 |
|
 |
 |
Gaurkoa eta biharkoa
|
Iñaki Izagirre eta Jon Mikel Zubeldia
|
|
|
Stickarekin diskoa izotzetan astinduz
|
|
Iñaki Izagirre (35 urte) eta Jon Mikel Zubeldia (18 urte) Txuri Urdin izotz-hockey taldeko jokalariak dira. Biek ala biek azpimarratu dute kirol honi bultzadatxoa eman behar zaiola Donostian zaletasuna berpizteko.
|
Urte asko daramatza Iñaki Izagirre donostiarrak izotz-hockeyan jokatuz. «Txuri-Urdin izotz jauregiaren alboan zegoen Ikasbide nire ikastola. Hala, neu eta nire belaunaldiko beste ikasle batzuk bertan genuelako eta Carlos Gordovilek animatuta, ia-ia nahi gabe hasi ginen izotz-hockeyan». Jon Mikel Zubeldiak 18 urte ditu, eta gurasoek animatuta ezagutu zuen kirol hau. «Nire eskolako beste lau lagunekin batera hasi nintzen zazpi urterekin-edo, eta ordutik gustura nabil».
Txuri Urdin izotz-hockeyko jokalariak dira biak ere. Bata, Iñaki, aurrelaria, goleatzailea; bestea, Jon Mikel, atzelaria da berez, «nahiz eta aurten leku askotan jokatzen dihardudan». Gazteenak aitortu duenez, behin baino gehiagotan egokitu izan zaio Iñaki hurbiletik zaintzea entrenamendu eta partiduetan, «eta egia esan behar badut, azeri zaharra da, nabaritzen da bai beteranoa dela, trikimailu asko baitakizki (kar, kar)». «Hau da marka hau! – Iñakik albotik–, beste gazte bat zaharra deitzen didana!».
Angelun, urte asko Angeluko Hormadi taldean urte dezente egin ditu Izagirrek elitean jokatzen, eta Frantziako izotz-hockeya eta Espainiakoaren artean alde handia dagoela ziurtatu du. «Azpiegitura aldetik batez ere. Frantzian lau maila daude: elitea, lehen maila, bigarrena eta hirugarrena. Espainian, berriz, maila bakarra dago, eta zazpi klub besterik ez. Frantzian 120 pista daude. Jokoan, fisikoki eta bizkortasunean ere alde handia dago. Hala ere, Espainiako Ligan ari diren zenbaitek Frantzian ere izango lukete lekua».
Jon Mikelek oso urruti ikusten du elitean, profesionalismoan jokatzea. «Urruti ikusten dut hori, Angeluko Hormadi bezalako talde batean jokatzea! Maila ikaragarria dago han». Izagirrek: «Bai, hala da, baina oso gazeta zara, denbora asko duzu aurretik eta nork daki...». «Gainera –dio Iñakik–, mutil honek kalitatea handia du, bizkorra da, esku onak ditu, gorpuzkera egokia jokatzeko...».
Jokalarien liskarrak Telebistaz sarri ikusi izan dugu izotz-hockeylarien arteko liskarrak, borrokaldiak. Izagirrek nabarmendu duenez, «AEBetako ligetan astean lau partidu jokatzen dituzte taldeek, eta hainbesteren artean normala da telebistak irudi horiek ematea.». Jon Mikelek dioenez, «Espainiako Ligan, ez dira halakoak ikusten». Iñakik zehazten du: «Ez dira ikusten ez dakigulako hori egiten. Frantzian, ordea antzekoak gertatzen dira. Talde ezberdineko bi jokalari borrokan hasten direnean, stickak lurrean utzi eta eskularruak kentzen dituzte egurtzeko; eta bietako batek belauna izotz gainean jartzen duenean orduan sartzen dira tartean epaileak borroka geratzeko».
Donostian aspalditik dago Txuri Urdin izotz-taldea, baina Jon Mikelek aipatu duenez, «azken urteotan kirol honen inguruko zaletasuna jaitsi egin da pixka bat». «Lehen, emaitza bikainak lortzen ziren –dio Iñakik–, titulu asko, eta ondorioz, harmailak beteta zeuden. Aurten, titulurako play-offetan sartzen bagara, harmailak betetzeko moduan izango gara, eta ea horrela pixkanaka zaletasunak ere gora egiten duen berriro. Txuri-Urdin taldeak beti sorrarazi du donostiarrengan sentimendu berezi bat, maitasun sentimendu bat, eta hori berreskuratu behar da».
|
Iñaki eta Jon Mikel Txuri Urdin izotz jauregiaren harmailetan patinatzaileei begira. SARA SANTOS
|
|
|
Jon Mikel Zubeldia
Adina: 18 urte.
Sorlekua: Donostia.
Ikastetxea: Lanbide Heziketa, Lehen Maila (Cebanc-Cdea).
Kirol Ibilbidea: Txuri Urdin taldea; Espainiako selekzioarekin aritu da 18 eta 20 urtez azpiko selekzioetan.
|
Iñaki Izagirre
Adina: 35 urte.
Sorlekua: Donostia.
Bizilekua: Orio.
Kirol ibilbidea: Bordele (1992-93); Txuri-Urdin (1993-94); Hormadi (1995-2001); Txuri Urdin (2001-02); Gasteiz (2002-03); Txuri-Urdin (2003tik aurrera, geldialdi batzuk tarteko).
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |