 |
|
 |
 |
Laugarren Agerraldia.
Lehengoak eta Serapio
|
Serapio (Dotorea, ongi jantzia, tentea, goanteak jantziak dakartza. Inori ez dio eskurik ematen). Barkatu hots egin gabe sartu banaiz. Atea irekia zegoen eta...
Eulali Atea irekia?
Karmen Gora joan denean Luisak utziko zuen.
Eulali A! egia! Ondo egin duzu; osabaren etxea zurea dela badakizu.
Serapio Eskerrik asko, izeba. Karmentxo, bart ezkero nola?
Karmen Ongi, eta zu?
Serapio (eseriaz) Ez zu bezain ongi. Berandu oheratu eta goiz jaiki, lan asko eta lo gutxi, ez da bat ere alai egoteko modua.
Eulali Gaixo asko al dauzkazu?
Serapio Bolada honetan bai, baina bat badaukat, atso zahar bat, beti bere ondoan egotea nahiko lukeena. Gaur ordu bietan ez dit, bada, hots egin! Bihotzak noizean behin tak, tak egiten ziola, eta gehiago gabe deitu dit. Zoaz ohea utzita atso haren txorakeriak entzutera.
Karmen Eta, zer agindu diozu?
Serapio Ezer ez, ni ikusi hutsarekin sendatu da eta.
Eulali Aberatsa al da?
Serapio Txit.
Eulali Lastima, gaztea ez dela, bestela zer edo zer egiteko gaian zinateke.
Serapio Ni harekin? Ez, harena gauza bat bakarra hartuko nuke... dirua. Sinistu biezat, izeba, gaur ordu bietako deia pagatu behar dit.
Eulali Dagoeneko diru gosean zara?
Serapio Dagoeneko? Zer egin dut bada hogeita zazpi urtean gastatu besterik? Garaia da irabazteko, eta irabaziko dut. Batean edo bestean saiatuko naiz nire izena ezaguna izan dadin, eta lana sortu diezadan. Aberastu nahi dut.
Eulali Lan asko eginaz, gaixo asko sendatuaz, ez da bide txarra.
Serapio Baina gaitza. Lantegi honetan asko gara dirua erruz irabazteko. Ez dut atzena gelditu nahi, denen aurrean jarri nahi dut.
Eulali Gauza bazara, aurreratuko duzu.
Serapio Gauza diren asko atzean gelditzen dira. Ez da aski jakitea, dakiela ere erakutsi egin behar da, eta oraindik gehiago, hitz eginarazi.
Eulali Eta zuk?
Serapio Eginaraziko dut. Bigarren idaztitxoa argitaratu dut. (Patrikatik atereaz).
Karmen Lehengo gai berean?
Serapio Berean. Nire ustez hori da gairik onena, beldur gehiena ematen duena, orain gehiena aitatzen dena, tuberkulosia! tisia! gaitz epela! biriketako gaitza! zuk, zuk aberastu behar nauzu! Gaitz horren izaerak, hasierak eta gorabeherak ondo ikasi ditut. Koch mikrobioaren ahalmena; gure gorputzean sartu, ernatu eta hazteko; eta zer egin behar dugun ez kutsatzeko, hori da nire bigarren lana.
Eulali Karmen, lehengusu bizia sortu zaizu hau.
Karmen Hala dirudi.
Serapio Patxik adina diru banu, ez nintzake horrenbeste saiatuko.
Eulali Nola? jakintasuna eta dohain guztiak uste al duzu eman dizkizula Jaungoikoak dirua bakarrik egiteko?
Serapio Ez, lana bide on eta zuzenez ahal den gehiena egiteko; baina sinistu biezat izeba, azkar aspertzen gara akuilu zorrotz horrek zulatzen ez bagaitu.
Eulali Ez du beti diruak ekartzen ontasuna.
Serapio Baina ontasunerako laguntzaile handia da.
Karmen Ezta jakintasuna ere. Ez litzateke, bestela, Patxi horren kirtena. Bart antzokian ernegatu ninduen.
Eulali Borondate handikoa da, bada.
Karmen Bai, baina, trakets hutsa. Automobilak, zaldiak, zakurrak, horiek dira beti bere hitz gaiak. Zoro-zoro barre egin, nolanahi buila atera eta kito.
Eulali Diru asko du ordea.
Karmen Eta, zer? Ni ere ez naiz esku hutsik jaioa, baina ez dit galarazi behar dena ikasteko, eta hizketan jakiteko.
Serapio Karmentxo, zu bezalakoak gutxi dira.
Karmen Ez naiz bakarra.
Serapio Zure aitari gustatzen zaio, bada, Patxi.
Karmen Bere antzekoa delako.
Eulali Ez dakit horrengatik edo bere lagun handiaren semea delako, baina...
Serapio A, dirua! dirua! Hori da, bai etxe eta bai bihotz askotako ateak irekitzen dituen giltza.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |