|
Aukera ugari
mundu guztiarentzat
Askok botak baino nahiago dituzte gurpilak mendirako... Bizikleta hartuz gero izan adeitsua naturarekin, gurpilek botek baino gehiago erasaten baitiote inguruari.
Atal honek ez du interes handirik izango mendizale trebe zareten MUGIko irakurleentzat, baina zuen artean izango dira, dudarik gabe, orain arte mendirako zaletasun handirik izan ez dutenak ere. Eta, horietakoak bazarete, oso oker zaudete mendizaletasuna, soilik, aldapan gora eta behera ibiltzea dela uste baduzue. Askoz ere aukera gehiago eskaintzen ditu mendiak.
Mendira joateko asteburua noiz helduko den zain zaudetenoi ez dizuegu ez dakizuenik kontatuko atal honetan. Hain zuzen ere, lerro hauen bidez mendira joatea jarduera neketsu eta aspergarritzat duten horiek guztiak tentatu eta, ahal bada, saioa egitera gonbidatu nahi ditugu.
Egun, mendizaletasunak aukera ugari eskaintzen dizkio naturaz gozatu nahi duenari. Material berriak sortu eta lehendik ere erabiltzen zirenak hobetu ahala, izugarri areagotu da eskaintza, eta mendiari atxikitako kirol ugari ere sortu dira azken urteetan. Deigarriak iruditzen zaizkigunak probatzea eta, ondoren, gogokoen ditugunetan murgiltzea da, hortaz, aurreneko urratsa.
Mendia duzue gogoko
Beste kirol batzuen aldean, nahiko berezia da mendizaletasuna, besteak beste lehia kutsurik ez duelako. Nor bere buruarekin eta mendiarekin berarekin lehiatu ohi da, eta ahaleginaren saria ez da marka bat edo domina bat izaten, oztopoak gainditzeak ematen duen poza baizik. Eta, batez ere, jarduera bera da saririk ederrena.
Mendizaletasuna kirol bat edota kirol askoren batuketa ote den ere eztabaidagarria litzateke, baina beste baterako utz genezake eztabaida, praktikoagoak izan daitezkeen kontuak hizpide hartuta. Dena den, baliteke mendia, batik bat, kirol desberdin ugari egiteko esparrua dela diotenak zuzen ibiltzea... Litekeena da, halaber, mendizaletasuna, gainerako kirol gehienak ez bezala, bizitzeko era bat dela diotenek ere arrazoia izatea; mendiaz gozatzeko, lehenik eta behin, ezinbestekoa baita natura eta atari zabaleko jarduerak maitatzea, nekeari beldurrik ez izatea eta espiritu abenturazalea izatea. Ezin da ahaztu mendira joaten garenean une batetik bestera erabat alda daitekeen eta gu baino askoz indartsuagoa den solaskidea dugula aurrean: natura.
Zirrara duzue gogoko
Mendizaletasunak, hortaz, diziplina asko biltzen ditu bere baitan. Mendizaletasunaren oinarrizko bertsioa mendian ibiltzea izan daiteke, baina ez duzue zertan oinarrizko bertsio horretan geratu, hori ere izugarri atsegina izan arren.
Hain zuzen ere, gaztetxo eta gazteok ez omen duzue oso gogoko gure inguruetako mendietan txango txikiak egitea. Nola dakigun hori? Bada, azken hamazazpi urteotan Club Vasco de Camping elkarteko buru izan denez gaia oso ondo ezagutzen duen Jesus Mari Alkezarrek esan digulako.
|
Berak argitu digunez, 14-20 urte bitarteko gazteek ez dituzte atsegin talde handietan egiten diren ibilaldiak, ezta etxe inguruko mendietan ibiltzea ere. Hori dela eta, egun 3.500 bazkidetik gora dituen elkarte honen bazkide zerrendan gutxiengoa dira –120 bat soilik– 14-20 urte bitartekoak; 60 urtetik gorakoak baino dezente gutxiago, alegia...
Horrek ez du esan nahi, ordea, gazteek mendia alboratu dutenik. Gogoko ez dutena, hain justu, talde handietan egiten diren jarduera antolatuak dira, helduei horrenbeste gustatzen zaizkien ibilaldiak.
Askatasuna eta zirrara dute gogoko eta, hortaz, nahiko alferrik galduta dauden inguruko mendietan pasieran ibiltzea baino nahiago dute eskalatzea, mendiko bizikletaz ibiltzea, arroilak jaistea, pista eta estazio antolatuetatik at egiten diren eski-modalitateak praktikatzea, Pirinioetan abentura kutsua ere baduten ibilaldi luzeak burutzea... Hau da, adrenalina isurarazten duten jarduera zirraragarriak gustatzen zaizkie, batik bat, gazteei. Hain zuzen ere, azken urteotan sekulako indarra ari dira hartzen aisia, kirola eta abentura uztartzen dituzten jarduera horiek.
Zirrararen truke, arriskua
Kirol horietako asko, gainera, nahiko berriak direla esan liteke. Aurreneko mendiko bizikleta, kasurako, 70eko hamarkadako azken urteetan sortu zen, eta gezurra dirudi 30 urte ere bete ez direla mundu osoan horrenbeste praktikatzaile lortu izana...
Beste ezaugarri komun batzuk ere badituzte gazteek hain gogoko dituzten mendi modalitateek: zirrararen beste aurpegia izan daitekeen arriskua. Mendian, beste edozein ingurutan bezala, gutxien espero dugun momentuan sor daiteke ezbeharra, baina aukera hori handitu egiten da jarduerak, berez, muturrekoak izan daitezkeen egoeretara eramaten gaituenean. Donostia inguruko mendietara paseatzera irteten garenean, zentzugabekeria handirik egiten ez badugu behinik behin, eroriko, urratu edo zaintiraturen bat izan dezakegu. Izotzak estalitako horma batean zintzilik edo une batetik bestera urez bete daitekeen arroila batean bagaude, ordea, oso bestelakoa izan daiteke istripuaren ondorioa.
Horrenbestez, izugarri atseginak diren mendiko jarduera horiek zuhurtasun eta prestakuntza ‘plus’ bat eskatzen dute, eta hori oso-oso gogoan izan behar duzue ezertan hasi aurretik. Horri buruz aurrerago ere arituko garenez, mendiak eskaintzen dituen aukerei buruzko informazio zabalagoa eskuratzeko interesgarriak izan daitezkeen estekaren batzuk ere proposatzen dizkizuegu.
|
|