|
Abelino Barriola. Lagun txar bat
III
Aitona eta Anjel
ANJEL ( Besapean otarra, zira, kulubixak ). Arratsalde on.
AITONA JOXEPE Hi al aiz, Anjel?
ANJEL Bai patroiaren tresnekin. Itsasoa dakar, eta baporea ondo amarratzen gelditu da.
AITONA JOXEPE Asko ekarri al duzue?
ANJEL Gutxi, hamar bat arroa.
AITONA JOXEPE Bertan al zineten?
ANJEL Barrengo kalan. Bi gizon falta genituen, makinista ere erdipurdi zegoen, eta patroiak ez du urrutiko kalara joan nahi izan.
AITONA JOXEPE Urterokoa; ibili nolanahi hiru egun horietan eta hausterre egunean buru txarra.
ANJEL ( Samin eta buruari helduaz ). Aitona Joxepe...
AITONA JOXEPE Zer duk?... hik ere buruari eusten al diok?
ANJEL ...Nik ezin nezake gehiago...
AITONA JOXEPE Orain ere Mikelaren konturen bat al duk?
ANJEL Bai; barrez hor gelditu da, eta arranoa! bere laguna ere bai... Aitona sinistu iezadazu, eta Karlotarekin ibiltzen den bitartean horrela izango da... okerrago jartzen ez bada.
AITONA JOXEPE Karlotarekin al zen orain ere?
ANJEL Beti elkarrekin dira; eta aitona, jardun batzuk ari dira neska horrezaz! hau dela, hura dela, hau duela, hura duela; nik ez dakit, baina zerbait esan liteke. Aspaldian inongo sotoan ez du lanik egiten, eta hor dabil apainduta, gure artean egoki ez den bezala.
AITONA JOXEPE Eta nire biloba, horrekin...
ANJEL Beti.
AITONA JOXEPE Anjel: hik esan al diok ezer?... nahiko hukeenik berarekin ibili... maite duala edo...
ANJEL Esan?... hori ez da esan beharrik... eta gainera uzten al du? beti han badauka zirikatzeko laguna.
AITONA JOXEPE Nik esango zioat.
ANJEL Baina, aitona, ez nuke nik beren barregarri gelditu nahi.
AITONA JOXEPE Ez, ezagutzen diat Mikela nire biloba, eta asko nahi zioat, hiri ere bai... eta jakingo diat zer egin.
Bitor zetorrek, bazkaria ateratzera noak.
ANJEL Banoa orduan, aitona; agur.
AITONA JOXEPE Agur, Anjel.
|