2.08. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Zulo madarikatuak! »  2.08. Irudia

Zortzigarren Irudia



Pernando, Jose Manuel eta Migel jauna





Migel 1 (patrikatik dirua atereaz baina eman gabe) Jose Manuel.

Pernando (Oi! Migel jauna... Entzun ote dit?) (Jose Manueli) Esanak esan, gero arte.

Jose Manuel Agur.

Pernando Agur, On Migel.

Migel Agur, Pernando.

Pernando Zu, Jose Manuel, noiz duzue ahari jokoa? (Jose Manuelek ezpainak estutu eta keinu egingo dio joateko). Ez al duzue, bada, orain?

Jose Manuel (Pernandori isilik). E z.

Pernando Zer ari dira, bada, tabernetan esaten?

Migel Zer dio horrek? Zer joko aitortzen du?

Jose Manuel Ez dakit.

Pernando Ez dakizula? Ez al duzu, bada, zuk jokatu behar Ilarioren ahariarekin?

Jose Manuel Nik? Aharia naizela uste al duzu zuk? (isilka jotzera eginaz). Ez bazoaz hemendik...!

Pernando Zu, zu, badakigu, gizona, ez zarela aharia, baina ez al dakizu, bada, zer esan nahi dudan? (poliki-poliki marmarizoan joango da tabernara) (arrano hori... beti berdin dela nirekin).

Migel Jose Manuel, zer entzuten dut? Hori ere badugu? Berriro nahaste horietan sartu zara? Aski ez duzula azkeneko dema, larunbateko apustua, auzia galtzea, orain berriz ahari-jokoa egitera zatoz? Nire arrazoi guztiei amen eginaz, uste nuen zuzentzeko asmoak hartuta zeundela eta, Jesus nirea!, orain bertan zatoz jokora eta... neronen diruekin! (erakutsiaz) Semearen errukitza ahotan hartuta atera nahi zenizkidanekin!

Jose Manuel Jauna, ez da egia; semearentzat ditut. Ahari-jokoa egun atsekabeko hartan sortua da; damu dut jokatu beharra baina hitza emana daukat eta...

Migel Eta... zer?

Jose Manuel Jokatu egin behar dudala.

Migel Jokatu egin nahi duzula. Hori.

Jose Manuel Jauna!

Migel Uka ezazu nahiz seinalea galdu.

Jose Manuel Ezin nezake.

Migel Hautsi nolanahi.

(Migel oso gogor, Jose Manuel oso apal)

Jose Manuel
Ezta... Jokatu egin behar dut.

Migel Jokatu, jokatu... Ikusiko dugu.

(bizkor-bizkor irtengo da eskuinetatik, geldituaz Jose Manuel bakarrik berari begira; irtengo zaio negarra eta ezkutatuko du aurpegia esku artean).



1 Ezker-eskuinetara, Pernando, Jose Manuel





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org