Arbela
Atal honetantxe jasoko ditugu zuen ekarpenak
Sail irekia da ARBELA, kirolari eta kirolzaleei eskaintzen diegun topagunea. Hilero, MUGI!ren kontrazala zuena guztiona izango da: kirolariena, kirolzaleena, ikastetxeena, kirol talde eta federazioena...
Zuen ekarpenek baldintza gutxi batzuk bete behar izango dituzte soilik argitaratuak izateko. Izan ere, izen-abizenak, NAN eta telefono zenbakiaren bitartez identifikatu beharko du bere burua bidaltzaileak, ez da mezu komertzialik argitaratuko, ezta ondoren zehaztuko diren ataletatik at geratzen diren gaiei buruzkorik ere. Baldintza horiek betetzen ez dituzten mezuak baztertzeko eskubidea du, horrenbestez, MUGI! aldizkariak.
Mezuak aldizkariaren erredakziora bidali behar dira (postaz, faxez edota posta elektronikoz), ARBELA erreferentzia daramatela. Gehienez ere 10 lerro izan ditzakete mezuek, eta jaso ahala hautatuko dira argitaratzeko. Lehentasuna izango dute, beraz, arin dabiltzatenen mezuek.
Honako atal hauek izango ditu, hasiera batean, ARBELAk:
Agenda: Antolatzen dituzuen ikastaro, irtenaldi, ikuskizun eta gainerakoen berri eman dezakezue.
Merkatu txikia: Eskiak saldu nahi dituzu? Beisbolean aritzeko batea erosi? Eskaintzak zein eskariak argitaratuko dira ARBELA atalean.
Lagunartean: Kirola ardatz hartuta, aldizkariaren irakurleen arteko harremanak sendotzea du helburu atal honek. Mezu guztien egiazkotasun eta zintzotasuna egiaztatuko dugu argitara eman aurretik.
|
Nork daki? Ba al duzu kirolaren inguruko zalantzarik? Bidali galdera ARBELAra, eta hortxe jasoko duzu erantzuna.
Argazki lehiaketa. Zure argazkiak erakutsi nahi badituzu, eta argazki kamera digital erdi-profesionala irabazi nahi baduzu, bidal itzazu zure argazkiak (paperean edota formatu digitalean). Hementxe argitaratuko ditugu hilero onenak.
Iradokizunak. Erreportaje eta elkarrizketa proposamenak badituzu, horien zain gaude. Zuk ere erabaki ditzakezu, noski, MUGI!ren edukiak.
|
|
|
|
|