Automobilismoa: Epsilon Euskadi


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 22 2005/10 »  Automobilismoa: Epsilon Euskadi

Erreportajea

Automobilismoa: Epsilon Euskadi


Bilboko kaleetan ere antolatu zen World Serieseko lasterketa puntuagarria iragan uztailean.
Igor Uranga / testua

Ez dira Fernando Alonso, Kimi Raikkonen edo Michael Schumacher; ez dira Bat Formulako bolidoak, baina World Series txapelketako autoak ere oso azkar ibiltzen dira; 310 km/h-ko abiadura lortzeko gai dira. Bat Formulara iristeko lorbidea da maila hau, eta euskal talde bat txapeldun suertatu da denboraldi honetan: Epsilon Euskadi.

Duela bi urte sortutako taldea da, Azkoitian du egoitza nagusia, eta Joan Villadelprat, Bat Formulan eskarmentu handia izandako ingeniaria, da presidentea. Bi urtetan txapeldun izatera heldu dira. Guztira, herrialde ezberdinetako 30 pilotuk hartzen dute parte World Seriesen.

Goi mailako pilotuak dira, eta lehen postuetan dagoen edonork «Bat Formulan primeran aritzeko aukera luke», dio Villadelpratek. «Fernando Alonso txapeldun handia bera ere maila honetan zaildu da. Izan ere, Bat Formulako harrobi ezin hobea da World Seriesa». Porteiro eta Kubica Epsilon Euskadin bi pilotu ari dira lehian World Seriesen: Felix Porteiro espainiarra eta Robert Kubica poloniarra.

Azken honek lortu du titulua, baina Porteiroren lana ere ezinbestekoa izan da taldekako titulua bereganatzeko orduan.

Talde gipuzkoarra bai, beraz, baina euskal piloturik ez. Villadelpratek argitu digunez, «EAEn ez dago eserleku bakarreko autoen txapelketetarako kulturarik; rally eta mendiko probatarako bai, baina ez jarleku bakarreko autoetarako». Eta horri buelta emateko, kultura hori sortzeko, kartingak tresna ezin hobeak dira. «Ume eta gaztetxoei bideratutako karting txapelketa antolatzen saiatu gara aurten, baina diru falta zela-eta ezin izan da. Txapelketa hori ezinbestekoa da kultura eta harrobia sortzeko; hori gabe ia ezinezkoa izango da euskal Fernando Alonso bat ikustea».

900 lagunez osatutako taldea da Epsilon Euskadi. Kirol proiektu asko ditu martxan, baina, horrez gain, heziketari ere garrantzi handia ematen dio. Azkoitian bertan master bat egiteko aukera dago. «Pilotua ez ezik, lehiaketako ingeniaria, mekanikoa edo taldeko zuzendaria izateko ikasketak egin daitezke bertan».


Prestakuntza fisiko zorrotza
Joan Viladelpratek aditzera eman digunez, «World Series eta Bat Formulako pilotuen prestakuntza fisikoak oso antzekoak dira. Aurrekontua txikiagoa dugu World Serisen, baina prestakuntza berdin-berdin zaintzen dugu, oso zorrotz, gainera. Pilotuak atleta bat izan behar du, baina alde psikologikoa ere asko landu behar da, bere dohainetan sinetsi behar du. Urdaila ere asko zaindu behar du, bitamina asko hartuz eta betekada handiak saihestuz». Lepoa, sorbaldak, besoak, hankak edo bihotza bera ere sendotzeko prestakunzta berezia egin behar dute. Izan ere, pilotuaren bihotza lasterketan minutuko 150 taupadara iristea posible da. Pisuak, igeriketa, alpinismoa edo bizikletan ibiltzea ariketa egokiak dira.