 |
|
 |
 |
Elkarrizketa
|
Darko Kovacevic Realeko aurrelaria
|
|
|
«Reala dena da niretzat, eta dena emango dut beragatik»
|
|
Orain lesionatuta dagoen arren, zortzigarren urtea betetzen ari da Darko Kovacevic aurrelari serbiarra Realean. Talde txuri-urdina momentu zaila bizitzen ari den honetan, Reala bere familia bezalakoa dela nabarmendu du Kovacevicek, eta bere etorkizuna Donostiari lotuta dagoela argi du.
|
Igor Uranga
Zer moduz doa zure errekuperazioa?
Egunez egun gero eta hobeto ikusten dut neure burua, eta maiatzean zelaian korrika egiten hastea espero dut.
Datorren denboraldi aurrerako prest izango zarela uste duzu orduan?
Gauzak ondo bidean badoaz, hala izatea espero dut, denboraldi aurrean gainerako taldekideekin entrenatzen hastea, alegia.
Baina zale batek baino gehiagok galdetuko dio bere buruari Kovacevicek Realean jokatuko lukeen Bigarren Mailara jaitsiko balitz. Talde txuri-urdinean ariko al zinateke kasu horretan?
Mundu guztiak daki zenbat maite dudan Reala, eta futbolean ezin da inoiz jakin zer gertatuko den. Realarekin beti Lehen Mailan jokatzea espero dut, eta ez dut inoiz pentsatu Bigarren Mailan ariko naizenik. Hala ere, egoera guztiei aurre egiteko prest egon behar dugu; Reala nire etxea da, eta dena da posible.
Urte askoan zabiltzate Bigarren Mailatik gertu. Norbaitek esan dezake Realari tokatzen zaiola jada jaistea, bere garaian Valenciari edo At. Madridi gertatu zitzaion bezala. Ados al zaude?
Berriro diot futbolean edozer gerta daitekeela, baina gure egoera larria bada ere, beti baikor pentsatzen saiatu behar dugu, horri buelta ematen saiatu behar dugu jokalariok. Egia da azken denboraldietan ia beti kinka larrian ibili garela, aurten ere hor gaude, larri, baina oraingo egoera hau aurrera ateratzen badugu, hausnarketa sakon bat egin beharko dugu.
Zer gertatzen da bada ia urtero hain kaskar ibiltzeko taldea?
Azken bizpahiru urteotan jokalari asko aldatu ditugu, eta kanpotik etorritako asko moldatu egin behar dira Espainiako Liga gogorrera. Sansetik ere gazte asko igo dira, elitean eskarmenturik gabekoak... Denak du eragina, baina denon artean aztertu behar dugu zeintzuk izan diren arrazoiak.
Zortzigarren denboraldia betetzen ari zara Realean. Zer bihurtu da talde txuri-urdina zuretzat?
Reala dena da niretzat. Askotan esan dut familia bat bezalakoa dela, une gozoetan eta txarretan beti alboan izan dudana. Nire anaia, ama eta aita galdu nituenean ere, Reala beti alboan izan dut, asko lagundu izan nau, eta hori ez dut inoiz ahaztuko. Reala oso barruan daramat, sentimendu oso sakonak ditut Realagatik eta klub honengatik dena emango dut.
Realean erretiratu eta Donostian bizitzen jarriko zara, Kodro bezala?
Zalantzarik gabe. Nire etxea Donostian dut, nire familia eta neure umeak gustura daude hemen, bertako eskoletara joaten dira, eta argi dut hemen geratuko naizela bizitzen, Donostian.
Serbiarra zara, taldeko jokalari atzerritar beteranoena zara... Atzerritarra sentitzen zara Donostian?
Inola ere ez. Urte asko daramatzat Donostian, eta donostiar bat gehiago sentitzen naiz jada, eta hau benetan esaten dut. Bertakoek bezala maite ditut Realaren koloreak.
Euskara ikastea bakarrik falta zaizu, hortaz...
Oso hizkuntza zaila da euskara (kar, kar). Nire semetxoa txikitatik ikasten ari da euskara, baina nik daukadan adinarekin euskara ikastea zaila egiten zait, benetan.
Realean izan zaren urte hauetan guztietan, jokalari askoren joan-etorria ikusi duzu. Norekin izan duzu adiskidetasun handiena?
Asko izan ditut, baina oraindik ere asko hitz egiten dut Gica Craioveanu Getafeko aurrelari errumaniarrarekin. 1996tik 1998ra elkarrekin jokatu genuen, eta oraindik ere telefonoz asko hitz egiten dugu. Oso pertsona ona, zintzoa da Gica.
Aizu, kezka bat: zergatik ez da azken urteotan goi mailako aurrelari peto-petorik atera Zubietatik, Realeko harrobitik?
Oso galdera zaila da hori, eta egia esan behar badizut, ez dut erantzunik, ez dakit-eta zergatik gertatu den. Satrustegiren garaitik egia da ez dela punta-puntako inor atera, baina zergatik? Ez da erraza hori jakitea.
Denok ezagutzen dugu Kovacevic jokalari gisa, baina nolakoa zinen txikitan? Umea zinenetik futbolaria izan nahi zenuen?
Umetan, gainerako haurrei bezala, kirol guztiak gustatzen zitzaizkidan. Saskibaloia, karate, eskubaloia... probatu nituen. Nire anaia karateka oso ona zen, nire herrialdeko onenetakoa, eta neuri ere asko gustatzen zitzaidan. Gerriko urdina lortzera ere heldu nintzen! Azkenean, ordea, futbolean hasi, eta gaur arte. Jugoslavia ohian kirol asko praktikatzen zen, eta horregatik beti atera izan ohi dira kirolari onak.
Idolorik ba al zenuen
Marco Van Basten futbolari holandarra zen nire idoloa. Hura bai aurrelari aparta!
Zu erabat sendatu eta Realak mailari eusteaz gain, zer eskatzen dio Kovacevicek bizitzari?
Bizitzak erakutsi dit osasuna dela garrantzitsuena; hortik aurrera, dena lor daiteke.
|
|
FITXA
Izena: Darko Kovacevic.
Sorlekua: Konin (Serbia eta Montenegro).
Pisua eta altuera: 79 kilo eta 1,88 metro.
Postua: aurrelaria.
Sartutako golak: 104.
Jokatutako partidak: 252.
Selekzioarekin jokatutako partidak: 57.
Kirol ibilbidea: Proleter (1992-94); Estrella Roja (1994-95); Sheffield Wednesday (1995-96); Reala (1996-99); Juventus (1999-2001); Lazio (2001-02); Reala (2001-2006).
|
|
DI-DA BATEAN
|
Futbolari bat: Zidane.
Futbol-zelai bat: San Mames jokatzeko oso futbol-zelai ederra da, eta Milaneko San Siro futbol-zelaia ere esango nuke, egoten den giroagatik, batez ere.
Inoiz ezagutu duzun atzelari gogor eta onena? Nesta italiarra.
Hiri bat: Donostia.
Plater bat: txuleta.
Pelikula bat: Titanic.
Zure une gozoena futbolari gisa? Realarekin Ligan bigarren postuan geratu nintzenean 2002-03 denboraldian.
Zure une gaziena futbolari gisa? Aurreko berbera. Vigon, Celtaren aurka galdu genuen partida hura ez dut inoiz ahaztuko.
Munduan zerbait aldatu ahal izango bazenu, zer aldatuko zenuke? Arma guztiak kenduko nituzke, adibidez.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |