 |
|
 |
 |
Ikastetxez ikastetxe
|
Santo Tomas Lizeoa
|
|
|
Ikastetxea eta kirol kluba, biak batera
|
|
Kirol politika irekia izateaz gain, ahalegin handia egiten du Santo Tomas Lizeoak kirola bultzatzeko. Hastapeneko kirolean arreta handia jartzen dute, eta horrekin batera, bertako klubean lehiatzeko aukera ere ematen du ikastolak.
|
Ikastetxe handia da Santo Tomas Lizeoa, eta hala adierazten dute bertan dauden kirol instalazioek. Saskibaloiko hiru kantxa; areto-futboleko eta boleiboleko bina; pilotaleku estali handi bat eta beste zortzi txikiagoak; estali gabeko frontoi ertain bat; mini-basket eta mini-boleiboleko kantxa bana eta erabilera askotarako beste pare bat jolastoki. Horietxek osatzen dute Santo Tomas Lizeoko kirol gunea.
Xabier Ezeiza Santo Tomas Lizeoko kirol-koordinatzaileak aipatu digunez, «gure ikastolak kirola bultzatzeko orduan ahalegin handia egiten du, baita diru aldetik ere, eta kirola egin nahi duen ororentzat ikastolaren politika oso irekia da».
Kirol programa propioak Atletismoa, futbola, boleibola, belar-hockeya, patin-hockeya, igeriketa, saskibaloia eta eskupilota dira ikastola honek lantzen dituen kirolak. «Geuk jarritako begiraleeekin egiten dugu hori. Hastapen-kirol bezala lantzen dugu kirola, programak guk prestatzen ditugu, eta norbaitek gehiago sakondu nahi izanez gero, orduan inguruko klubetara bideratzen ditugu».
Ikastola ez ezik, kirol kluba ere bada Santo Tomas Lizeoa. «Hortaz, klubak azkenean ikastolaren politikari eusten dio, baina betiere lehiaketa eta federatutako ekintzerara egokituta». Kirol klubekin ez dute lankidetza hitzarmenik izaten oro har, «gure klubarekin dugu hitzarmena, nahiz eta baden salbuespenik. Atletismoan esaterako, Atlético San Sebastiánekin dugu, eta belar-hockeyan, Realarekin».
Futbolaren eromena Xabier Ezeiza kexu azaldu da futbolarekin jendeak bizi duen eromenagatik. «Harrigarria da kirol honekin gertatzen dena! Gure ikastolan ere futbolak du arrakasta handiena mutilen artean. Sukar handia dago futbolaren inguruan». Nesketan, berriz, belar-hockeyak zale asko ditu Santo Tomas Lizeoan. «Duela hogeita hamar urte inguru, Realeko belar-hockeyeko taldean ikurra den Mari Ayestaranek kirol hau bultzatzea proposatu zuen gure ikastolan eta, ordutik, kirol horrek oso harrera ona du gure nesken artean. Espainiako txapelketetan emaitza onak lortu izan dituzte, eta belar-hockeyeko Ohorezko Mailan ere, Santo Tomas Lizeoko jubeniletako zenbait jokalarik Realarekin lehiatzen dute maiz».
Ikastorduetatik at ere antolatu ei dituzte ekintzak. Hilabetean behin, igandetan mendi irteera egiten dute. «Horiez gain, tarteka Tau saskibaloi taldearen partiduak ikusteko autobusak antolatzen ditugu, eta kirol ezberdinetako sustapen kanpainetan ere parte hartzen dugu; arraunketa eta mendiaren ingurukoetan, esaterako».
|
Santo Tomas Lizeoko neska-mutilak atsedenaldian futbolean jokatuz. S.S.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |