Berriak eta hitzorduak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 10 2004/03 »  Berriak eta hitzorduak

Berriak eta hitzorduak

Berriak

Eskolarteko XVII. Ibilaldi Neurtuak



Atal honetan zuek bidalitako berriek ere badute tartea... Oraingoan, Gipuzkoako Mendi Federazioko Eskola Mendizaletasun atalak bidali digun oharrari eskaini diogu tarte hori, burutu berri den ekimen interesgarri baten berri eman baitigute, argazki eta guzti: martxoaren erdialdera egin zen Eskolarteko XVII. Ibilaldi Neurtuak ekimenaren berri, alegia. 1988tik egiten den ekitaldian bost ibilaldi neurtu antolatzen dira egun berean, Gipuzkoako beste horrenbeste herritan. Aurten, 2.631 mendizale gazte bildu dira mendizaletasunaren festa honetan, eta Urdaburu, Ańorga, Aizkorri, Zaraia eta Anaitasuna inguruak korritu zituzten, aurrez ezarri ibilbidean barrena. Parte hartu zutenek egun bikaina igaro zuten, eta diplomatxoa ere eraman zuten etxera. Mendia gogoko baduzue, atseginez hartuko duzue datorren hileko MUGI, horixe izango baita gai nagusia...




Hitzorduak

Mendirako aukera ugari



Apirilerako ere Club Vasco de Campingek mendira irteteko aukera ugari prestatu ditu. Aurreneko txangoa Urkiolako Natur Parkera egingo dute, apirilaren 4an, igandez. Urkiolako Parke Naturala Euskal Herriko paraje ederrenetarikoa da. Besteak beste, Anboto, Eskubaratz eta Aramotz mendiek hartzen dituzte inguru natural zoragarriz eta kondairaz beteriko eremuak. Baditu, jakina, ondo trebatutako mendizaleei zuzendutako igoera zailak, baina Klubak antolatu duen 5-6 orduko ibilaldia erraza da, mendian ohitura duen edonork egiteko modukoa, eta zati handienean Eskubaratz inguruetan egingo da, horko karst interesgarria zeharkatuz. Bidaia barne –bazkaria hautakoa da eta ez da prezioan sartzen–, klubeko kideek 9 euro ordaindu behar dute eta kide ez direnek, berriz, 13,50. Asteburu berean Pirinioei eskainitako ikastaroa hasiko da Belagoa-Zurizan. Jardura hori mendizale eskarmentudunei zuzentzen zaie eta, besteak beste, horretan parte hartzeko ezinbestekoa da federatuta egotea. Apirileko eskaintza, ordea, ez da horretara mugatzen. Hilaren 18an, igandea, Trianoko mendietara antolatu dute irteera, eta 25erako Kopakarriko zeharkaldia dago iragarrita. Esan beharra dago jarduera hauek adin guztientzako mendizaleei zuzenduak direla. Umeek ere badituzte, ordea, eurei egokitutako jarduerak. Apirilean, esaterako, infantilak Gipuzkoa eta Arabaren mugan dagoen Aratz mendira joango dira.

Mendi irteerez gain, beste jarduera batzuk ere antolatzen ditu Klubak hurrengo asteetarako. Horien guztien berri izateko, zuzenean hara jotzea da egokiena.
Argibide gehiago:

Iparragirre kalea, 8. Donostia
943 271 866 telefonoa.
www.vascodecamping.org
info@vascodecamping.org


Izotz gaineko larunbat arratsalde bereziak



Hil honetako zozketari esker, MUGIren 10 irakurlek Txuri-Urdin Izotz Jauregian irristaketa saio zirraragarriak doan egiteko aukera izango dute, baina zozketan zorterik izan ez duzuenok ere bizi dezakezue esperientzia hori poltsikoari zulo handiegia egin gabe. Hain zuzen ere, Txurik eskaintza aparta prestatu du pista izozturako bidea ahalik eta bisitari gehienei irekitzeko, larunbat arratsaldeetan –19:30etik 21:00etara– 3 euroren truke egin baitaiteke irristaketa saio bikaina kanpainak irauten duen bitartean. Beste egun edo ordutegi batzuk nahi izanda ere, aukera zabala duzue Txuri-Urdinen izotz gainean patinatzeko. Gehixeago ordainduta, hori bai... Ordutegia ere zabala da, batez ere asteburuetan. Irristaketa libreari buruzko zein Txuri-Urdinek antolatzen dituen beste jarduera batzuei buruzko informazio zabalagoa baduzue, hona nora jo dezakezuen:


Argibide gehiago:

www.eltxuri.com
Anoeta pasealekua, 24. Donostia.
943 464 404 telefonoa.


Zuen berrien zain gaude



MUGI zuekin guztiekin batera egin nahi dugu eta, horretarako, ezinbestekoak ditugu zuen ekarpenak.

Ikastetxeen, kluben, federazioen eta, oro har, kirolzale donostiar guztiek esku-hartzea behar du MUGIk.

Hortaz, kontatzeko zerbait baduzue, esaiguzue eta geu arduratuko gara horren berri emateaz:
Antolatzen dituzuen ekintzak: ikastaroak, txapelketak, bestelako jarduerak.
Zuen jarduerari loturiko berriak.
Erreportaje eta elkarrizketetarako gaiei buruzko iradokizunak.
Zuen iritziak.


Honako helbide hauetara bidal dezakezue informazioa, betiere MUGI erreferentzia argi ikusten dela:

Postaz:
MUGI
Donostiako Euskararen Udal Patronatua
Konstituzio plaza, 2. 20003 Donostia

Faxez:
MUGI
943 483 765

Posta elektronikoz:
MUGI
udala_euskara@donostia.org


Oharra: MUGI dezenteko aurrerapenez egiten denez, hilabete amaiera baino hamabost bat egun lehenago bidali behar dituzue zuen iruzkinak, baldin eta hurrengo hileko aldizkarirako badira.