Teruel


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Lazkano Patxi »  Teruel

Patxi Lazkano



Teruel



Trena baldin bazan, ganadutarako bagoi oiek ekartzen zizkiguten. Bañan Lerin’en, kamioiak.

Ara goazela, ara goazela norabait ere, ta alakoren batean Sigüenza.

Ez giñan geratu. Andik amar bat kilometrora, erri txiki bat, Riosalido, ta an lasto-pilletan sartu ginduzten.

Guadalajara’tik Madrid aldera uste det atakea jotzeko asmoak zituztela. Ta Sigüenza alde ortara, ikaragarria eraman zuten soldadua.

Riosalido ori, erri koxkor bat zan. Zera zegoan asko: erlea. Erle-semea ikusi genduan sail aundi bat. Paretaz itxia-edo, ta dana kaja, kaja, kaja... Bañan asko.

Gañontzean, etxe xar batzuk. Lur ibiltzen dana, gutxi. Eta mendi arlotea. Dana txillarra. Txillarra omen da onena eztia egiteko, bai.

An geundela, tenientea zan medikua, ta eiztaria. Eiztaria ez; gustatzen zitzaiona. Alkateak eskopeta ta iru kartutxo eman zizkion, ta abitu da.

Erbia zegoan an asko. Atera zaizkio orri, iru tiro tira ta alerik bota ez.

Komandanteak esan zidan:

Me han dicho que hay aquí mucha liebre.

Sí, señor, sí.

Bueno, el médico ha ido por ahí y no había más que tres cartuchos. Los ha tirado todos y no ha matado ninguna. Vamos a pedir al depósito escopetas y cartuchos: y, cuando nos los manden, tienes que matar algunas.

Sí, señor, sí.

Gustora ni. Andikan bigarren egunera edo ola, esan zidan:

Ya van llegando.

Muy bien, muy bien.

Ni pozez erbiai tiratzeko. Bañan gabean, oiera joan da bereala:

¡Arriba! ¡Arriba!

Esnatu gera ta ango kamioi-otsa: brrruuu... brrruuu...

Guk alkarri:

Badiagu orain ere!

Sartu giñan kamioietara ta Sigüenza’ra. An erruz zegoan soldadua. Ta trena kargatu ta trena martxa; trena kargatu ta trena martxa...

Nora ginjoazen ta batzuek ara esaten zuten; besteak onera. Bañan nunbaitetik atera zuten Teruel’a goazela.

Teruel’a?

Bai. Teruel’en gorriak erdian artu ta zerkatuta omen zeudek eta ura garbitzera.

Nik esan nien:

Ori ez esan neri.

Ik zer dakik, bada?

Ori ez dek ola. Zerkatzeko indarra baldin bazegoan, garbitzeko ere indarra badek an. Indar asko baldin bazan aiek bueltan artzeko, besteren bearrik ez dute. Or aldrebes dek. Or gorriak aurrera etorri dituk. Olakoren bat dek.

Ala esan ditek.

Bai, bañan ni ez nauk konforme.

Cella izena duan erri batera eraman ginduzten. Bañan Cella baño lenago, trenbidea zegoan ametralladorakin arrapatzen zutela. Ala, orrera eldu giñanean, geratu trena ta illundu arte. Zenbat tren, ordea? Erruz.

Illundu zuanean sartu giñan Cella erri ortara. Erri aundi xamarra izango da ori. Bañan ez giñan ibilli batere. Etzegoan iñora mugitzerik, tropa guztiak ara ta onera ta kontrarioak ere bertan baitziran.

Bastante mendia du erri orrek, bañan mendi arlote samarrak. Arbol gutxikoak. Ganaduak-edo ibilliko dira bañan.

An ez dakit zenbat denbora egin genduan; egun-pare bat edo ola, tropak etorri bitarte. Aiek ere, Cella baño lenago geratu bear. Egunez ezin pasa, tira egiten baitzuten; eta gabez.

Gero, ortikan Caudé izeneko beste erri batera eraman ginduzten. Erri ori, dana erribera da. Dana berdin-berdiña. Ta trenbidea bean, errioa balitz bezela.

Caudé gure mende zegoan; ta Concud, urrengo erria, gorrien mende.

Trenbidetik joan ta trintxeretan sartu giñan. Bañan egun batean egindako trintxerak. Metro batekoak, geienaz ere.

Ta makur-makur eginda, egun guzian antxe egon bear. Bere bearrak bertan egiñak ere baziran an. Ezin andik mugitu.

Batek burua atera ezkero, tak! tiroa bai aguro. Guk ere berdin: tartetik iñor ikusten bazan, tiratzen genduan.

Urrengo goizean, asi dira kañoiak gure aldetik. Irureun bat ba omen ziran, italianoak. Aurreneko pasada aiek eman zuten. Eta abiazioa gañetik, berrogei bat geienean, batzuk joan ta besteak etorri. Antxe aritu ziran egun guztian.

Gu urrengo goizean atera giñan, amasei tanke aurretik genituala. Bañan ia trintxeretara allegatu giñan denboran, erretira. Ezin aurrerago joan, gogor egiten zuten-da.

Ildakoak an geratu ziran: Erituak ere, erdiak bai. Al ziranak erretiratu genituan; bañan erituen billa joaten zana garbitzen zuten.

Berriz ere artilleriak jo zuan. Abiazioak ere bai. Gorrien trintxerak, ke utsa ziran.

Ostera abitu gera, tankeakin-da. Ta, ia illuna allegatuan ezkerreko exkiñatik falanjeak sartu ziran. Gu beste aldetik sartu giñan; bañan aiek aurrena. Aiek artu zuten trintxera.

Falanje aiek, Burgos’koak edo ez dakit zer zuten izena. Bat aiekin zebillena, Joxe Mari izenekoa, naparra bera, bañan Astigarraga’ra ezkondu zana. Arrubitxulo izena zuan etxea bazan or, lenago sagardotegia ta gero pentsu-almazena izana, ta orrera. Orain ura ere, nere gisa, zartua.

Trintxera artuta, ildakoak an zeudenak bi lagunek artu ta bota kanpora, ta gu sartu. Trintxera oiek ere txikiak baitziran. Denbora gutxian egiñak.

Ildakoa erruz zegoan. Alde bietatik berdin. Andik eta emendik, illa asko.

Biaramonean, eguna argitu zuanean, artu “, genduan Concud.

Concud artu ta elurra asi zuan. Bañan elurra egin zuan onenbestekoa bai: metroa-edo.

Illundu zuan ta gau guztian an egon giñan elurretan. Ta otza esaten zuten, guk ez dakigu, emezortzi grado egin zuala utsaren azpitik.

Urrengo goizean, an etzan iñor ere gauza, ez fusilla disparatzeko ta ez kargatzeko. Danak otzak amorratzen. Danak olaxe: dar-dar-dar... Ibiltzeko ere ez giñan gauza gu.

Amarrak alde ortan, patarra ekarri ziguten. Asaltaparapetos esaten zioten.

Nik ori, len esan dedan Peña Lasa artan probatua neukan. Laguna banuan, Murillo izenekoa, naparra. Kozina laguntzera joan giñan, an garrafoia zuten ta arek egin zuan pixka bat ostu.

Gero, lotarakoan edaten genduan. Otz egiten zuan, ba, Peña Lasa ortan. Len esan dizut milla ta zortzireun metro dituala, uste det, alturan. Pixka bat edan ta bero-bero eginda jartzen ginduan. Murillo ori ta biok alkarrekin ibiltzen giñan ta ederki.

Ta Teruel’en ori eman zigutenean, nik orduan esan nien lagunai:

Ez dik asko edan bearrik. Pixka bat naikoa diagu.

Kantinplora ta beste baso bat izaten genituan, ta baso ori bete-betea eman ziguten. Guk edan ta gero gañetik geiago bazala:

Venga más, si queréis.

Ta batzuek zer egin zuten? Berotzen asi ziranean, geiago edan.

Arek, ordea, udarako biotzean bagiña bezelako berotasuna ematen du. Uraxe edan genduan ta akabo: etzan otzik eta ezer ere. Ta gau guztian lorik egin gabe baigiñan, asko edan zutenak seko lo artu elur gañean.

Ta lo artu zutenai, batzuei egin zitzaien tripa aunditu, ta oiek il egin ziran. Ta beste batzuei, askori, ankak jelatu, ta gero moztu egin bear. Aiek ola ondatu ta galdu ziran. Bañan ni lenago probatua. Bai; dabillenari tokatzen zaizka...

Tolosa’koa ere bazan an gurekin mutil bat, galanta. Ari ere bi ankak jelatu ta moztu. Joxe Tolosa Etxeberria, izen-apellidoak. Karro txiki batean ibiltzen da.

Aspaldian ez naiz Tolosa’ko perian izan; bañan perira joan ta arek ikusi ezkero, urrutitik ere ojuka asten zan: Ikaragarria zan gizona. Bikaña. Gero lodiago egoten zan.

Lazkano...!

Jaungoikoak bakarrik daki Teruel’en zenbat mutil geratu ziran. Ta bizirik atera giñanak ere, ederki sufrituta. Bat gaizki dagoanean, aren ondoan dagoana ere askoren faltan ez da egoten-da.

Sagardia zan gure jenerala, ta antxe eritu zuten ura ere. Kañonazoa etorri, teniente aiudantea jo ta aidean eraman. Ta berak urratu txiki bat bakarrik. Bañan kategoria gora...

Gu, Concud baño aurreraxeago giñan, Teruel’go kanposantuaren ondoan, Teruel bertan genduala.

Jatekoa ekartzen ziguten, ta patarra edo zera ori ere bai. Orrekin berotzen giñan, gauza giñanak.

Egun batzuk alaxe pasa genituan an, bañan deseginda geratu giñan.

Elurra kendu zuanean, kamioiak zeratu genituan. Zaku ikatzakin nola kargatzen dira? Berdin-berdin, bañan gizonakin: taka-taka, taka-taka, bat bestearen gañean. Pillak egin ta kamioiak martxa,

Cella erri ortan zuloak egiñak zituzten, ogei bat metro luzeak, bi edo iru metro zabal, ta lau-bost metro altuak, eta antxe sartu.

Alde bietakoak eraman ta danak batera sartuko zituzten, batekoak eta bestekoak. Gerra armatzen duanari, ez baitio inportik ezergatik. Gerra negozio zikin bat besterik ez da-ta.

Ta orduan neri gogoratu: Altza’ko Amueder’en bazan mutil zar bat, Martxial, Patxiko Amueder bertsolariaren anaia.

Patxiko ori Antigua’n bizi zan. Bañan jaiero-jaiero Amueder’era joaten zan. Or fruta edo berdura pixka bat artzen zuan, ta gero bi anaiak gure etxera etortzen ziran, Otxoki gure etxe ori taberna baitzan.

Baratzategi’ko beste aiton bat ere izaten zan. Aiton arek bertso batzuk kantatzen zizkion Patxikori, ta onek beste bi-iru bertsorekin erantzun.

Martxial ori, gerratean karlistetan ibillia ta orduko zerak kontatzen asten zan. Askotan onela esaten zuan:

Belabieta’ko batallan, amalau gurdi gizon bete ituken...

Gu mutil koskorrak eta aiek parrak egiten genituan, arek esandakoak disparateak ziralakoan. Aiton aiek tiroka ari izanak zirala ta gizajotzat jotzen genituan.

Bañan gertatuak izaki aiek ere; ta, kamioiak gorputzez bete-bete eginda ikusi nituanean, orduan gogoratu.

Nere artean esan nuan:

Guk parre egiten genion ari; bañan ara guri, aundiagoa tokatu...

Gero, bizirik giñanak erretiratu egin ginduzten, eta erri txiki batera eraman. Izena ez dakit zer zuan. Jenderik etzegoan apenas. Geienak andik aldegiñak-edo.

An frentea, esaten zutenez, ikusten etzala zegoan. Urruti. Ta utsa bitarte guztia. Mendi-muturretan mordoska batzuk. Beste iñor ez. Ta gorriak atzeko mendietan. Bañan aien arrastorik ez genduan guk nabaitu.

Nik esaten nuana:

Frente batean gogor egiten dutela jakinda, an aurrera zertara joan? Zertan jo ta jo ari? Zertako ainbeste gizon il? An egon geldi eta beste toki batetik saiatu...

Emen, Bizkai’ko gerran, berdin-berdin egin zan. Ortik ezin badezu, jo Santander’tik edo jo Asturias’tik, León’dik gero joan giñan bezela.

Antxe egon giñan, jende berri etorri bitarte. Gutxi geratu baigiñan. Batzuk tiroakin, besteak jelatuta, geienak ospitalera edo zulora. Bederatzireun bat giñala Teruel’en sartu giñan, ta berreun bat aterako giñan andikan gure oñetik. Ta batalloia berriz osatu bear, iñora joateko.

Batzuk kuarteletik ekarri zituzten, kinta berriak deituta. Ta beste batzuk, bajakin egon da gero, berriz gugana, kuarteletik pasa gabe. Ta batalloiak danak artu.

Gu, Villarcayo’n bildu giñanean, danak kinta batekoak giñan; ta gerra-bukaeran, kinta guztietakoak. Asieran danak riojanoak edo euskaldunak; bañan gallego, asturiano ta danetik nastu giñan azkenerako.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org