euskaraz.net
Zorroaga -Urumea

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiako natur ibilbideak »  Zorroaga -Urumea

7. Zorroagatik Urumeara

Fitxa teknikoa

Luzera: 3.600 m.
Denbora: Ordubete.
Zailtasuna: Txikia.

Interesa
Paisaiaren aldetik: Tartekoa
Geologiaren aldetik: Txikia
Botanikaren aldetik: Tartekoa
Faunaren aldetik: Tartekoa

Urte garaia:
Urte osoa

Oharrak
Ibilbide erraza da. Bizikletaz ere egin daiteke. Trenbidea hemen adierazitako tokian zeharkatu beharrean, hurrengo bidegurutzean zeharkatzen badugu, Ergobia auzora iritsiko gara.

Abiapuntua
Zorroaga gainean ekingo diogu bideari. Tanatorioaren sarbidera hurreratu eta Azerileku esaten zaion bidea hartu behar dugu.




1. Bidean behera egingo dugu. Lehenengo zati hau ospel samarra da eta hango landareak horrelako toki itzaltsu eta umeletan egon ohi direnak dira: astigarrak, zumarrak, hurrondoak, lizarrak eta ongi hazitako oihanpea ere, landare ugari duena, hala nola, orein mihia,zain belarra, berbena, menda, suge belarra, e.a.

2. Aldapa amaitzen den tokian, Hipika bidearekin egingo dugu topo. Eskumatik jo

3. Kapueneko harrobia ikusiko dugu. Ezkerrera joko dugu, Hipika bidean aurrera.

4. Bidegurutze batera iritsita, Barkaiztegi bidea hartuko dugu. Oso hurbil dago, goiko aldean, eskuman. Laua da eta gaztainondo, haritzak eta hurrondoak ditu, besteak beste.

5. Barkaiztegi eta Goiaztxiki bideak
eskuman utziko ditugu eta ezkerrean, trenbidea. Zuzen jarraitu aurrera. Ezkerrean, baratzak-eta ikusiko ditugu.

6. Ezkerrean, trenbideen gainetik igaroko gara eta orain arte eraman dugunaren kontrako norabidea hartuko dugu, Okindotegi bidetik.

7. Baserriak, baratzak... Lur hauek oso emankorrak dira, ibaiak .handik igarotzean uzten dituen materialak jasotzen dituzte eta.

8. Urumea Ibaia . Aldaketa asko jasan ditu azken mendean. Gizakiak bideratu zuen eta, horren ondorioz, zabalera gutxiago zuen eta ezin zen behar beste zabaldu itsasgora zegoenean edo ur emari handia zuenean. Ibaiertzetako landareei eutsi behar zaie,ibaia onera ekartzen laguntzen baitute eta animalia askok eta askok bertan babes hartzen baitute.







Mihura (Viscum album)

Bizkarroia da. Zuhaitzei atxikitzen zaie organo xurgatzaileen bitartez. Oso erraza da bereizten, forma biribilak hartzen baititu. Fruta-arbolen eta makalen bizkar bizi da, batik bat.

Mihuraren bizimodua oso erosoa da: bizitokitzat hartu duen organoari atxikitzen zaio eta, bere organo xurgatzaileen bitartez, izerdia ateratzen dio eta, gero, landu. Izerdiaz, mihuraren hostoek fotosintesia egiten dute. Kolonizatzaile handia da eta estrategia ugari erabiltzen du horretarako:

Batetik, haizeak loreak polinizatzen dizkio eta, bestetik, txoriek haren fruituak garraiatzen dituzte mokoan zein hankei itsatsita (latinezko izenak aditzera ematen duenez, fruituak likatsuak dira).

Gizakientzat apur bat toxikoa da. Sendagai gisa ere erabil daiteke, baina haren eragina bizitoki duen zuhaitz motaren arabera aldatzen da.

Haren hosto eta zutoin erne berriak bazka ona dira animalientzat eta, hari esker, behi, ahuntz eta ardiek esne gehiago ematen dute.

Mihura beti izan da oso estlmatua: druidek, adibidez, beren zeremonietan baliatzen zuten. Gabonetako apaingarri gisa ere erabiltzen da.

Zuhaitzen azala



Zuhaitz azala enborraren kanpoko geruza da eta elikagaiak garraiatzen dituzten hodiak babesten ditu. Zuhaitz batzuetan, geruzak osatzen ditu, bata bestearen gainean jarriak, halako moduan non enborra zabaldu ahala puskatu egiten den eta zimurrak edo plakak sortzen dituen. Beste zuhaitz batzuetan, berriz, azalak zorro bat osatzen du, etengabe berritzen dena eta azaletik zerrenda mehetan askatzen dena.

Neguan, zuhaitz batzuk erraz bereiz ditzakegu adarrei eta azalari erreparatzen badiegu:

Urkia: azal leun eta zurixka; orban belzkarak ditu.

Pagoa: azal grisaxka leuna.

Haritza: azal lodia, gogorra, grisaxka, arraildura sakonak dituena.

Gaztainondoa: azal gris leuna, gaztea delarik; zaharragoa denean, berriz, azala nabar gorrikara du, arraildura helikoidalak dituena.

Makala: azala zurixka da hasi, eran baina, gero, belztu egiten da, eta zimurtu.