 |
|
 |
 |
|
Gaurkoa eta biharkoa
|
|
«Nahiko nuke 80 urterekin zu bezala ibili»
Iosu Larrinaga 15 urteko atleta donostiarrak Bixente Huizi 80 urteko korrikalari andoaindarrari esandako hitzak dira horiek. Abuztuan Donostian jokatuko den Beteranoen Munduko Txapelketan parte hartuko du Huizik, 800 eta 1.500 metrotan. Larrinagak, berriz, Espainiako Txapelketan lehiatzea du helburu ibilketan nahiz 3.000 metrotan.
|
80 urte ditu Bixente Huizik, 15 Iosu Larrinagak; andoaindar beteranoa eta donostiar gaztea; Espainiako titulu ugari ditu Bixentek, Euskadikoak ere baditu Iosuk. 65 urteko aldea dago bi atleten artean, baina biek maite dute atletismoa, eta hori argi nabaritzen da euren adierazpenetan.
Bixente Huizik abuztuan Donostian jokatuko den Beteranoen Munduko Txapelketan parte hartuko du 80-85 urte bitartekoen mailan. Huizik adierazi digunez, 1.500 eta 800 metrotan finalean sartzeko itxaropena du. «800 metrotan batez ere podiumean izateko aukera handiak ditut, eta ez dut baztertzen titulua eskuratzea ere. Japoniarrak, kanadarrak, australiarrak eta zeelanda berritarrak izango dira nire aurkari gogorrenak; denak ezagutzen ditut».
Iosu Larrinagak Huiziren hitzak entzun eta berehala, zera esan du: «Ez dut hutsik egingo, eta abuztuan hor izango naiz Bixente animatzen!». Izan ere, 15 urte besterik izan ez arren, Iosuk inbidia sentitzen du Bixente ikusita. «Nahiko nuke nik bai 80 urterekin bera bezala ibili –dio Iosuk–, eta egia esaten badizut, ikusten dut neure burua adin horretan atletismoa egiten. Ez zait inolaz ere erokeria iruditzen 80 urterekin atletismoan lehiatzen jarraitzea, alderantziz, eredugarria da».
Atleta andoaindarrak txikitatik iraupen erdi edo luzeko lasterketak korritu izan ditu. «Astean pare bat entrenamendu egiten nituen, lasai-lasai hiru bat kilometro korrituz». Gero, ordea, hogei bat urtez Andoaingo Euskalduna futbol taldean entrenatzaile lanetan aritu zen. «Futbolariarekin joaten nintzen korrika egitera, eta 45 bat urterekin, kluba utzi eta atleta beterano gisa entrenatzen hasi nintzen».
Modalitate asko
1.500 eta 800 metrotan aritzen da batez ere Huizi, baina denetarik egin du. «Altuera-jauzia, xabalina-jaurtiketa, dekatloia, 200 eta 400 metroak, disko-jaurtiketa... Azken modalitate
|
honetan, adibidez, primeran moldatzen naiz».
Jendea harrituta geratzen da bere adineko gizaseme bat korrika ikusten duenean, «eta ez pentsa ezer berezirik egiten dudanik sasoian egoteko. Bizitza normala egin dut beti. Beti gustatu izan zait adiskideekin kopa bat-edo hartzea, eta jan ere denetik jaten dut. Nire emazteari esker, beti primeran jan izan dut. Beragatik ez balitz...».
Iosu duela lau urte sartu zen atletismoan. «Nire aita Realeko atletismoko ataleko zuzendaritzan dago, eta nire ama, berriz, atletismoko epailea da. Beraiei esker sartu nintzen kirol honetan». 3.000 metrotan aritzen da, baina baita ibilketan ere, «eta aukeran, ibilketa nahiago dut». Bixentek albotik: «Kadetea al zara?»; Iosuk: «Ez, jubenila, eta aurten Euskadiko Txapelketan lan ona eginez Espainiako Txapelketan aritu nahi dut ibilketan eta 3.000 metrotan».
Iosuk aitortu du ibilketa modalitate zaila dela, teknikoa. Bixentek jakinarazi digunez, «nire garaian ibilketari batzuk gauez entrenatzen ziren, ibilketarien mugimendu bereziengatik jendeak adarra jotzen zielako. Maritxuen kirola dela esaten zieten». Iosu, ordea, atletismoan ez ezik, futbolean ere ibiltzen da. «Zein postutan jokatzen duzu?» galdetu dio Bixentek. «Zelai erdian ezker hegaletik», erantzun dio donostiarrak. «Jakina, badakitenez atletismoan korrika ibiltzen naizela, Kostkaseko nire taldekideek zera esaten didate: zuk korrika egin guk baloia botako dizugu-eta! Nitaz aprobetxatzen dira».
Bixentek aitortu digu atletismoko entrenamenduak asko aldatu direla. «Lehen, kilometro asko egitea zen kontua, eta kalean entrenatzen ginen beti. Orain eguraldi txarra egiten badu, pista estalian edo gimnasioan entrena daiteke». Andoaindarra Anoetako miniestadioan entrenatzen da bere adineko beste atleta batzuekin batera. «Zenbaitetan mila metroko serieak egiten ditugu, bestetan 200 metrokoak... Astean hiru egunetan, eta gimnasioan beste bitan».
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |