|
Atenasera
|
begira
|
|
Kirol ekintzetan parte hartzeko izena emateko orduan sortzen ziren ilarak ekiditea eta aukera-berdintasuna bermatzea dira zozketa bidezko sistema berriaren helburuak.
|
|
Funtsezko aldaketak
KUPen kirol ekintzetan
Datorren ikasturtean Kiroletako Patronatuak
antolatzen dituen ekintzetan parte hartu nahi baduzue, adi, aldaketa handiak daude eta. Izena emateko epea irekita dago. Gero, zorteak esango du nori egokitu zaion plaza.
|
Arrakastak, batzuetan, arazoak ere sortzen ditu. Horixe gertatu zaie, alegia, Kiroletako Udal Patronatuak ikasturtean zehar antolatzen dituen kirol ekintzei.
Urtez urte are nabarmenagoa da kanpainaren arrakasta. Eskaria eskaintza baino handiagoa denez, ez da tokirik egoten guztientzat. Arazo horren aurrean bi neurri hartu ditu Kiroleta Udal Patronatuak: batetik, nabarmen areagotu du plaza kopurua; bestetik, izena emateko sistema berria ezarri du, zozketa bidezkoa. Horixe adieraziko dizuegu zehatz-mehatz atal honetan. Eta, adi, laster itxiko baita izena emateko epea.
|
Izen-ematea eta ordainketa Internet bidez egin daitezke aurten, Kirol Patronatuaren web gunean
|
Prozedura guztiz berria
Orain arte, KUPek egun jakin batzuk jartzen zituen izena emateko hitzordua lortzeko ezinbestekoa zen txartela eskuratzeko. Txartelak heldu ahala banatzen ziren jendearen artean, eta matrikulak ere halaxe egiten ziren. Horren ondorioz, ilara luzeak izaten ziren KUPen egoitzaren atarian, eta ilaran egoteko modurik edo astirik ez zeukatenek, edo berandu heltzen zirenek, apenas zeukaten kirol ekintzetan parte hartzeko modurik.
Jende guztiak, laneko ordutegia edozein izanda ere, ikastaroetan izena emateko aukera bera izan dezan, zozketa-sistema jarri dute aurten prozedura erabat aldatuta.
Izena emateko prozedura berri horrek hiru urrats ditu: aurretiko izen-ematea ekainaren 14tik 25era, zozketa uztailaren 16an, eta irailaren 10ean bukatzen den ordainketarako epea.
Aurretiko izen-ematea KUPek ateratako inprimakietan edo Internet bidez egin daiteke.
|
Inprimaki bidezkoa egin nahi bada, KUPen egoitzara (Anoeta pasealekua, 18) jo behar da. Internet erabiltzea nahiago dutenek www.donostiakirola.org web guneko ‘Kirol Ekintzak’ atalean du horretarako aukera.
Uztailaren 7tik 14ra jakinaraziko zaio jendeari eskaera onartuen behin-behineko zerrenda, eta plazen zozketa uztailaren 16an egingo da. Norbaitek erreklamaziorik egin nahi badu, uztailaren 23tik 29ra du horretarako aukera.
Zozketaren emaitzaren ondorioz onartua izan direnek hirugarren urrats bat dute oraindik egiteko: ordainketa. Irailaren 10era arte izango dute ordainketa egiteko epea, eta egun horretarako ordainketa egin ez badu, baja emango zaio.
Ordainketa bankuaren bidez, ordainagiriaren bidez eta Internet bidez egin ahal izango da. Izena ematerakoan ordainketa bankuaren bitartez egitea aukeratzen duenak, zozketan plaza bat lortuz gero, ez dauka ordainketa-epeaz kezkatu beharrik. Ordainketa-epearen azkeneko egunean ezarriko zaio kontu korrontean. Ordainketa helbideratu ez dutenei, zozketaren ondoren, marra-kodea duen eskutitza bidaliko zaie, eta bertan zer ikastaro egokitu zaien eta zein prezio duen azalduko da. Kasu horretan, Internet bidez, marra-kodeen irakurtzailea duten kutxazainetan, banketxe laguntzaileetan eta KUPen bulegoetan egin ahal izango da ordainketa.
Aurten abian jarri den prozedura aurrekoa baino luzeagoa bada ere, aurrekoak baino areago bermatzen ditu gardentasuna eta aukera berdintasuna, eta erosoagoa ere bada. Besteak beste, etxetik egin daiteke Internet erabilita –www.donostiakirola.org web gunearen bidez–, eta ez da ilara luzerik egin beharko.
Informazio gehiago emateko asmoz, liburuxka batzuk argitaratuko ditu KUPek. Horren bulegoetan eta kirol instalazioetan, Udaletxean eta udal bulegoetan banatuko dira. Eta ez ahaztu aurten Interneten duzuela kirol ekintzetarako atari erosoa, baita informazioa lortzeko ere.
|
Iaz baino ia 3.000 plaza gehiago
Plaza kopurua areagotzea izan da eskaintza eta eskariaren arteko desoreka saihesteko KUPek hartu duen neurrietako bat. 2003-04an baino ia 3.000 plaza gehiago eskaintzen dira datorren ikasturterako.
‘Kirol Ekintzak 03-04’ ekimeneko ikastaroen bidez kirola egiteko 10.621 plaza eskaini zizkien KUPek donostiarrei. 04-05 ikasturterako, berriz, 13.552; hau da, 2.931 plaza gehiago. Ikastaro batean izan ezik, gainerakoetan areagotu egin da plaza kopurua. Uretako jolas ekintzetan, kasu, 730 plaza zeuden iaz, eta aurten kopuru hori 1.800ekoa da. Asko handitu da, halaber, Harpidedunentzako Ordua izeneko jardueraren plaza-eskaintza: iazko 2.504 plazetatik aurtengo 4.000tara.
Kirol eskaintzak, berriz, bere horretan jarraitzen du, aldaketa txikiren batzuk salbu. Igeriketa eta gimnasia –aerobica barne– dira eskaintzaren ardatz nagusiak, eta bi kirol horietan herritar guztien beharretara egokitutako eskaintza prestatu da, adinaren arabera sailkatuta batik bat. Gimnasia eta ura uztartzen dituen
|
jarduera erakargarria ere badago aukeran: uretako mantentze gimnasia. Esparru horietatik at dagoen jarduera bakarrak aerobica eta tai-jia dira.
Une hau, bestalde, egokia izan daiteke KUPen Kirol Txartela eskuratzeak dituen abantailak gogora ekartzeko. Txartela duten abonatuek, hain zuzen, merkeago ordaintzen dituzte ikastaroak, abantailak dituzte kirol osasunarekin zerikusia duten zenbait zerbitzutan eta, halaber, badituzte soilik eurei zuzendutako jarduera dohainekoak: harpidedunentzako orduak, jolas igeriketako jarduerak eta giharketa eta norberari egokitutako entrenamendua. Azken eskaintza horretan ez dago plaza mugarik, baina urtean 2.000 parte hartzaile inguruk darabilte zerbitzua.
Beraz, bizimodu osasungarria izateko, aztertu egitaraua, hautatu jarduera, eman izena eta zorte on...
|
|
|
|