Segundo Azpiazu saskibaloilaria


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 28 2006/04 »  Segundo Azpiazu saskibaloilaria

Mitoa


Azpiazu, Dico´s taldearekin jokatutako partidu batean errebotea hartuz.
Segundo Azpiazu saskibaloilaria
2,10 metroko gizakotea
1960ko hamarkada amaieran eta 1970eko hamarkadaren hasieran, Espainiako saskibaloian zegoen jokalari altuenetakoa zen Segundo Azpiazu donostiarra. Talde ezberdinetan zortzi urte egin zituen elitean.
Sorlekua: Donostian jaio zen duela 62 urte.


Saskibaloian, lehen urratsak: 17 urterekin hasi zen saskibaloian jokatzen, Atletiko San Sebastián taldean.


Txikitatik, altua, oso altua: Segungo Azpiazuk berak aitortu digunez, «betidanik, txikitatik izan naiz oso altua, eta 14 urterekin jada, bi metro luze izango nintzen!»


Kirol ibilbidea: hamasei urte egin zituen saskibaloian: «9 urte Atletiko San Sebastiánen, 2 Barcelonan, 3 Kasen eta azken bi urteak Donostian, Askatuakekin. Askatuaken izan nintzen lehen urtean, taldeak Dico´s izena zuen eta bigarrengoan, Dicoproga».


2,10 metro: garaiera horrekin, Espainiako saskibaloilari altuena izan zen. «Nire altuera zuen atzerritarrik ere ez zegoen. Lehen Mailan, oraingo ACBren parekoa zena, 1967. urtetik 1975era jokatu nuen».


Oroitzapen onenak: «Atletiko San Sebastiánekin Lehen Mailara igo ginen denboraldi hura. Reala Lehen Mailara igo zen denboraldiarekin egokitu zen, 1966-67 sasoia hain zuzen ere».


Oroitzapen txarrak: Azpiazuk ez du gogoan bat bereziki, «baina beharbada, jokalari izateari utzi nion une hura izan zen saskibaloian bizi izan dudan une tristeenetako bat».


Saskibaloia utzita: Jokalari izateari utzi, eta Askatuakeko entrenatzaile izan zen denboraldi batez. «Egun, zeharo `deskonekatuta´ nago. Ez naiz partidu bat ikustera joaten, eta ikusten dudan apurra, telebistaz».



Askatuak taldean ere entrenatzaile lanetan jardun zuen.



Hamasei urte egin zituen Segun Azpiazuk saskibaloiko elitean.