euskaraz.net
Lau Haizeta: arkeologia

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiako natur ibilbideak »  Lau Haizeta: arkeologia

12. Lau Haizeta: arkeologi hondarren bila

Fitxa teknikoa

Luzera: 3.900 m.
Denbora: Ordu bat eta 15 min.
Zailtasuna: Tartekoa.

Interesa
Paisaiaren aldetik: Tartekoa
Geologiaren aldetik: Tartekoa
Botanikaren aldetik: Tartekoa
Faunaren aldetik: Tartekoa

Urte garaia:
Urte osoan

Oharrak
Aurrekoari lotuta egin daiteke gune batean bat datozelako. Hortik Txoritokieta (320 metro) gailurreraino helduko gara eta handik, egun argitsuetan, Aizkorri bera ikusten da.

Abiapuntua
Hainbat tokitatik abia gaitezke. Horietako bat da Altzatik San Markos gotorlekuraino doan errepidea. Halako batean, 180º-ko bira egiten duen gorako pista bat ikusiko dugu. Bide aldapatsu batean gora egingo dugu, baina gotorlekurantz jo beharrean,eskuin hartuko dugu.


San Marcos gotorlekua


1. Errepidean gora Joango gara. Inguruko landareak ez dira oso garaiak eta batez ere garoa, txilarra eta otea aurkituko ditugu.

2. Aurrez aurre Txoritokietako antena ikusiko dugu. Ezker belardi bat dago eta hortik abiatuko da aritzek eta pagoek osaturiko baso batera doan zidorra.

3. Aitzietako Txabola deritzon trikuharria aurkituko dugu, 1962.urtean aurkitu zuten eta Kristo aurreko 800. eta 300. urteen artekoa izan daiteke.

4. Berriro itzuliko gara Txoritokietako pistara eta gora egingo dugu (Aukeran, mendira igo gaitezke basotik irteten den bide batetik).
5. Txoritokietako gotorlekua. San Markos gotorlekuaz batera fronteko lerroa osatzen zuen. Barrura sartu eta bisita daiteke.

6. Errepidean aurrera eginda, aurreraxeago, eskuinetatik zidor bat abiatzen da. Harri batzuk eta lerro bat Lawson altzifre aurkituko ditugu. Txoritokietako monolitoa Triasiko aroko hareharri xafla da, duela 2000 urte Igoin menditik ekarria.

7. Bide beretik atzera egin eta berriro errepidera igoko gara. Joaterakoan egindako bide bera ibiliko dugu itzultzeko, ibilbideko 1. punturaino. Ibilbidea amaitu da.


Trikuharria


Zer adierazten duten trikuharriek



Monolitoa
Trikuharria monumentu megalitikoa da. Mahai itxura du eta zutikako harri batzuen gainean ezarritako xaflek eratzen dute, monolitoa ez bezala, hori harri bakarrekoa da eta.

Euskal Herrian Neolitikotik izan dira horien gaineko sinesmen zaharrak eta jentilak, Tregu, Treku, Tartalo eta Armure deritzen pertsonaiekin erlazionatzen dituzte. Sinesmen horien arabera, trikuharrien azpian altxorrak izaten ziren: idi larru bete urre, kanpaia bete urre, urre-gorrizko gauzak...Jendeak trikuharrietan gauzak lurperatzen zituen, eta egunak joan egunak etorri, altxor handiak bihurtzen ziren.

Aspaldiko kondaira batek dioenez, hodei misteriotsu batek estaliriko toki batean daude lurperatuta azken jentilak. Beti egoten dira ekialderantz orientatuta, hortik sortzen baita eguzki amandrea. Horrek halako erlijio kutsu bat eransten die. Orain gutxi arte, horrelakoen aurrean kapela eranzteko eta errezatzeko ohitura izan da. Horrela, trikuharriak hildakoarentzako halako egoitza artifizial moduko bat eratzen du, monumentu irmo eta sendoa.