1. 6. irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Lagun txar bat »  1. 6. irudia

Abelino Barriola. Lagun txar bat

SEIGARREN IRUDIA



VI

Mikela eta Karlota



Irtengo da aurrena Karlota. Gero Mikela eta hitzaldia egiten duten bitartean jantziko da, eta ispilu baten aurrean orraztu .



KARLOTA ( Agertuaz ). Joan dun.

MIKELA Bazinan ordu. Ia ikaratu nindunan. Bart bailean ginela jakin ote du?

KARLOTA Nork esanda, orain itsasotik badator?

MIKELA Ez zekinat; amak bakarrik zekin, eta hark agindu zinan ez ziola hitzik esango.

KARLOTA Eta esanda ere, zer? horrenbesteko bekatua al da baile batean izatea?

MIKELA Ez zekinat; baina alde egin ez bagenuen sermoia gainean ninan. Egundaino ez dinat ikusi nire aita horrelako aurpegi ilunarekin.

KARLOTA Garizuman nola sartu garen...

MIKELA Izan ere, gaur hausterre, hautsa hartzeko eguna. Txiki-txikitandik joaten nindunan nire aitonarekin goiz honetan elizara. Meza entzun ondoren aldare aurrean belaunikaturik hartzen geninan biek kopeta gainean hautsa, entzunaz apaizaren ahotik, eta gero bide guztian nire aiton gizajoaren ezpainetatik: “hautsa gaitun, hautsa izango gaitun, eta hauts bihurtuko gaitun”. Elizatik irten eta amari erakustera joan arteko bakerik ez ninan izaten ukitu ere egin gabe jarritako lekutik. ( Oldozkor ). Hori inoiz... gaur...

KARLOTA Guk hartu dinagu gaur.

MIKELA Zuek? noiz?

KARLOTA Seietan etxera gatozela gogoratu zaien mutilei elizan sartzea, eta nola orduantxe ematen ari zituan, denok hartu dinagu.

Guk egin ditugun barreak!

MIKELA Ni ez nindunan joango.

KARLOTA Zergatik ez? zer uste dun hik dela Eliza, zer apaizak, zer horien berriketak, zer hango hautsa?

MIKELA Bai, bazekinat, baina ez nindunan sartuko.

KARLOTA Ezagun dun oraindik kezka guztiak ez ditunala bota. Bonik kenduko dizkin burutik.

MIKELA Bonik! Niretzat ote zagon?

KARLOTA Nolatan ez? Hire amari ere esan ez zion, bada, maite hauela, eta hirekin ibiltzen uzteko?

MIKELA Joango ote dira gaur arratsaldean?

KARLOTA Honezkero han ditun.

MIKELA Ni ere oraintxe pronto naun bada, baina ez zeukanat bat ere pozik joateko. Iruditzen zait ez direla gure erakoak, eta haien gureganako maitasuna ez dela benetakoa. Aitonak dioena: lehen ere gure antzeko neska asko horrelakoekin ibili arren, gutxi edo inor ez dela ezkondu..., eta bai asko galdu.

KARLOTA Galdu, aja! ja! ja! Hiri oraindik Anjel gogoratzen zain.

MIKELA Ez zekinat, baina ez dun senargai okerra. Txarragoak makinatxok hartzen ditizten.

KARLOTA Bai, eta hor zebiltzan txarroan olio gutxi eta sudurretan nahikoa dutela. Gaur zerbait den neskak ez din ezkondu behar... horrelakoekin behinik behin.

MIKELA Horrelakoekin? Zer besterik zagon, bada, guretzat?

KARLOTA Boni; txorakeria horiekin galtzen ez badun. Hire lekuan besteren bat aurkituko balitz, ibiliko luken gorputz eta arimaz nondik poz eta atsegina emango liokeen, eta hi, itzuri eta bihurri habil hire gogo epela agertuaz. Betiko hire ongi izatea herorren gain zagon, eta ez dun ikusi nahi. Zoriona hire atzetik zabilen, baina zinezko zoriona, diruak eta handizkiek ematen duena, ez arrastakako eta arlotetasunezko biziera errukarriak ematen duela esaten duten zorion argal hura... aja... ja, ja!

MIKELA Goazeman.

KARLOTA Abenikorik ba al dun?

MIKELA Bai, gordea zeukanat.

KARLOTA Har ezak bada, ni ere bila noan etxera. Itxoingo naun pitin bat behean.

MIKELA Hoa; bitartean hauek jasoko ditinat.

KARLOTA Berehala naun ni behean.

MIKELA Baita ni ere.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org