|
Abelino Barriola. Lagun txar bat
V
Lehengoak, Pako. Gero Mutila
PAKO Hau egarria, eta logalea!... a... a a! ( ahoa zabalduaz ).
BONI Pako dator, goazen.
PAKO Zer, oraindik hemen? Karlota han dabil dantzan puskatzen; hori zalaparta dago!
BONI Orain goaz gu.
PAKO Mikela, esanak esan, nik gaur zurekin dantza behar dudala.
MIKELA ( Pakoren laguntza aurkitu nahian ) goazen bada orduan... zatoz, bion erdian joango naiz.
PAKO Zaude pixka bat, edandakoan.
BONI ( Haserre antzean ) Gero arte.
MIKELA Itxoin diezaiogun, berehala dator.
BONI ( Zakar ) Ez, goazen.
MIKELA Zain gelditzen naiz.
PAKO Bai, panpoxa, agur. ( musu boteaz ).
( joaten dira biak ezkerretatik ) ez dakit zer daukadan nik barren honetan honelako egarria izateko.
Ez dut bada bakailao gordinik edo sardina zaharrik jan ( txalo joaz ).
MUTILA Zer doa?
PAKO Ekar iezadazu limonada bat.
MUTILA Txikia ala handia?
PAKO Handia.
MUTILA Berehala; jai biharamuna izan, ezagun da, bai.
PAKO Azkar ibili.
MUTILA Banator airean.
PAKO Edan eta edan, eta alferrik, beti aho-lehorra.
|