Kayak surf


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 28 2006/04 »  Kayak surf

Egin ezazu saioa

Piragua barruan surf eginez
Surflarien eremu itxia zen orain arte olatu gainean ibiltzea. Orain, ordea, piragua barruan egiteko aukera ere badago, kayak surfean, hain zuzen ere.


Bere izenak dioen bezala, piraguarekin surf egitea da kayak surfa; normalean bainuontzi itxikoak dira eta pala bikoitzarekin gidatzen dira. Donostian (Zurriolako hondartzan batez ere) eta Gipuzkoako kostaldeko zenbait herritan ez da arraroa jada zaleak kayak surf egiten ikustea.

Kayak mota asko dago, baina modalitate honetarako piragua egokiena, wave-ski izenekoa da. Piragua lau samarra da, surf ohol baten antzekoa, baina euskailu batzuk ditu piraguistaren hankak geldirik izateko. Ontzi mota hau ohiko piragua baino askoz bizkorragoa eta maniobratzaileagoa da.

Urte guztian olatuak daudenez, ur gezatako piraguista askok itsasoan entrenatzen dute neguko hilabeteetan, baina hori bai, kontuan hartu behar dute errioan korrontearen aurka aritu behar dutela, eta hori ez da itsasoan gertatzen.

Ikastaroa, komenigarria

Kayak surf egiten hasteko, ikastaro bat egitea komeni da (piragua batean inoiz ez bada sartu norbait batez ere). Izan ere, modalitate honetan kontrol handia, olatuak hartzen jakitea eta egoera zailetatik irteten jakitea ezinbestekoak dira. Ildo horretatik, piragua irauli eta berezko jatorrira bueltatzeko, eskimotajeko teknika menperatzea oso lagungarria egingo zaio zaleari. Olatuen gainean piragua uztea erabaki txarra da, olatuek eta korronteek susto handia eman baitezakete. Surf-oholarekin alderatuz, kayakean olatua gainean lehertzen bazaizu, oso zaila da bertatik ateratzea; eta orduan zer? Bada piraguistak olatuen apar azpian bira asko emango dituela. Adi, hortaz. Informazio gehiagorako, Gipuzkoako Piraguismo Federaziora dei dezakezue (943-468386).


Beharrezko Materiala
Piragua: txikiagoa da, 3 eta 3,5 metro luzekoa. Ez du gilarik, arinago eta errazago maniobratzeko. Plastikozkoak izaten dira normalean, kolpeak ondo jasateko. Piragua on batek 600 euro balio dezake, baina bigarren eskuko merkatu zabala dago.

Neoprenozko trajea: negurako, bereziki.

Kaskoa

Salbamendu jaka.

Pala: laburragoa da. Erreferentzia ona da, pala hori besoa altxata eskumuturreraino iristea. 45 eurotan eros daiteke


GOMENDIOAK
Uretara sartu aurretik, itsas korronteak eta itsasaldiak nolakoak diren ikusi

Sartu behar den gunearen oztopoak ezagutu

Sartu behar den gunearen araberako teknika zehatza menperatu, ustekabekoei behar bezala aurre egiteko

Neguko olatuak handiak izan daitezke, eta horregatik, neoprenozko traje on bat erabiltzea garrantzitsua da.

Kaskoa erabili, zure mugak onartu eta ez sartu uretara bakarrik