Saskibaloia: Laura Arroyo


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 23 2005/11 »  Saskibaloia: Laura Arroyo

Protagonista

Laura Arroyo Easo San Luis taldeko saskibaloi jokalaria
«Txapelak jartzea da partidetan gehien egitea gustatzen zaidana»

Kadete mailako jokalari gipuzkoar onenetakoa da Laura Arroyo donostiarra. Duela aste gutxi, EAEko selekzioen arteko txapelketan aritu zen Gipuzkoarekin, eta udan ere Espainiako selekzioaren kontzentrazio batean parte hartu zuen.

NOR DA?


Izena : Laura Arroyo.

Sorlekua : Donostia.

Adina : 14 urte.

Postua : pibota.

Altura : 1,78 metro.

Taldea : Easo San Luis (kadete maila).

Ikastetxea : Mundaiz, DBH3.
– EAEko selekzioen arteko kadete mailako txapelketa jokatu zenuen duela aste batzuk. Zer moduz joan ziren gauzak zure taldearentzat eta zuretzat?

– Hasteko, Bizkaiaren aurkako neurketa jokatu genuen, eta erraz galdu bagenuen ere, askoz hobeto egin genezakeela uste dut, maila bertsuko selekzioak ditugu-eta. Ondoren, Arabako selekzioaren aurka aritu ginen, eta erraz samar menperatu genituen arabarrak. Bigarren postuan geratu ginen sailkapenean.

– Eta zer moduz aritu zinen zu zeu?

– Gustura, bigarren partidan aurrenekoan baino erosoago aritu nintzen. Arabarren aurka 20 puntu lortu nituen, eta bizkaitarren aurka, 13.

– Zer da, kantxan zaudenean, gehien egitea gustatzen zaizuna ?

– Pibota naiz eta txapelak jartzea gustatzen zait, batez ere; baina baita ahalik eta saskiratzen gehien egitea ere, jakina. Erreboteak hartzen ere ez naiz gaizki moldatzen. Partidetan, 20 bat puntu sartu eta hiruzpalau txapel jartzen ditut, batez beste.

– Aspalditik jokatzen al duzu saskibaloian?

– Txikitandik nik eta nire lagun guztiek hiru kirol praktikatzen genituen: saskibaloia, eskubaloia eta futbola. Berehala konturatu nintzen futbolean ez nintzela ondo moldatzen eta, hala, eskubaloiari eta saskibaloiari heldu nien. Azkenean, nire lagunak saskibaloian hasi zirenez, neuk ere horixe egin nuen.

– Gustuko talderik ba al duzu?

– Tau Baskonia. Ez ditut bere partidak zuzenean ikusten, baina telebistatik, berriz, ahal ditudan guztiak. Bruesa Gipuzkoa Basket talde donostiarraren partidak ikustera ere joaten naiz Gascara. Hondarribia-Irun Lehen Mailako nesken taldearen partidak ere jarraitzen ditut tarteka zuzenean.

– Udan, Espainiako Saskibaloi Federazioaren Izarren Hautemate programan izan zinen. Zer egin zenuen han?

– Lehen aldia zen Espainiarekin kontzentratzen nintzela, eta hasieran apur bat gogorra egiten da, ez baituzu inor ezagutzen. Baina, zorionez, jende oso jatorra aurkitu nuen, eta ni baino altuagoa zen jokalari asko! 1,78 metroko aluera dut, jokalari altuenetakoa izango nintzela uste nuen, baina nire adineko jokalari katalan batek 1,92 metro neurtzen zuen!

– Goi mailako saskibaloian lehiatzea gustatuko litzaizuke, hortaz?

– Nahiko nuke. Hondarribia-Irun taldean jokatzea, adibidez, asko gustatuko litzaidake, eta gero Espainiako selekzioarekin Olinpiar Joko batzuetan parte hartzeko aukera izango banu... Sekulakoa litzateke hori niretzat; baina jakin badakit ia ezinezkoa dela.

– Beste kirolik egiten al duzu?

– Snowboard eta surfean ere jardutea gustatzen zait. Snowboard egitera Astungo eski-estaziora joaten naiz, eta surfean, berriz, udan aritzen naiz, Zurriolan batez ere; neguan gurasoek ez didate uzten itsasora sartzen. Hiru kirolak oso ezberdinak dira, baina saskibaloia da gehien gustatzen zaidana.