Istripurik ez izateko gomendioak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 11 2004/04 »  Istripurik ez izateko gomendioak

Istripurik ez izateko gomendioak

«Gogotsuegia eta ausartegia bazara,

istripu larriren bat izango duzu»

Willy Barbierrek elkarrizketan esan dizkigun hitzok oso egokiak iruditu zaizkigu mendira abiatzeko orduan segurtasunak duen garrantzia azpimarratzeko. Berak erabilitako hitzak, gainera, izenbururako hautatu ditugunak baino gogorxeagoak dira.

Willy eta Raquel, euren mailako mendizale guztiak bezala, oso gogotsuak eta ausartak dira noski, baina horrek ez du esan nahi zuhurrak ez direnik. Mendia ezagutzeak irakatsi die ezinbestekoa dela segurtasunari berebiziko garrantzia ematea, ondo dakite-eta zer dagoen jokoan gizakiak bere indarrak mendiarekin neurtzen dituenean...

Segurtasun eskakizunek, jakina, lotura estua dute txangoaren zailtasunarekin, ez baita gauza bera Donostia inguruko mendietara irtetea edota, konparazio batera, negu gorrian izotz gaineko eskalada egitea. Horixe da, alegia, gakoetako bat: desafioaren zailtasuna neurtzen jakitea eta kasu bakoitzean egokiak diren neurriak hartzea. Eta aurreneko betebeharra neurriz kanpoko abenturetan ez sartzea da, zailtasun


maila apurka-apurka areagotzea eta, bien bitartean, gero eta handiagoak izango diren zailtasunei aurre egiteko prestatzea.

Badira txangorik errazenean ere kontuan hartu behar diren neurriak, esate baterako norbaiti nora zoazen esatea eta arropa eta oinetako egokiak eramatea. Eskakizun tekniko eta fisiko handiagoa duten jardueretan, ostera, prestakuntza egokia ezinbestekoa da, arriskua ere handiagotzen baitoa. Hona hemen, Mendi Federazioak ematen dituen oinarrizko aholkuak.


Gomendioak



1 Ez zaitez inoiz bakarrik joan mendira. Hiru lagunek osatutako taldetxoa da gutxieneko kopuru egokia.

2 Presta ezazu bidaia mendiak dituen baldintzen arabera, eta izan oso kontuan zeure egoera fisikoa eta prestakuntza teknikoa. Eskura ezazu irten aurretik egin behar duzun ibilbideari buruzko ahalik eta informazio zabalena.

3 Abiatu aurretik, kontsulta itzazu meteorologia zerbitzuak, mendian zer aurkituko duzun aurrez jakiteko. Presta ezazu ibilaldia aurreikuspenen arabera eta, beharrezkoa bada, utz ezazu beste baterako.

4 Emaiozue gutxienez pertsona bati egingo duzuen ibilbidearen eta itzultzea espero duzuen orduaren berri.

5 Presta zaitez behar bezala fisikoki zein teknikoki. Ikas ezazu brujula eta mapak erabiltzen,
agian beharrezkoa izango duzu eta.

6 Erabil itzazu ingurunearen arabera egokiak diren jantzi eta oinetakoak.

7 Mendian zabiltzala, jan itzazu maiz jaki energetiko eta arinak, eta edan ur asko.

8 Ikas itzazu lehen laguntzak eta eraman motxilan botikin txiki bat.

9 Ikas itzazu alarma eta istripu egoeran lagungarriak izan daitezkeen arauak. Izan eskura sorospen taldeen telefono zenbakien zerrenda.

10 Azken gomendio honek ez du zerikusi zuzenik mendizalearen segurtasunarekin, baina horrek ez dio garrantzirik kentzen: zaindu itzazu mendia eta natura; ez utzi zaborrik, ezta arrastorik ere, eta ez molestatu mendian aurki ditzakezun animaliak. Oro har, oinak ez ezik erabili burua ere mendira zoazenean.