Eta ni bazkaltzeko honen zain. Aterako dizkizut nik kaikukeriak.
Kristobal
(Ikaraz beterik altxa eta joango da eskuinetako hormara eta han norbaitekin ari balitz bezala hasiko da eskuan dituen mailu eta zapatarekin keinadaka.) Ai, ai, ai!... laga niri! alde, alde hemendik!... bestela hilko zaitut... tori, tori... (Gelditu eta isildu eta jarriko da horma aldera begira Leontxiori bizkarra emanaz.)
Leontxio
Buru hori ez daukak ondo!
Kristobal
Zer zaizu zuri nire buruarengatik. Oi! Leontxio da! (Ezkutatuko du aurpegia esku artean, beti hormari begira. Etorriko da Leontxio eta ikusirik alferrik dabilela aurpegia ikusi nahian, heldu eta aterako dio txapela eta joko du ukabilarekin buru gainean.) Kaikua! zer uste duzu dela nire burua?
Leontxio
Oi! Kristobal al zera? (Lehen bezala ukabilaz joaz.) Katuari bezala desmaio frantsesak heldu zizula uste nuen.
Kristobal
Astoa! Egongo al zara geldirik?
Leontxio
Hori da meloia duzuna!
Kristobal
Eta zuri zer zaizu?
Leontxio
Tifusen batekin galde al duzu ilea?
Kristobal
Ez... trankazo batekin.
Leontxio
Orain?
Kristobal
Ez... aspaldi; Ameriketan.
Leontxio
Ameriketan? Orduan bat ere ez noa. Ez dut nik tipula bezalako burua izan nahi.
Kristobal
Arrazoi duzu, hobe duzu gelditu. Ekar iezazkidazu mila pezetak.
Leontxio
Mila pezeta? Zeinenak?
Kristobal
Nireak, nik eman dizkizudanak.
Leontxio
Eman badizkidazu, ez dira orduan zureak.
Kristobal
Bai, baina...
Leontxio
Zer baina? nire gauzen jabe ni naiz, eta ez didazu zuk erakutsiko berekin zer egin behar dudan.
Kristobal
Lotsagabe tzarra. Ostu egin didazu, ekarzu nirea.
Leontxio
Nik, aja, ja, ja...!
Kristobal
Ekarzu, ekarzu.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |