Kaskoa jantzi, kart baten barruan sartu eta prest zaude rallyen antzera izotz gainean lasterketa egiteko. Pilotuen arteko talkak ez dira harritzekoak izaten.
|
Lau gurpilen gainean irristatuz
|
Patinaje artistikoa, izotz hockeya, curlinga... jada ezagunak egiten zaizkigun izotz gaineko kirolak dira. Ba al dakizu, ordea, izotz gainean kart-ean ibiltzeko aukera ere baduzula? Horretarako, Txuri Urdin jauregira joatea besterik ez duzu.
|
Imajinatzen al duzu zeure burua auto baten barnean, rally batean egongo bazina bezala, izotz gainean gidatuz? Bada horixe bera, kart bat gidatzeko aukera paregabea ematen dizu Donostiako izotz jauregiak. Probatu dutenek zaila bezain zirraragarria dela azpimarratu dute.
Ostiral gauetan, 22:30etatik 1:30etarako ordutegian, auto horiek izotz gainean gidatzeko aukera dago. Horretarako ez duzu inolako prestakuntza berezirik izan behar, eta gaztetxoenek ere ibilgailu horiek gida ditzakete; ez da gidabaimenik eta halakorik eskatzen horretarako. Baina hori bai, derrigorrez gutxienez bost lagunez osatutako taldeak eratu behar dira ibili ahal izateko, eta bakoitzak 25 euro ordainduz gero, 30-45 minutu bitartean gida daiteke.
|
Rallyen lasterketa bat balitz bezala antolatzen da kart saio bitxi hau. Kronometraje sistema batekin bi txanda egiten dira, eta lehenengo txandako denbora onenak lortzen dituztenek, bigarren eta azken txandan garaipena euren artean jokatuko dute. Duela bi denboralditik aurrera eramaten den jarduera da izotz kartinga, eta lagun-talde nahiz enpresentzat aproposa omen da. Orotara 200 cc-etako potentzia duten bost kart dituzte izotz jauregian bezeroei uzteko, eta prestatzen den zirkuitutik auto horiek bidetik ateratzea arraroa izan ez arren, kolpe handirik ez dute jasotzen gidariek, izan ere ibilgailu hauek ez dute abiada handirik hartzen. Neguko kirol edo jarduera ezberdin bat egiteko gogoa baduzue, hortaz, dibertsioa ziurtatuko dizun izotz kartingaren aukera hortxe duzu. Egin ezazu saioa!
|
|
Gogoan hartu:
Gutxienez 5 lagunek osatutako taldeak behar dira.
Ostiral gauetan, 22:30etik 1:30etara ibil daiteke.
25 euro pertsonako 30-45 minutu ibiltzeko.
Argibide gehiago: Txuri Urdin izotz jauregia (Tlf: 943-464404).
|
|