1.02. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Maitasunak »  1.02. Irudia

Bigarren Irudia



Lehengoak eta Andre Anjela, Andre Ilari eta Karmentxo





(Andre Anjela eta Karmentxo elkarri besoa emanaz atzetik sartzen dira. Ondoren andre Ilari)

Andre Anjela (Atean agertuaz) Hona gu hemen galaraztera. Amaituko zenuten?

Zinaldaria Zuk egundaino ez duzu galarazten.

Juan Amaitu dugu. Etor zintezkete. Hizketan ari ginen.

Andre Anjela (Irritsu eran) Badakit zer gaitan. Gure Euskadi gaixo hau behartsu dagoela, seme ospetsurik ez daukala, denek urruin egiten diotela, eta geuronen nabarkeriaz erbesteko seme harro eta ausarditsuak denen jabe egiteko bidean direla...

Zinaldaria Eta txit ederki agertu dizkit. Ezagun da maitasun horiek bihotz barrenean daramatzala.

Juan Gero eta sutsuago. Bada, kemena galtzen ari den bezala, badirudi maitasun horiek ematen dizkioten indarrez bihotza eta adimena indartzen direla.

Andre Anjela Okerrena da neroni ere berdin jarri nauela.

Zinaldaria Sinesten dut.

Andre Anjela Hasieran ez nion jaramonik egiten; gero irribarrez entzuten nion, eta orain gogo betez. Nire irakasle izan da senartxo maite on hau... (Burua edo aurpegia igurtziaz. Gero Karmentxo erakutsiaz) Begira iezaiozu besotik dakardan loretxo honi. Ikusi ez dugun urte honetan lili-burua ireki da eta usain gozoz inguru denak betetzen ditu.

Karmentxo Anjela...

Andre Ilari Lotsatuko duzu.

Andre Anjela Arrosarik ederrenak pozik hartuko luke zure aurpegi zuri eder horretan agertu den gorritasun bixi hori. Karmentxo... (Musu emanaz) Pedrok arrazoi du eta esaten dituen ondasunak ez dira gizongaiak bere maitean aurkitu nahi lituzkeenak, egiak baizik.

Karmentxo Pedro ero bat da. Zorakeriak besterik esaten ez ditu.

Andre Anjela Eta zuk pozgiro entzungo dizkiozu.

Juan Mutil ona da, eta azkarra; etxegile ona, lanak ikaratzen ez duena, eta hau gaurko gazteetan sarri aurkitzen ez da. Gure haur-jaso-etxe berria egiten ikusi dut; gero beste lan gehiagotan ere bai. Bizia alai darama, bere bihotz ederra ez baitu urratu oraindik ludiko arantzekin. Utzi barre egiten, negarra agindu gabe sarri etortzen da eta.

Andre Anjela Bazkaldar gara gaur.

Juan Gu?... Non?

Andre Ilari Hemen. Elkarrekin jango dugu. Ez dut nahi inora joatea.

Juan Eskertzen dizut, Andre Ilari, eta pozik jango dut zuen etxean.

Zinaldaria Pozik handiena guretzat da.

Juan Ostatuko bazkari horiek ez didate on handirik egiten.

Zinaldaria Gelditu, bada, eta sartu direnean utzi dugun hitzaldia jarraituko dugu gai berean... pozik entzuten nizun eta.

Juan Bazkalaurretik lantxo bat egin beharra badut: Jauregi sendagilearengana agertu bat egin. Buru hau astuntxoa daukat aspaldian.

Andre Anjela Izan ere, nire bihotza!, ahaztuta nengoen. Goazen, eta horiek bazkaria gertu orduko hemen gara.

Juan Xanti, jaso itzak paper guziak. Esandako bi idazki horiek egin, eta bota berehala... Eta garaiz etorri.

Xanti Bai jauna, berehala dena egingo dut.

Andre Ilari (Andre Anjelari) Mutil zintzoa, zuen idazlaria.

Andre Anjela Nahimen handikoa. Nire senarrarengatik zernahi gauza egingo luke. Egia, berak ere, asko egin dio: ezerezetik atera eta berarekin darabil nonahi, ezer ukatu gabe. (Zintzarria entzuten da, barrenean joa)

Karmentxo (Andre Anjelari) Pedro dator.

Andre Anjela Nola dakizu?

Karmentxo Zintzarria jotzeko eran.

Andre Anjela A!!...

Karmentxo Sartu da.

Andre Anjela Ez dator, bada.

Karmentxo Ez, gela nagusira joaten da.

Andre Anjela Datorrela, bada, hona. (senarrari besoa emanaz) Juan, Pedro dator.

Karmentxo (atetik hots eginaz) Pedro... Pedro... zatoz hona.





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org