2. 8. irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Lagun txar bat »  2. 8. irudia

Abelino Barriola. Lagun txar bat

ZORTZIGARREN IRUDIA



VIII

Lehengoak, Aitona Joxepe, Anjel; bukaeran bi ertzain-poliziako edo mikelete

( Joango dira biak Mikelarengana. Tutulux hasiko da marruaz dantzan galarazten diotelako eta ereslariak isilduko dira )



AITONA JOXEPE Mikela! Mikela!

TUTULUX E! e! e! Laga guri bakean.

MIKELA Aitona, zer zabiltza hemen?

AITONA JOXEPE Hire bila, leku hauetatik eraman nahian.

MIKELA Zoazte hemendik, ez noa.

TUTULUX Ondoena nenbilenean agure zaharrak neska kendu. Tutulux: xahutu haute!

AITONA JOXEPE Mikela, goazeman, Anjel eta ni hire bila etorri gaitun.

BONI Arratsalde erdian zatoz Mikelaren bila? Utz iezaiozu orain, bere garaian joango da.

MIKELA Zoazte etorri zareten bidean. Nola nahi duzue orain joatea?

AITONA JOXEPE Gaitzago izango dun gauean.

BONI Gauean neronek eramango dut.

ANJEL Zein zara zu horri lagun egiteko?

BONI Eta zu zein zara niri hori esateko?

ANJEL Neska horrekin zuk baino zerikusi gehiago duena.

BONI Bai nahi.

TUTULUX E, e! Hemen zalaparta gutxi, berriketara kanpora, hemen dantzatu egin behar da, ala... ala... goazen berriro.

ANJEL Utz iezaguzu bakean.

MIKELA Zatoz hona, Boni. ( Ezkerrera eramanaz .) (Jarriko dira bi aldetan: ezkerretan Mikela, Boni, Anjel eta Aitona. Eskuintan gainerakoak)

KARLOTA Eskain iezaiozu agureari lanperna saltzailea, pareja polita egingo dute biek.

TUTULUX Izan ere. Zu, lanpernera, zatoz hona. ( Eskutik helduta eramango du aitonarengana ). Aitona, hona zuretzat dantzako lagun polita.

AITONA JOXEPE Ez dut nik horren beharrik.

LANPERNA SALTZAILEA Ezta nik ere zurerik... ( Tutuluxeri ). Zer uste duzu zuk, agure zarpail horrentzat nagoela ni?

KOIPE Emakumea, lanpernek zure otarrean egiten duten adina urte ditu horrek, gehiago ez.

LANPERNA SALTZAILEA A la txanpaina zoaz!...

AITONA JOXEPE Mikela, hator; ez dezanala alde egin; hator Anjel eta nirekin bi hitz egitera. Entzun itzan bi hitz, entzun itzan.

Eta zu, galaia, ez dezazula nire biloba ezkutatu, utz iezaiozu nigana etortzen, beraren bila bainator Donostiatik, oinez eta.

BONI Alferrik etorri zara bada; orain ez dizu entzungo.

AITONA JOXEPE Entzungo dit bai. Mikela, badakin nola gelditu den aita. Zer egunak datozkigun, bakea jartzen ez badun etxean.

MIKELA Ni ez noa, bada, orain.

AITONA JOXEPE Baina neska... ( Jarraituko dute hizketan .)

KARLOTA Egin al duzu?

KOIPE Bai, eta dotorea: hara. ( Erakutsiko du izparringi edo periodiko-paper batekin egin duen gixon bat; Karlotak orratz batekin ipiniko dio Aitonari bizkarretik zintzilik ).

KARLOTA Nahi ez badu lanperna saltzailearekin, honekin dantzatu beharko du bada. Ekarzu, orratz batekin jarriko diot nik...

TUTULUX Jarri, jarri; bitartean musikoak bilduko ditut nik... ala, ala... etorri denok hona:.. musika, musika...

ANJEL ( Karlotak zer egin duen ikusita emango dio bultzaldi bat eta botako du Koiperen gainera ). Zer ari haiz hor...?

KARLOTA Ai!!

KOIPE E! astoa!... neskak bota duen itxuran.

BONI Emakumeak jotzeko adina bai al zara?

ANJEL Ez dut jo; bultza egin diot aitona denen barregarri jarri nahi zuelako.

KARLOTA Jo egin nau!

DENOK Jo egin du, jo... zakarra, astoa... kobarde ustela...

AITONA JOXEPE Zer egin duk?

ANJEL Isiltzen ez badira, puskatu bat edo bat, aurrena neska zirtzil hori dela...

DENOK E! e!...

MUTILA Berriro hemen zara?... eta errietan?

BONI Bihotz gabeko gizon horrek neska jo ez du bada!

ANJEL Zuk bezain handia badut... horregatik galarazi nahi nion egin nahi zuena.

DENOK Bota, bota hemendik... ala... ala...

MUTILA Ala hortik; lehen ere esan dizut ez dela hau zuen lekua.

DENOK Ala, ala... ospa, ospa...

ANJEL Ea nork ukitzen nauen ni...

( Bonik ekarriko ditu bi ertzain “poliziako”, edo bi mikelete )

BONI Hau da.

ERTZAINA Zatoz gurekin.

ANJEL Ni?

ERTZAINA Zatoz, eta isilik... bestela hainbat okerrago zuretzat.

DENOK Ala, ala; alde hemendik, sar ezazue itzalean!

BONI Erakutsi zer den emakumeak jotzea.

ANJEL Ez naiz joango.

ERTZAINA Goazen isilik...

AITONA JOXEPE Hoa, hoa, Anjel; hobe duk isilik alde egin, ni ere hire ondoren noak. (Joango da biren erdian eta geldituko dira denak iseka, txistuka eta oihuka. Aitonak egingo du azkeneko ahalegina bere iloba eramateko, baina hartuko dute denok erdian eta haurren gisa hasiko dira “a la kinkirrinera”). Mikela... goazeman, goazeman elkarrekin... goazeman.

TUTULUX Musika! musika!... ala, lanpernera, heldu agureari ... zu, aguretxoa, dantza hemen.

AITONA JOXEPE Laga iezadazue niri bakean... Mikela, hator...

TUTULUX Ez duzu nahi?... heldu denok eskutik... goazen korruan.

BONI Denok, denok, ... Mikela, zu ere bai.

MIKELA Ni ez.

BONI ( Zakar ). Zu, eta denok. (Musikak joko du “a la kinkirrinera” eta ekingo diote denak abestuaz eta jiraka. Aitona egongo da aurrena begiak besoekin estalita, eta gero ikusirik bere biloba ere sokan dela, joango da beragana. Mikelak etengo du soka eta ihes egingo du ezkerretara, Aitona ondoren duela).

DENOK

A la Kinkirrinera
a la zanbrunera
aiton zarrak biloba
eraman nahi duela...


AITONA JOXEPE Mikela, hator hona...!

MIKELA Ai! ( Helduko dio besotik ).

AITONA JOXEPE Onez nahi ez badun, txarrez. Zutik nahi ez badun, arrastaka, baina biok joango gaitun...; hator etxera, hator... ( tiraka ).

BONI ( Albotik isilka ). Nirekin, edo horrekin betiko.

AITONA JOXEPE Laga itzan leku hauek, lagun hauek... eta goazeman...

KARLOTA ( Bonik bezala isilka ). Sotora, tretzak beitatzera... etxera, arrain zakarrak jatera... hanka hutsik sardina saltzen ibiltzera... goseak egotera... biziera ederra!

MIKELA ( Neke handiz ). Utz nazazu, ez noa...

AITONA JOXEPE Nik hi hemen utzi?... ez...

MIKELA Bai, aitona, utzi niri...

BONI Beharko. ( Helduko dio bizkarretik eta tiratuko dio atzera Mikelak aurrera egiten duen unean bertan. Askatuko da orduan aitona eta eroriko da zerraldo lurrera ).

MIKELA Ai!

AITONA JOXEPE Mikela, aitona bota dun... lurrera bota dun... Deun Jose nirea! biloba galdu zait... samintasun honek hilko nau... Anjel, Anjel... itxoin, itxoin... hirekin joan nahi diat... ihesi... leku hauetatik... ( Atzean ezkutatutakoan ). Mikela... agur...



Bigarren egintzaren azkena











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org