Bezperak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Larroka Aita »  Bezperak

Aita Larroka



BEZPERAK





Gure Eliz Ama Santak agintzen digun lehenengo gauza da jai egunak santifikatzea. Eta santifikatzen ote dituzte harako lasterka eta itsumustuan meza bat ikusi, eta gainerako jai guztia jostaketan jolasean eta menturaz bizio eta bekatuetan iragotzen dutenak? Sermoi eta beren parrokoaren gainerako erakustaldietara joaten ez diren eta bezperetara joan beharrean taberna zuloetan, jokoan... hor dabiltzanak? Zerorrengan erabaki ezazu, kristaua, juzga ezazu itsumen gabe, eta ikusiko duzu zer zure kontzientziak esaten dizun. Baina behar bada, esango didazu; ni sermoi eta parrokoaren erakustaldietara joatea, on litzateke; baina bezperetara zertara, baldin kantatzen ez badakit eta kantatzen dutena zer esan nahi duen aditzen ez badut? Zer egingo det han?... Hau da kristau epel, alfer nagiak eman ohi duten aitzaki txarra. Bada zer, bezperak ofizio dibinoaren parte bat direla, eta beretan Jainkoa alabatzen dela, ez dakizu? Zu espirituz edo desioz kontenplazioaren bidez alabantza hauekin unitzea edo bat egitea, nork galarazten dizu? Hauxe da bezperak bitartean zuk egitea, Elizak nahi duena. erlijiozko egiteko hau zuri errazteko eta aitzaki guztiak kentzeko, ipintzen dizkizut salmorik adinbat jardunbide edo ejertzizio; beretako bakoitzean gera zaitez kontsideratzen apaizak kantatzen duten salmoak diraueneraino.





LEHENBIZIKO SALMORAKO

EJERTZIZIOA



Arima Jainkoari deituaz umiliatzen da.





Zatoz, zatoz, nire Jaungoiko laztana, zatoz eta lagun iezadazu laster.

Zu zara nire Aita, ni esker gabea banaiz ere, zure seme edo alaba, zatoz Jauna ez zaitzala nire eskergabekeriak atzeratu, bada damutua nago.

Nik nire ezereztasunaren erditik deiadar egiten dizut, Jauna, erruki zaitezela nire arima gaixoaz.

Zu gabe zer egingo dut, ene bihotzeko Jainkoa? Zepari kendurik, sutarako dagoen mahats-adarra bezala erremedio gabe hilko naiz.

Bekatari behartsu eta errukarri bat naiz; egidazu zure grazia, bada bera gabe gauza honik ez dezaket, eta bai bekatua.

Bakarrik bekatua da ni beldurtzen nauena; zeren Jainkoa galarazten didan eta Jainkoa galduz gero, guztia galtzen dudan.

Mundu honetan guztia bukatzen eta ahitzen da; baina Jainkoa betikotasun guztian biziko da; eta berak nire zori on edo gaiztoa egingo du, nik bera amatzen edo ofenditzen dudan eran.

Nire Jaungoikoa, aitor ditut egia hauek; eta umiliatzen naiz zure maiestate adoragarriaren aurrean.

Zu zara nire Jaungoikoa; ni zure zerbitzari ezereza, laguntza eta anparoa eskatzen dizut nire bihotz guztitik.

Kastigua baizik merezi ez dut, Jauna, baina zure ontasunagandik guztia uste dut; bada zure odolaz erredimitua nago.

Bakarrik gauza bat asko zait eta bakarrik gauza baten zale naiz, eta da, Zu, nire Jaungoikoa, lurrean eta zeruan niretzea.

Gloria Aitari, gloria Semeari, gloria Espiritu santuari, denbora guztien denboretan. Amen.







BIGARREN SALMORAKO

EJERTZIZIOA



Jesukristoren merezimenduek konfiantza
handi bat behar digute eman.





O Jaungoiko eta Aita betikoa! nire bekatuak beldurtzeko gai eta motiboak ematen badizkidate, zure seme Jesukristoren merezimenduak esperantza izateko askoz bide eta motibo handiagoak ematen dizkidate.

Motibo eta bide hauek askoz indartsuagoak dira ni salbatzeko, nire bekatuak ni kondenatzeko diren baino.

Egia da, nik bekatu egin nuenean, betiko nire kondenazioa firmatu nuela; baina egia da ere, nire erredimitzaileak nire kondenazioko sententzia urratu zuela, eta bere odolaren kostura erosi ninduela.

Nire kulpak nire kontra bengantza eske daude; baina Jesusen odol preziosoak nire alde deitzen du, eta Jainkoaren haserrea gozatzen du.

Odol guztiz estimagarri hau pare gabe indartsuagoa da Jainkoaren miserikordia iristeko, Kain kondenatzeko Abelena izan zena baino.

Nola nik barkazioaz etsiko dut, Jesus nire amorez gurutzean josirik eta hilik ikusita?

Guztiz uste oso eta betea daukat, ni salbatzeagatik hainbeste eraman zuenak, emango dizkidala salbatzeko behar ditudan graziak eta laguntzak.

Goazen bada, arima nirea, graziaren jarlekura, barkazioa eta miserikordia iritsiko digun uste osoarekin.

Baina goazen laster, ez dezagun deretxo hau galdu, zeren behar bada geroago denborarik izango ez dugu.

O nire Jesus! hartu itzazu nire borondatea, nire bihotza eta nire amorea; bada guztiz maite zaitut, eta betikotasun guztian maitatu nahi zaitut.

Gloria Aitari, gloria Semeari etc.







HIRUGARREN SALMORAKO

EJERTZIZIOA



Neke-trabailuetan pazientzia





Ezin guztiro zorioneko izango gera zerura joan arte; lurra gurutzez eta dolorezko leku bat da.

Lurrean gure bizitza laburra da; eta denbora pixka hau samintasunez eta penaz betea dago.

Hauek pazientziaz daramazkiana salbatzen da; bortxaz eta arrabiaz daramazkiena berriz betiko galtzen da.

Trabailuzko galbahean bereizten da alea lastoagandik, Jaunaren Elizan.

Nahigabeak onez eta pazientzian daramazkiena da zerurako apartatutako alea; gogaitzen eta enfadatzen dena eta Jainkoa uzten duena, infernuko sugarretarako bereizten den lastoa.

Erredimitzailearen llaga guztiak neke trabailuak bere amorez pazientzian eramaten erakusten diguten beste hainbeste mingain dira.

Jesukristok gugatik sufritu eta heriotza gogorra hartu zuen; Jesukristogatik sufritzea da santuen jakintasun guztia.

Arima baten merezimendu guztia dago Kristo amatzean, eta bere amorez sufritzean.

O nire Erredimitzaile jainkozkoa! ezagutarazi iezadazu, zein maite izan nauzun, eta zenbat nigatik sufritu izan duzun; nik zu ama zaitzadan, eta zugatik sufri dezadan.

Lagun iezadazu, Jauna, zure graziarekin; bada espiritua prest badago ere, haragia argal eta gaixorik dago.

Nolanahi ere mundu honetan padezitu behar dut; beraz merezituaz padezitu nahi dut, gurutze eta nahigabeak pazientzian eramanaz.

Gloria Aitari, gloria Semeari etc.



LAUGARREN SALMORAKO

EJERTZIZIOA



Lagun hurkoaganako karitatea.





Jaungoikoa amatzen duen arimak amatzen ditu gizon guztiak, zeren Jainkoak eginak diren.

Karitateak modu eta bide guztiak bilatzen ditu, ahal daitekeen eran gure antzekoak sokorritzeko eta kontsolatzeko.

Karitatea da bertute guztien bertutea, Jainkoak hainbeste eskatzen diguna; beragatik usatu behar dugu denbora eta leku guztietan.

Usatu behar dugu karitateaz beharrean daudenekin, zeren guztienean munduko arro eta soberbiosoak mespretxatzen dituzten.

Usatu behar dugu karitateaz gaixo daudenekin zeren nahigabez beteak dauden, eta askotan inoren laguntza gabe aurkitzen diren.

Usatu behar dugu karitateaz adiskide eta ongileekin, zeren ezaguera onak egiteko hau eskatzen digun.

Usatu behar dugu karitateaz gure etsaiekin, zeren gure antzekoak diren, eta Jainkoak hala agintzen digun.

Gorroto behar diogu bekatuari, errore, fedean hutsegiteari, erlijio gabekeriari; ez ordea bekatariari, herejeari, erlijio gabeari, zeren Jainkoak eginak diren.

Pazientziarekin eta gozotasunarekin eskuratzen eta garaitzen da harrokeria edo soberbia; biguntasun eta amorearekin gorrotoa.

Karitatezko espiritu hau da Jainkoaren espiritua; Jesukristok berak hitzez eta obraz erakusten diguna.

Espiritu hau santuek eduki zuten, eta guk ere hau eduki behar dugu, baldin haien triunfoan eta koroan parte nahi badugu.

Gloria Aitari, gloria Semeari etc.





BOSGARREN SALMORAKO

EJERTZIZIOA



Jainkoaganako amorearen gainean.





Amatu behar dugu Jainkoa gauza guztien gainean; eta deseatu behar dugu bera amatzea gure maitagarri bakarra bezala.

Jainkoa da amorearen iturburu eta hasiera, eta ala, ez ditugu amatu behar kreaturak, ezpada Jainkoagatik eta berak nahi duen eran.

Gure etsaia saiatzen da guri kreaturenganako nahitasun eragabea emanaraztera; eta desio honi leku egiten diona galtzeko perilik handienetan jartzen da.

Zer balio dit kreaturak amatzea eta berak ni maite izateak, baldin Egileak gorroto badit?

Esango dut bada aspertu gabe: Jaungoikoa amatzea da nire konsuelo guztia, Jaungoikoa zerbitzatzea nire egiteko guztia.

Nire salbatzaile gozoa, gogoz hartu eta gehitu ezazu nire desio hau, eta desegin iezadazu zuganako eta zurearen gisakoa ez den amodio guztia.

Ni kontsolatzen naiz zure ontasun hondo gabean pentsatzen; bada ontasun honek bekatari damutua inoiz ere beregandik botatzen ez du.

Zuk, Jauna, txit merezi duzu amatua izatea, eta nik zure eskutik mesederik asko hartu eta hartzen ditut, eta amatu behar zaitut.

Ona hemen, nire Jaungoikoa, ni zure amorera oso emana; eta mila bihotz banitu, guztiak zuganako amorean enplegatuko nituzke.

Zuk nire amorea nahi duzu, nik amatu nahi zaitut, eta orain eta betikotasun guztian amatu nahi zaitut.

Gloria Aitari, gloria Semeari etc.







HIMNORAKO EJERTZIZIOA



Zuri deiez nagokizu O Jaungoiko guztiz poderosoa! zatoz niri laguntzera, ez luzatu ni sokorritzea.

Nire etsaiak gau eta egun erasotzen didate; baina zuk, Jauna, lagunduko didazu, eta hil arteraino lazki peleatuko naiz. Ai zein gozoa den zure adiskidetasunean bizitzea! Zein atsegina zure besoetan hiltzea! O Jauna! Zu zara nire aita, nire ama eta nire anaia. Baina nolako aita, nolako ama, nolako anaia! Aitarik gozoen eta poderosoena, amarik bigunen eta maitatsuena, anaiarik leialen eta onena! O Aita Eternoa! Ni zure seme eta zerbitzari leial izango naiz beti. Ah Jauna, nire jabe gozoa! Zurekin bizitzea da nik nahi dudana; zure adiskidetasunean hiltzea, desio dudana; zure glorian erreinatzea nik nahi nukeena.

Nire ondasun maitagarria! Zu zara edertasun paregabea. Nik amatuko zaitut, eta zutaz sekula ahaztuko ez naiz. Gogo onaz har iezazkidazu, Jauna, eskaini eta promes hauek eta egidazu zure handitasunak kontenplatzearen grazia. Nik nire Jaungoikoa, ezagutzen dut nire ezereza; nik Jauna, aitor dut nire hustasuna; baina zuk zerorrek esan duzu: Utz iezaiezue txikitxoei nigana etortzen; eta hala ni zure adiskidetasunaren bila nator. Irazeki ezazu, Jauna, nire bihotz hau; indartu ezazu nire borondatea zu beti alaba zaitzadan eta zugan beti pentsa dezadan. Amen.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org