Antigua-Luberri


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 16 2004/12 »  Antigua-Luberri

Ikastetxez ikastetxe

Antigua-Luberri ikastetxean

Donostiako hainbat ikastetxek euren kirol ekitaldi propioak antolatzen dituzte ikasturtean zehar. Hala, Antigua-Luberri ikastetxean kirol ligak egiten dituzte jolas-garaian, eta horiekin batera, baita era guztietako desafio bitxiak ere.


Xakelari bakarra lauren aurka eta, irabazi!
Mahai-jokoen txapelketez gain, joko horietan ere desafioak egiten dira. Hala, duela bost urteko xake desafio honetan, Jon Erreak beste lau lagunen aurka jokatu eta irabazi egin zuen. Antigua-Luberriko eraikin zaharrean ateratako argazkia da honako hau.


Kirol talde eta federazioek urte osoan makina bat ekitaldi eta txapelketa antolatzen dituzte Donostian, baina horiekin batera, ikastetxe batzuk euren kirol ekitaldi propioak ere antolatzen dituzte ikasturtean zehar.

Mikel Prieto Antigua-Luberriko ordezkariak aditzera eman digunez, «duela sei urtetik antolatzen ditugu kirol ekitaldi ezberdinak jolas-garaian. Ikastolatik datorren ohiturari jarraipena eman nahi izan genion ekintza horien bitartez, eta ikasle nahiz irakasleen arteko interkomunikazioaren emaitza da. Hots, bi aldeek proposatzen dituzte zein kirol saio egin daitezkeen eta nola gauzatu».

Hiruhilabetekoaren amaieran kirol ekitaldi bereziak egiten dituzte, eta horrez gain, ikasturte osoan eskubaloia, saskibaloia eta areto futboleko ligetan parte hartzen dute ikasleek jolas-garaian. Horrez gain, mahai-jokoek ere protagonismo handia dute, eta mus, partxis nahiz xake lehiaketak antolatzen dituzte Antigua-Luberrin.
Ikastetxe horretako asteko jolasaldi guztiak ez daude kirol ekitaldi horiez beteta, eta egun berean jolas-leku guztiak ere ez dituzte erabiltzen. Hartara, nahi duenak parte har dezake lehiaketetan eta nahi ez duenak bere kasa ibiltzeko aukera du.

Desafio bitxiak

Edonola ere, lehiaketa horiez gain, arrakasta handia duten desafio batzuk ere prestatzen dituzte ikastetxe honetan. Adibide bat jartzearren, minutu batean ea nork baloiari ukitu gehiago eman, baloia lurrera erori gabe. Aurten, gainera, ustekabeko galanta izan da lehendabizikoz neska batek irabazi baitu 12-13 urtekoen txapelketa hori, eta laster batean errekor-liburuan sinatuko du. Beste desafio bitxi batzuk ere egiten dituzte: aulki bat tente okotz gainean nork denbora luzeagoan izan (aurki egingo dute), saskibaloian hiruko jaurtiketen lehiaketa... Era guztietako desafio bitxiak, hortaz.


Bost minutuz izan zen Amuaitz bizikleta gainean orekari eutsiz.
Amuaitz Lertxundik bizikleta gaineko oreka txapelketa irabazi zuen. Bost minutu iraun zuen bizikleta gainean ia mugitu gabe eta oina lurrean jarri gabe. Gainerako lehiakide guztiei alde galanta atera zien, eta urte dezenterako errekorra lortu omen du.
Eiderrek baino ukitu gehiago emango al zenizkioke baloiari?
Eider Garciak 103 ukitu eman zizkion baloiari lurrera erori gabe. Zenbat gehiago lortuko ote zituen hiru segundoren faltan baloia lurrera erori ez balitzaio? Lehiaketa hau bertatik bertara ikusi zutenen arabera, 15 urteko parte-hartzaileen artean dagoen 105 ukituko errekorra hautsiko zuen, ziur aski, Eiderrek.






Aurrekoa| |Hasiera| |Hurrengoa