Hegats igeriketa


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 27 2006/03 »  Hegats igeriketa

Gaurkoa eta biharkoa

Ibai Orruño eta Marta Varela

Sara Santos

Erdi arrain, erdi gizaki
Sirenak, izurdeak? Ez, hegats-igeriketako kirolariak dira Ibai Orruño (26 urte) eta Mara Varela (13 urte). Biek ere igeriketa klasikoa alde batera utzi, eta hegats bakarrarekin igeri egiteari ekin zioten duela urte batzuk.
Itsasoan, ibaian edo igerileku barruan egin daitekeen kirola da hegats-igeriketa, baina leku batean edo bestean aritu, oso ezberdina da. Ibai Orruño hegats-igeriketako irakasleak azpimarratu duenez, «igerileku barruan zabiltzanean, hondoan duzun arrastoari jarraituta behar bezala orientatzen zara. Ibaian edo itsasoan, aldiz, ez duzu halakorik eta burua askotan altxa behar da nondik zoazen jakiteko».

Edonola ere, Ibaiek nahiz Marak igerileku barruan jarduten dute hegats-igeriketan, Tolosako Usabal kiroldegiko igerilekuan. Tolosaldea I.K.T. taldekoak dira biak; Mara ikaslea da eta Ibai irakaslea, eta azken honek adierazi duenez, «zortzi bat ikasle ditut taldean, sei neska eta bi mutil. Horrek ez du esan nahi, alabaina, nesken kirola denik, horrela egokitu dela baizik».

Hegats-igeriketan hegats bakarrarekin egiten da igeri. Hiru modalitatetan banatuta dago, eta Marak onartu du hasieran ez dela erraza hegats bakarrarekin igeri egitea. «Tamaina hartzen diozunean, ordea, ez da hainbesterako. Hasieran hegats bakarra behar bezala astintzea eta mugimenduak ondo koordinatzea kostatu egiten da».

Lehendabizi, bi hegatsekin igeri Ibaiek dioenez, «irakasten dugun aurreneko gauza hegatsekin igeri egitea da. Teknika menperatzeko egokia da hori, eta behin hori lortuta, hegats bakarrarekin jartzen dugu igerilaria; ez pentsa aldaketa hori gehiegi nabaritzen dutenik!». Irakasleak Ziurtatu du edonork egin dezakeen kirola dela, eta askok oraindik ezagutu ez arren, «ez da uste bezain kirol zaila eta, aldiz, oso ikusgarria da».

Hamahiru urte inguruko gaztetxoak entrenatzen ditu Ibaiek Tolosan, «eta oso gustura nabil eurekin». Marak, berehala, zera erantsi du: «Oso entrenatzaile ona da, ederki portatzen da gurekin, baina bere haserrealdiak izaten ditu, ez pentsa! Baina haserrealdi horiek ondo daude aurrera egiteko orduan; nahiago dut haserretzea, paso egin eta ezer ez esatea baino». Ibaiek, jarraian: «Ondo pasatzeko kirol bat da hau, eta gaztetxoei egur handia ematen hasten banaiz.... azkenean bakarrik utzi eta beste kirol bat egingo dute. Horregatik, saiatzen naiz nire ikasleak entrenamenduetan ondo pasa dezaten».

Edonola ere, Orruñok aitortu du egungo umeek arazo handi bat dutela, malgutasun falta handia, hain zuzen ere. «Ez dakit zer gertatzen den oraingo umeekin, baina nire eskuetatik igarotzen diren gaztetxoak behintzat, egur oholak bezain gogorrak daude. Malgutasunik gabe hegats-igeriketan aritzea ez da erraza, hori hobetzeko ariketa asko egiten dugu, baina...».

Hiru talde EAEn, hegats-igeriketako hiru talde besterik ez daude (Tolosan, Ordizian eta Zarautzen), baina hala ere, otsailean Espainia mailan egiten den txapelketa garrantzitsuena Ordizian bertan antolatu ohi da. Horrez gain, EAEko eta Nafarroako beste hiru talderen artean, liga bat jokatzen dute, «eta hor dute igerilariek lehiatzeko aukera polita», dio Ibaiek. «Datorren urteari begira, gainera, Donostian bertan, Altza inguruan-edo, hegats-igeriketako talde bat sortu nahi dugu. Ea posible den», azaldu du Ibai Orruñok. Informazio gehiago, Urpeko Jardueren Federazioan: guif@euskalnet.net


Ibai Orruño


Adina: 26 urte.
Sorlekua: Aretxabaleta.
Bizilekua: Donostia.
Taldea: Tolosaldea I.K.T.
Iruzkina: Bederatzi urterekin ezagutu zuen hegats-igeriketa, eta aurtengoa du bere lehen urtea entrenatzaile gisa.
Mara Varela


Adina: 13 urte.
Sorlekua: Tolosa.
Taldea: Tolosaldea I.K.T.
Ikastetxea: Hirukide ikastetxea, DBH2.
Iruzkina: igeriketa klasikoan sartzen ziren ordu pilarekin nazkatuta, duela bi urte hasi zen hegats-igeriketan.



Izurdeen antzera mugitzen dira uretan hegats-igerilariak; kirol estetikoa da, inondik ere. S.S.