Igeriketa paralinpikoa: Richard Orive


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 13 2004/06 »  Igeriketa paralinpikoa: Richard Orive

Igeriketa paralinpikoa: Richard Orive
Atenasera begira

RICHARD ORIVEE

IGERILARI PARALINPIKOA



Urre paralinpikoa lepotik zazpi bider

zintzilikatu duen donostiarra


Duela lau urte, Sydneyko Joko Paralinpikoetan saio bat irabazi ostean.


Irailean Atenasen egingo diren Joko Paralinpikoetarako aurre-selekzioan bost kirolari daude. Horietako bik ez dute azken erabakiaren zain egon beharrik, plaza finkoa baitute jada Richard Orive eta Sara Carracelas igerilariek. Biek dakite zer den Joko Paralinpikoetan parte hartzea –Atlantakoetan eta Sydneykoetan egonak dira biak, eta Richardek Bartzelonakoetan ere hartu zuen parte–, eta biek dakite, halaber, zer den domina paralinpiko bat lortzea. Sarak bi urrezko domina eta brontzezko bat irabazi zituen Atlantan, eta urre, zilar eta brontze bana Sydneyn. Richard, berriz, urrerako jaioa dela dirudi: hiru urrezko domina irabazi zituen Atlanta 96n, –baita zilarrezko bat ere–, eta lau bider leporatu zuen urre paralinpikoa duela lau urte Sydneyn. Lau domina horiek lau munduko errekor eman zizkioten, gainera.



Kirolari batentzat Joko Olinpikoen lau ediziotan parte hartzea zaila izanik, pentsa zer den zazpi urrezko domina irabaztea... Bada, konparazio horixe egin daiteke kirol paralinpikoaren alorrean. Zortzi domina paralinpiko horiei , gainera, munduko, Europako eta Espainiako txapelketa ugari nahiz zenbait munduko errekor gehitu behar zaizkie Oriveren kasuan. Sekulako palmares horrek ematen du, hain zuzen, Richard Oriveren mailaren berri...

Atenaskoak Richard Oriveren laugarren jokoak izango dira, Bartzelona 92n egin baitzuen debuta


Hasieran, ordea, Richard ez zen igerian hasi dominak pilatzeko asmoz. Garun-perlesia du iragan otsailean 30 urte bete zituen donostiar honek, eta bere gaixotasunerako onuragarri zelako sartu zen estreinakoz igerilekuan, terapia moduan. Berehala hasi zen, ordea, ura eta ordularia menperatzen, eta bere karrerak
gorantz egin du etengabe azken urteotan.

Richard Orivek asko eskatzen dio bere buruari eta, igerilekua eta gimnasioa tartekatuz, hiruzpalau ordu ordu ematen dizkio egunero entrenamenduari. Kirola Gonzalo eta Rosa bere gurasoen tailerrean egiten duen lanarekin tartekatzen du Richardek, eta uda partean Konporta K.E. bere taldeak kudeatzen duen Tintin igeriketa eskolan kolaboratzen du. Aurten, agian, Zurriolako hondartzako Tintin igerilekura joango diren haurrek ez dute txapeldun olinpiko batekin ikasteko eta jolasteko denbora askorik izango, Richard bere laugarren Joko Paralinpikoak izango direnak prestatzen ari baita buru-belarri.

Hain justu ere, orrialdeotara bere testigantza zuzena ekartzeko ahaleginak egin arren, zeharkakoarekin konformatu behar izan dugu azkenean, begiak Atenasen jarrita Alemania aldean ibili baita Richard azken egunotan lehian. Gogotsu eta itxaropentsu ari da prestatzen Atenasko hitzordua Donostiara inork baino domina gehiago ekarri dituen kirolaria, Atenasen munduko igerilari paralinpiko onentsuenen artean jarraitzen duela frogatzeko irrikitan. MUGIk, noski, zorte onena opa dio.

Nor da?



Izena : Richard Orive.
Adina : 30 urte.
Jaioterria : Donostia.
Taldea : Konporta K.E..
Palmares olinpikoa :
Hiru urrezko domina eta zilarrezko domina bat Bartzelonako Joko Olinpikoetan.
Lau urrezko domina Sydneyko Joko Olinpikoetan.
Igeriketaz gain gogoko dituenak : Musika eta, batez ere, informatika. Asko gustatzen zaio Interneten nabigatzea eta bere entrenamenduen kontrol zehatza darama ordenagailuaren bidez. Gainerako kiroletan, futbola eta txirrindularitza atsegin ditu.