 |
|
 |
 |
Protagonista
|
Paula Valle aerobiceko gimnasta
|
Paula Valle, aerobiceko ariketa bat egiten gimnasioan.
|
|
«Parte-hartzaileen erdiak-edo bukatzen du aerobiceko maratoi bat»
|
|
Gipuzkoako Aerobic Zirkuituko jardunaldi berri bat jokatuko da apirilaren 1ean, Donostian. Paula Valle donostiar gazteak bertan parte hartuko du.
|
Gipuzkoako Aerobic Zirkuituan parte hartzen ari zara. Ezagutzen ez dutenentzat, zertan datza aerobiceko maratoi bat?
Koreografia bat jarraitu behar da saio guztian zehar, irakasle bat baino gehiagok parte hartzen du, eta bakoitzaren koreografia jarraitu beharra dago ahalik eta ondoen.
Zenbat irauten dute?
Bizpahiru ordu, gutxi gorabehera.
Buru-belarri prestatzen dituzu maratoi horiek?
Oraindik ez naiz hain serio hasi. Bakarra egin dut, Donostiakoan ere parte hartuko dut apirilaren 1ean, baina momentuz behintzat ez dut sakrifizio handirik egin aerobitonak prestatzeko; ondo pasatzeko jarduten dut.
Zer da garrantzitsuena aerobiceko maratoi on bat egiteko?
Jarrera ona izatea, koreografia ondo jarraitzea, eta iraunkorra izatea. Teknika eta mugimendu onak egitea ere garrantzitsua da.
Zein jende klase aritzen da?
Denetarik dago. Mutilak nahiz neskak, gazteagoak nahiz helduagoak... baina oraindik ere neskak mutilak baino askoz gehiago ikus daitezke aerobiton hauetan.
Zenbat jendek hartzen du parte saio hauetan?
Kiroldegiko pistak bete samartuta izaten dira normalean. 500 bat lagun izango dira maratoi hauetan, baina ez pentsa denek bukatzen dutenik. Agian gehiegi esatea izango da, baina maratoia erdiak-edo amaituko du.
Lehiaketa bat bezala hartzen duzu ala ondo pasatzeko jarduera gisa?
Batzuek gogor prestatzen dute, lehiaketa bat bezala, eta beste batzuk ondo pasatzera doaz, neu bezala. Badira eta ez gutxi, jakin-minak jota agertzen direnak, baina ondo prestatuta ez daudenez, ez dute amaitzea lortzen.
Oso gogorrak dira, hortaz, maratoi horiek.
Behar bezala prestatuz gero, ez da hainbesterako, baina azkeneko egunetan bakarrik aritzen bazara, azkenerako oso gogorra egingo zaizu eta ez bukatzeko arrisku handia izango duzu.
Maratoian, jan eta edateko aukera duzue?
Bai. Saioari ekin aurretik edari eta janari energetikoak eskaintzen dira, eta parte-hartzaile bakoitzak behar dituenak hartzen ditu. Maratoian zehar gelditzea ere badago, baina jakina, hori gero puntuazioa emateko orduan ere kontuan hartzen da.
Aspalditik al zabiltza aerobica egiten?
Nire ama aerobiceko irakaslea da, eta hortaz, aerobica betidanik oso kirol ezaguna egin zait. Duela hiruzpalau urte probatu nuen estreinakoz udan, handik urtebetera pixka bat egiten hasi nintzen, eta aurten, jada, jarraikortasun handiarekin nabil.
Spinning, just pump eta antzeko beste hainbat modalitatek ez dute aerobica apur bat alde batera utzi?
Aerobicak bere lekua du betiere, baina egia da beste modalitate batzuk modan jarri direla, pilates metodoa eta spinninga, batez ere.
|
|
NOR DA?
|
Izena : Paula Valle.
Sorlekua : Donostia.
Adina : 17 urte.
Taldea : Kursaal gimnasioa.
Ikastetxea : Zubiri Manteo, Bigarren Batxilergoa.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |