Donostiako eta Elgoibarko krosa


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 25 2006/01 »  Donostiako eta Elgoibarko krosa

Erreportajea

Gipuzkoako Kros Garrantzitsuenak
Donostiako eta Elgoibarko lasterketak
Esprint ikusgarri batean, Lebed ukrainarrak Bekele etiopiarra gainditu zuen Donostiako proban.
Igor Uranga

Euskal krosaren hilabetea da urtarrila, gipuzkoarrentzat bereziki. Zornotzako Nazioarteko Krosa eta Erregetako Krosa jokatu ziren hil hasieran, eta Gipuzkoan egiten diren bi proba garrantzitsuenak izango dira datozen egunotan: Elgoibarko Mugerza Nazioarteko Krosa urtarrilaren 22an, eta Donostiako Nazioarteko Saria, hilaren 29an.

Sona handikoak dira biak nazioartean, eta aurten ere goi mailako partaidetza aurkeztuko dute. Donostiako Nazioarteko Krosak iaz bete zituen bere urrezko ezteiak. 1956an antolatu zen estreinakoz, baina urtebete lehenago, 1955eko martxoaren 19an, Nazioen Krosa (egungo Munduko Txapelketa) jokatu zen hipodromo donostiarrean. Arrakasta itzela izan zuen, eta hala, hurrengo urterako beste kros bat egitea erabaki zuten. Gipuzkoako Atletismo Federazioa arduratu zen horretaz, eta lehen edizio hartan, Ken Norris ingelesa nagusitu zen.

Korrika, oinutsik Ordutik, Donostiako krosa klasiko bihurtu da, eta bidean hainbat istorio aipagarri gertatu izan dira. 1961ean, Allal argeliarrak oinutsik egin zuen korrika; ejerzitoko ofiziala bera, lasterketa irabazi eta hotelera heldu arte txapela buruan zuela ibili zen. 1962an, Rhadi sarjentu marokoarra hasieratik bukaeraraino lehen postuan aritu zen. 1968an, berriz, atleta gipuzkoar baten orain arteko garaipen bakarra suertatu zen. Jose Migel Maiz aiarra nagusitu zen Mariano Haro palentziarrarekin lehia gogorra bizi eta gero. Garaipen hari esker, txapela, garaikurra eta garbigailu bat eman zioten.

1971n, emakumeen proba antolatu zen estreinakoz. Hamabost urte behar izan ziren horretarako, eta lehen lasterketa hartan Zina Boniolo italiarrak irabazi zuen. Ordutik, txapeldun handiek hartu dute parte Donostian. Fita Bayesa etiopiarra, 19 urterekin, kros hau irabazi duen atleta gazteena izan zen (1992), eta John Yuda tanzaniarra, berriz, azkarrena (2002), 28 minutu eta 44 segundorekin.

Kros zaharrena Elgoibarko Mugerza Nazioarteko Krosa Donostiakoa baino zaharragoa da, Espainiako Atletismo Federazioaren egutegiko proba zaharrena, hain zuzen ere. 1943an, C.D. Elgoibar atletismo taldeko zale batzuek antolatu zuten estreinakoz kros hori Juan Mugerza korrikalariaren omenez. Lehen urteetan, udako festen egutegien parte zen eskualde mailako lasterketa hau. 1950eko hamarkadan, Lerun futbol zelaiaren inguruan antolatzen hasi ziren, urtarrilean. 1963an, Egotoki elkarteak hartu zuen antolaketaren ardura, nazioarteko proba bihurtuz horrela. Egun, berriz, Mintxeta Atletismo Taldeak antolatzen du proba.

Prudencio Ayerra izan zen Juan Mugerza Nazioarteko Kroseko lehenengo garailea, eta aurreneko urte haietan espezietan kobratzen zuten atletek: eskopetak, josteko makinak, erlojuak, telebistak eta antzekoak jasotzen zituzten. Mariano Haro palentziarra eta Belen Azpeitiarra gipuzkoarrak izan dira garaipen gehien lortu dituzten atletak (bosna bakoitzak). 30 herrialdetako korrikalariek parte hartu izan dute Elgoibarko proban eta guztira, bederatzi txapeldun olinpikok hartu dute parte kros honetan. Urte batean, 1981ean, lasterketa ez zen jokatu. 1981ean, atleta guztiak Elgoibarren zeudela, elurte handiak bertan behera utzi zuen proba.


Elgoibarko kroseko ibilbideko malda gogorrak min handia egin ei die korrikalariei.