Juana Bixenta Olabe


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Bilintx »  Juana Bixenta Olabe

Bilintx



JUANA BIXENTA OLABE (1)

Juana Bixenta, Nagusi Jauna eta Morroya

Hurra-Papito-ren doñuan



1
J. Bixenta:
Nagusi jauna, auxen da lana,
amak bigaltzen nau berorrengana.
N. Jauna:
Ai, bigalduko bazinduke maiz,
zu ikusita konsolatzen naiz,
sinista zazu,
¡oso zoraturikan nakazu!
¿orren polita nola zera zu?
2
J. Bixenta:
Amak esan dit etxeko errenta,
pagatzeko dirurik ez zuen ta,
ia egingo diyon mesere,
illabetian geyenaz ere,
itxogotia,
bada zierto dala ematia,
pasa baño len illabetia.


3
N. Jauna.
Logratutzia, errex alare,
naiz ori ta beste zernai gauza’re,
seguru dala esan amari,
zu baldin bazatoz mandatari;
dudarik gabe,
nere borondatiaren jabe
zu zera, Juana Bixenta Olabe.
4
J. Bixenta:
Beraz bertatik nua etxera,
poz aundi bat amari ematera;
orain ariyo, nagusi jauna,
presaka juan biat amagana.
N. Jauna:
Ez zuazela;
portatu zaite nik nai bezela,
gaur etxera juan ez zaitezela.


5
Zuen etxia dago irruti,
birian zer gerta izan bildurti,
bada iya pasa da eguna,
arratsa berriz dator illuna,
orain juatia
txartzat iruki, nere maitia,
gaur emen bertan gera zaitia.
6
Ez juan etxera bire oyetan,
gabaz, bakarrik eta illunbetan;
kontura erori zaitia zu,
gabaz illunbian juan biazu
peligro aundiz,
eta obe dezu eun aldiz,
biyar goizian juan egun argiz.


7
J. Bixenta:
Ezetz etsiya egon liteke,
ni emen gelditu ezin niteke,
amak espero nau gaberako,
eta ark espero naubelako,
juan biar det nik;
alaba ikusi bagetanik,
amak izango ez luke onik.
8
N. Jauna:
Emen zuretzat dira parako
jaki txit goxuak afaitarako,
erariya berriz ¡Jaungoikua!
illak piztutzeko modukua,
ardo ondua,
ontzen urtietan egondua,
Malagatikan da bigaldua.


9
J. Bixenta:
Jauna, berorrek, bañan alferrik,
badaki armatzen lazo ederrik,
lazua eiz bage gera dedin,
nere etxian nai ditut egin
afaldu ta lo,
nayago ditut ango bi talo,
ta ez emengo milla erregalo.
10
N. Jauna:
Biyotz nereko dama polita,
asmoz muda zaite, auxen tori ta:
amasei duroko urre fiña,
sendatu nai zazun nere miña.
J. Bixenta:
Ez, jauna, ez ez;
merezi bezin kopeta beltzez
esango diyot ezetz ta ezetz.


11
N. Jauna:
Gañera berriz, Juana Bixenta,
utziko dizutet etxeko errenta,
kito zor dirazuten guziya,
kunplitzen banazu kutiziya.
J. Bixenta:
Lotsa gogorra,
sufritzen dago gaur nere onra,
penaz malkuak darizkit orra.
12
N. Jauna:
Nik ditut kulpak, ez egin negar,
orlakorik ez nizun esan bear;
animan sentitutzen det miña,
zuri ofensa ori egiña,
¡maldiziyua!
ez dakit nun nekan juiziyua,
eskatzen dizut barkaziyua.


13
J. Bixenta:
Barkaziyua du ta eskatu,
nere biyotz onak ezin ukatu;
erakutsi ditalako, jauna,
gaitz egiñaren damutasuna,
konforme nago;
ez egin ta ofensa geyago,
gaurkua oso aztutzat dago.
14
N. Jauna:
¿Berriz nik egin zuri ofensa?
¡arren orlakorik, ez bada pensa!
zaukazkit neskatxa fin batentzat,
eta gusto aundiz emaztetzat
artuko zaitut;
biyotzetikan esaten dizut,
zuretzat ona baderizkizut.


15
J. Bixenta:
Ori egiyaz baldin badiyo
neregana egon liteke fiyo;
bañan usatuaz kortesiya,
ama neriari lizentziya
eska bezayo.
N. Jauna:
Ori gustora egingo zayo
biyar goizian juango naitzayo.
16
J. Bixenta:
Banua orain.
N. Jauna:
Atoz onuntza,
birerako artu zazu laguntza;
adi zazu, morroi Jose Juakin,
etxera farolan argiyakin,
aingeru oni
gaur zuk laguntzia da komeni,
kezketan egon ez nariyen ni.


17
Morroyak :
Aingeru ari lagundu eta,
orra, jauna, egin ostera buelta;
birian bai bildurtxo zan bera,
bañan allegatuta etxera,
kontentu zegon;
orain kezketan ez du zer egon,
oyera juan ta pasatu gau on.
18
Eldu zanian urrengo goiza,
nagusiyak zuen kunplitu itza;
juan zitzayon amari etxera,
andretzat alaba eskatzera,
amak txit firme,
artuta gero milla informe,
gelditu ziran biyak konforme.


19
Andik zortzi bat egunetara,
edo amar ziran ez dakit bada;
ez, amar ezin zitezken izan,
andik zortzi egunera elizan
ezkondu ziran;
ezkondu ta etxera segiran,
jendia franko bazuten jiran.
20
Bost illabete edo sei ontan,
ez dirade beti egondu lotan;
eman dute zenbait jira-bira,
eta gozatutzen bizi dira
ditxak ausarki;
obeto ezin litezke arki,
espero dute aurtxo bat aurki.


21
Dama gaztiak, ez egon lotan,
begira zaitezte ispillu ontan;
gustatuta birtute ederra,
andretzat artu bere maizterra
du nagusiyak;
orla irabaztera graziyak,
saya zaitezte beste guziyak.


Debekatuta dago kanta obek, iñork moldeko letrakin paperian ezarritzea, beren sortzalliaren baimena bage. Bada onentxen bere beriak dirare, eta ontan faltatzen duenak izango du legiak agintzen duen kastigua.

“Donostiyan” Juan Oses-en molditegian



Doinuak



Juana Bixenta Olabe. Antonio Zabalak Oiartzungo Iturriozko Milleneko Xabier Ugaldebereri jasoa.
Juana Bixenta Olabe. Antonio Zabalak Ondarroako Jose Mari Etxabururi jasoa.


Juana Bixenta Olabe. Antonio Zabalak Oiartzungo Koxme Lizaso bertsolariari jasoa.


Juana Bixenta Olabe. Juan Mari Lekuona.


Juana Bixenta Olabe. Antonio Zabalak Donostiako Lorentzioneko Maira Oiartzabali jasoa.


Juana Bixenta Olabe. Antonio Zabalak Oiartzungo Mairano Ortolaitzi jasoa.


Juana Bixenta Olabe. J. A. Santesteban. Cantos y bailes tradicionales vascongados


Juana Bixenta Olabe. Raimundo Sarriegi (Etxeberria Gimon Ecos de Vasconia 9)


Ikusi:
Bertso-papera: “Donostiyan: Juan Oses-en moldiztegian”. New Library, Chicago. (Au izango da lenengo argitaraldia) .

Bertso-papera: “V. Iraola-ren litografiyan”, (Colección de J. Manterola) 37’garren orria..

Bertso-papera: “Eibar - Imprenta de Pedro Orue”. Bibliothéque Nationale, Paris. (Onek eskuz idatzita auxe du: “Pris a Durango, 1891”)..

Bertso-papera: “Imp. de B. Valverde - Irún”, Gertrudis Arrieta, Errenteri: 2/2: ez nuben ta; 7/4: eta ere espero: 13/2: nere biotz onak ukatu. (Iru oker auek urrengo bertso-paper danak dakarzkite)..

Bertso-papera: “Imp. de Vda. de B. Valverde - Irún”, Manuel Urreta zana, Tolosa..

Bertso-papera: “Imp. de S. de Diego. - Eibar”, I. Lopez-Mendizabal, Buenos Aires: 13/1: Barkaziyua du ta eztizu; 14/1: ¿Berriz nik egin ta ofensa?.

Bertso-papera: “Imp. de S. de Diego. - Eibar” (beste argitaraldi bat), Francisco Lasa, Zaldibarren, Bidania: 13/1 ta 14/1: aurrekoan bezela..

Bertso-papera: “Guernica: A. de Goitia y Compañía”, Gregoria Ibargoyen, Orio, 13/1: Barkaziyua du ta eztizu; 19/2: puntu au falta da; 19/3: edo amar ezin zitezken izan..

Bertso-papera: “Imprenta Goitia y Compañía, Guernica”, Alzalegi baserria, Berriatua, Ondarroako J . M. Etxaburu’ren bitartez: 4/7: puntu au falta da; 13/1: Barkaziyua du ta eztizu; 19/2: puntu au falta da; 19/3: edo amar ezin zitezken izan..

Bertso-papera: “Guernica. - Imp. Artística Goitia y Hormaechea”, Jose Goicoechea, Amaroz, Tolosa: (dan dana aurrekoan bezela)..

Fakundo Adurriaga “Besamotza”, Tolosa, eskuz idatzitako bertso mordoa..

“Bilintx - Neurtitzak eta neurri gabeko itzak, 1911, Donostia’n, Martin, Mena y C.ª’ren etxean”, Euskal-Esnalea’k argitara-arazia: 12/6: ez dakit nun neuken nere juiziyua..

Aitor Mezo, Lejona, bere aita zanaren eskuz idatzitako bertso-mordoxka: 1/2: bañan bialduko bazinduke maiz; 2/6: badala zierto ematia; 13/1: Barkaziyoa dit eskatu; 16/3: Joxe Mari..

“Colección de Ramón de Apaolaza”: 3/1: ori ta beste zernai gauz ere; 6/: bertso au dana falta da; 7/2: ni gaur emen gera ezin niteke; 8/6 urtietan ontzen egondua; 12/2: orlakorik ez nuben esan bear; 14/1: Nik zuri egin berriz ofensa; 17/7: oyera juan ta igaro gau on; 18/4: alaba andretzat eskatzera; 20/2: ez dira egondu beti lotan..

“Bertsolariya”, 14 , 1931: 12/6: ez dakit nun neukan nere juiziyua..

“Bilintx’en bertsuak, Makazaga’ren irarkolan, Errenderi”: 12/6: ez dakit nun neukan nere juiziyua..

Juan Aguirre Gaztambide, Urdazubi, eskuz idatzitako bertso-bilduma: 2/2: ez nuben ta; 4/7: puntu au falta da; 6/6: obe duzu anuntz aldiz; 7/4: eta ere espero naubelako; 12/2: alakorik ez nizun esan bear; 13/1: Barkaziyua du ta eztizu/nere biotz onak ukatu; 14/3: zuazkit neskatxa fin batentzat; 19/2: puntu au falta da; 19/3: edo amar ezin zitezken izan..

Estanislao Urruzola, Tolosa, eskuz idatzitako bertso-mordoa..

“Euskal Erriko kanta zarrak, Tomo I”, Makazaga, Errenteri: 2/3: ia egingo al diyon mesere..

J. M. Etxaburu, Ondarroa, eskuz idatzitako bertso mordoa: 5/1: ez dago urruti; 6/3: kontura etorri zaitia zu; 7/7: amak ez leuke egingo onik..

“Gure Kanta zar jatorrenak, Librería Múgica, San Sebastián”: 12/6: ez dakit nun neukan nere juiziyua..

“Revista Trama, Gráficas Valverde, San Sebastián, núm. 4”. (1962).

Oharrak:



(1) Manterola’k etzitun bertso auek argitaratu bere Cancionero Vasco’n bañan ontako itz-aurre batean (2.ª serie, Tomo I) alaxe dio: “Como moralista escribió en los últimos años de su vida su composición Juana Vishenta Clave, de carácter verdaderamente popular,...”.

Euskal-Erria aldizkariak, año 1880, auxe dio: “En el estanco de la viuda de Bizcarrondo se ha puesto a la venta, a precio de diez céntimos el ejemplar, la canción popular “Juana Vishenta Olave", del malogrado poeta easonense Vilinch”.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org