|
Lehenengo Egintza
Zinaldari baten idazkola. Atzean, eskuin aldera ate zabal bat. Eskuinetara mahai handi bat idazkiz dena josia. Ezkerretan, aurre aldean, atea. Eseri-aulkiak mahai inguruan. Horman bukatu urteko zinaldari gazteen antzeztia. Ezker-eskuinak egintarienak.
Lehenengo Irudia
Zinaldari jauna, Aizpuruatar Juan jauna, Xanti eta Idazlaria
(Zinaldaria, Juan jaunaren atzen-nahia irakurtzen ari da.. Inguruan dauka Idazlaria; aurrean Juan jauna eta Xanti bere idazlaria)
Zinaldaria “...Nire emazte denari uzten dizkiot bi milioi pezeta eta etxea bere inguruko lur guziekin. Beste gainerakoak, zortzi milioi inguru, irasi dudan haurtxo-jaso-etxeak (haurren asiloak) behar duen guzia ordaintzeko. Gelditzen denarekin, nahi dut, hiru edo lau gazte zintzo, kementsu eta buru dutenei ikasmen handiak, nonahi egiteko urteko laguntza handi bat ematea... Gazte horiek izan litezke ertilari denetakoak bai ereslari, margolari, idazlari, sendalari eta abar; baina agergai onak eman ondoren azkartzat ondo ezagutuak”... Honela da?
Juan Bai, ongi dago. Horren gain behar diren agiri guziak idatziak dauzkat. Nortzuk gazte horiek azterkatuko dituzten, beren urteko laguntzak noiz arte iraun lezakeen, zertaraino luzatu litekeen... Dena, dena.
Eta idatzi honen gain, nire emaztea nire asmo guzien jakinaren gainean dago.
Zinaldaria Galdera barka iezadazu... Baina emazteak, jarraituko duela uste al duzu?
Juan Bai; ziur nago. Hasieran gaztea baitzen, arin eta txoro hartzen zituen nire esanak. Ez baitziren emakume gazteen, ezta gizon buru-zuri artean ere, gure kaltegarritzat erabiltzen ziren gogaiak! Baina orain, biok bat egin gara, eta asmo batean bizi gara. Nire “Haur-jaso-etxeko” haurtxoei on gehiena egiten diena bera da. Eta esaten du, (eta pozik entzuten diot) ez dela aski hasiera labur bat ematea, baizik haurtxo horiek eduki behar direla gazte ondo haziek behar duten guzia ikasi arte.
Zinaldaria Hori gehitxo ere bada, ezer ez duenari egiteko.
Juan (Indarrarekin) Ezer ez duenari...? Geuron anaiei! Geuron haurrei! Euskotar gaixoei laguntzea gehitxo dela...? Egundaino ez! Gehitxo ez delako ikasbide handiagoak emateko beste asmo hori hartu dut. Ez da berria. Diputazioak eta Udalak (Aiuntamentuak) laguntza horiek ematen dituzte, baina, hain labur! Hain doilorki!... Berekin egin nahi duten lan ona, ez da agertzen.
Zinaldaria Gehienetan, gazte horiek, beren ernagatik ez dute aurreratzen. Gauza ez direlako... zintzo ibiltzen ez direlako... Nahikoa arreta jartzen ez dutelako...
Juan Edo, nahi eta gogo handia izan arren bide erdian gelditu direlako. Zer uste duzu, bi edo hiru urteko ikasketek besteen gain jarriko dutela gizona?
Zinaldaria Besteen gain jartzea ez da beharrekoa.
Juan Bai, behar-beharrekoa. Guk behar ditugu, euskotar gizon handi batzuk gure abenda altxa, edertu, gailendu eta argitara aterako dutenak. Orain arte, euskotarra ez da agertu euskotartzat. Espainia, Frantzia, Argentina, Mexiko eta beste zernahi aberri, bere egipenen lo estalpetzat hartu ditu, eta honela gure aberri txikia itzalpean egon da. Argentinan ni, nire kopetako izerdiz, eta gorputz guziko kemenez lanean saiatzen nintzenean, esaten nuen sarri: Juan, Juan, euskotar aberriko semea... Zer egiten duk hire aberriagatik? Gutxi... Eta hemen jaiotako euskotarren semeek?... Deus ez; eta asko, beren jatorria erakusten lotsatu... Begiratzen nuen ludi guzira eta ikusten nuen, asmakari argienak, jakintza guzietan aurrena agertzen zirela: alemaniarrak, ingelesak, laterri batuetakoak, frantziarrak... Eta euskotarrak bat ere ez. Eta esaten nuen, gure abenda argaldua dago, hila dago, ezer ez gara... Baina gogoraturik, gu, gure lanetan, inor adina bagarela eta, gaitz izan arren, beste edozeinek hainbat egin genezakeela, apurtxo bat alaitzen nintzen oldoztuaz: Ez! Euskadi ez dago hila, baztertua baizik, eta argitara atera behar dugu. Gure semeak, aurrean dabiltzan gizon ospetsu horien artean jarri, hor eduki, behar duten laguntza guzia emanaz, anaia arteko agur beroak bidaliaz, beren egipen eta lan gaitzetan txaloz lagunduaz; eta orduan agertuko dugu euskotarren handitasuna.
Zinaldaria Gaitza da. Gure artean, gainera dena egiteko dago: Euskadin ez daukagu Ikastetxe nagusi bat ere.
Juan Egia. Hori egin behar dugu; eta, guk nahi badugu, luzaro gabe izango dugu. Baina izango dugunarekin ezin gintezke gelditu. Guk ez dugu; baina badira... goazen, bada, diren lekura. Baina ez ditzagun bidal gazteak jateko ere lain ematen ez diegula; beren sendiak hemen, behartsu uzten ditugula. Bestela gertatuko da, egunero agertzen zaiguna: gazte horiek, azkarrak izan arren, ez daude ikaste handietan jarraitzeko eran, eta aurreratzen hasten direnean erbestean izandako izen horrekin etxera bihurtuko dira biziera errazago bat eramatera. (Gogor) Oker gabiltza! Emango bagenitu milioi asko, eramango bagenitu gazte asko, eta askoren artean bat, bat bakarra, urteen buruan aterako balitz, euskotartzat agertuaz, jakitun ospetsu bat, izar argi antzera bere distirak nonahi zabaltzen dituela, esan genezake milioi guziak ondo boteak zirela, ez baita dirurik horrelako gizon bat ordainduko duenik. Horrelako banaka batzuk izatean, euskotartzat agertzea erraza izango da, agian izen onekoa, eta egun hartan baztertuta dagoen gure aberri gaixo hau argiratuko dugu, eta etsai agertzen diren anaia itsu asko sutsuenak izango dira apaintzen, edertzen eta maitatzen gure ama laztana.
Zinaldaria Ikusiko ote dugu egun hori?
Juan Gure gain dago.
(Hitzaldi hau egin bitartean izenpetuko dituzte, ohi den bezala, atzen-nahiko orriak; aurrena Juan jaunak, eta ondoren Xantik eta idazlariak)
|