Igeriketa zeharkaldiak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 29 2006/05 »  Igeriketa zeharkaldiak

Igeriketa

Igeriketa-zeharkaldiak
Paseo Berriko zeharkaldia
Fortuna Kirol Taldeak antolatzen duen zeharkaldi honek 3.000 metro luze ditu. Iaz, 384 igerilarik hartu zuten parte. Abuztuaren 15ean jokatuko da aurten, eta infantil mailakoak 11:00etan hasiko dira igerian 650 metroko ibilbidea osatzeko; nagusiek, berriz, 12:00etan ekingo diote probari.


Kontxako Badiako zeharkaldia
Easo Igeriketa Taldeak antolatzen duen zeharkaldi honetan 400 igerilarik hartu zuten parte iazko edizioan. 2.800 metro luze ditu ibilbideak, eta aurten, irailaren 9an jokatuko da. Infantilak 11:00etan abiatuko dira, eta nagusiak, 11:45ean hasiko dira lehian.


Getaria-Zarautz zeharkaldia
900 igerilari inguru izan ziren iaz C.D. Zarautzek antolatzen duen proba honetan. Uztailaren 30ean izango da, eta infantilak 11:00etan hasiko dira igeri egiten 660 metroko ibilbidea osatzeko. Nagusiek, berriz, 12:00etan ekingo diote Getariako portutik Zarauzko hondartzara heltzeko (2.800 metro).


David Meca izan nahi?
Igeri eginez sekulako balentriak lortu ditu David Meca igerilari espainiarrak. Zeuk ere igeriketako zeharkaldi luzeak egin ditzakezu udan, Donostia aldean.
Paseo Berriko eta Kontxako Badiako zeharkaldiak Donostian, eta Getaria eta Zarautz arteko beste bat antolatu ohi dira udan, geure artean. Itsasaldean egiten diren hiru mila metro inguruko igeriketa probak dira horiek, eta horregatik, itsasoko korronteekin, zurrunbiloekin adi ibili behar da igerilaria. Olatuek arnasketa asko oztopa dezakete, eta horregatik, olatuetan igeri egiten jakitea ere komeni da. Baina hori bai, betiere norberaren ahalmenaren arabera.


Aholkuak
Entrenamenduetan bi aldeetatik arnasten joan. Lehiaketan eguzkiak itsutu zaitzake, eta horrek denbora asko galaraztea edo desbideratzea eragin diezazuke, bi aldeetatik arnasten ez badakizu.
Aurretik duzun igerilariari jarraitzen badiozu, denbora aurrez dezakezu, baina mantsoegi badoa, aurreratu.
Irten aurretik, igeri egitean izango dituzun erreferentziak errepasatu. Buiez gain, objektu finkoak begiratu (ainguratutako ontziak, etxeak...), ez baita batzuetan erraza izaten antolatzaileek jarritako erreferentziak ikustea. Aurrean ditugun igerilariez ere ezin gara fidatu, agian desorientatuta egon baitaitezke.