2. 6. irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Lagun txar bat »  2. 6. irudia

Abelino Barriola. Lagun txar bat

SEIGARREN IRUDIA



VI

Pako, Aitona, Anjel eta Mutila





ANJEL Iritsi gara. Hemen izango da.

AITONA JOXEPE Jaunak entzun diala eta baita niri ere. Neska gureganatuko ote dugu? Non gara? zer da etxe handi hori, zubi haiek, putzu horretan dagoen txalupa hori? Zer jende horien jolasak, musikak?... berriro inauterira al goaz?...

Anjel, non gaituk?

ANJEL Esan dizut bada. Martutenen gara.

AITONA JOXEPE Martutene ezagutzen diat, baina ez duk hau. Askotan izan nauk Martutenen baina hemen ez. Sagardoa edatera etortzen ninduan... ez hona... hona ez... Katalintxo, Lasunene, Aingelu, Tolozar... non dira?... nora eraman dituzte hemengo baserriak...?

ANJEL ( Eskuinetara begira ) Beste alderdian dira... begira ezazu, horra hor non dauden.

AITONA JOXEPE Egia, ikusten ditiat. Lagunarte ederrak igarotako lekuak, baita ere ekarritako merienda familiarekin janaz... Urte asko ez dela, nire alaba eta bilobatxoarekin izan ninduan hemen, ez... hemen ez... hor... eta sagardo gozoa edanaz igaro genian arratsalde osoa jolas ederrean.

Mikela ez zuan gelditu batera eta bestera mitxirrika-mariposen atzetik.

Masustak bilatzen, mendi-marrubiak biltzen, eta aitona eroturik gora eta behera hura zaintzen.

Etzanda ere saio handi bat egin genian kirkirrak harrapatzen...

Zoragarrizko egunak, joan zirenak eta gehiago etorriko ez direnak...! ( esertzen da mahai baten aurrean ).

ANJEL Oroimen handiko lekuak dituzu hauek.

MUTILA Zer behar duzue?

ANJEL Ezer ez.

MUTILA Zertan zaudete, bada, mahaian?

ANJEL Nekatua dator-eta.

MUTILA Tranbian etortzea zenuten... ( Pako dago lotan. Irekiko du Mutilak limonada botila eta gero esnatuko du Pako ). Hona limonada...! entzun! hona hemen limonada...

PAKO Zer... zer?

MUTILA Limonada... lehen eskatu didazuna...

PAKO A!... bota ezazu basora.

ANJEL Goazen, aitona.

AITONA JOXEPE Hago, Anjel, nekatua nagok.

ANJEL Ez dute hemen lagatzen ezer hartu gabe egoten.

AITONA JOXEPE Egotea ere galarazia al zagok?... gu bezalakoentzat izango duk... goazemak...

ANJEL Har dezagun bestela sagardo pixka bat.

AITONA JOXEPE Izango al da?

ANJEL Baietz uste dut...

MUTILA Ezer behar ez baduzue, alde hemendik.

ANJEL Ekar ezazu sagardo botila bat.

MUTILA Asturiaskoa, Oiartzungoa, Usurbilgoa?

AITONA JOXEPE Hemengoa... erbesteko sagardoa guk edan?

MUTILA Orduan Oiartzun... banator berehala.

AITONA JOXEPE Oiartzungoa esan dik. Ez al da bada hemen sagardorik gehiago sortzen?

ANJEL Botiletan ez dute hangoa besterik edukiko.

AITONA JOXEPE Ez duk bada kupelekoa bezain ona izango... Datorrela azkar lehenbailehen biloba bila dezagun... A! hori buila eta zalaparta!... ez al da hemen garizumarik?... Anjel itsua nagok eta ez diat ezer ezagutzen, baina hik ikusten al duk Mikela?... esan iezadak... hor al zabilek?...

ANJEL Begiak boteaz egon arren, ez dut ikusten, baina ( bat-batean poztuaz ) hemen da. Karlota hor dabil-eta.

AITONA JOXEPE Karlota bai...? hor duk orduan... goazemak...

ANJEL Zaude apur bat. Sagardoa ekarritakoan eta edandakoan.

AITONA JOXEPE Arrazoi duk... taxuz hasi behar diagu... eserita egongo nauk. Hik begira ezak.

MUTILA Hona sagardoa.

AITONA JOXEPE Anjel, hator... ekarri dik sagardoa.

( Irekiko du mutilak eta botako du basoetara )

ANJEL Zenbat da?

MUTILA Sei erreal.

AITONA JOXEPE Zer esan duk?... txopineko botila sei erreal?...

MUTILA Zer txopin eta zer pitxar!... Sei erreal da eta eman niri azkar eta kito... ( berez ). Nik diat kulpa arlote hauei zerbitzatzearekin.

AITONA JOXEPE Anjel, ez diezaioala eman... gorde dezala beretzat... nik ez diat edango... hik ere ez... sagardoa eskatu diagu eta hori ez duk izango sagardoa, horrenbeste balio badu.

ANJEL Sagardoa da, bai.

MUTILA Ez, xanpain izango duk... berriketa gutxi eta bota niri dirua.

ANJEL Emango dizut.

AITONA JOXEPE Ez diok emango.

MUTILA Zertan eskatu duzue bada?

AITONA JOXEPE Ez jakinean zenbatekoa zen.

MUTILA Hurrenerako badakizu bada.

AITONA JOXEPE Bai, zuk ere aurretik esaten ikasiko duzu... goazemak, Anjel.

MUTILA Niri pagatu gabe?... ez hori... agure zarpaila!

ANJEL Zaude isilik eta tori.

( Dirua luzatuaz eta aitona tartean sartuaz )

AITONA JOXEPE Ez... ez...

PAKO Zer duzue orro horiekin?

MUTILA Zera, sagardoa irekiarazi eta orain pagatu nahi ez...

AITONA JOXEPE Ez dut nik horrengatik sei errealik emango.

MUTILA Beharko.

PAKO Ai, aitona! Oker etorri zara zu, hau ez da upelategia.

MUTILA Botila ireki eta gero...

PAKO Ekar iezadak niri, nik edango diat. Aitona, edan zuk ere, nik pagatuko dut.

AITONA JOXEPE Eskerrik asko. Gaitz egingo lidake; ez da hori guretzako edaria.

MUTILA Ez, ez, zoaz zu taberna zulora, harako hobea zaude.

AITONA JOXEPE Goazen hemendik.

PAKO Gizajoak!

MUTILA Lotsagabeak!











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org