Aire kirolak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 29 2006/05 »  Aire kirolak

Aire kirolak

Aire kirolak era askotan gozatzeko aukera dago, urrutira joan gabe
Txoriak bezala hegan eginez
Egokiak diren segurtasun neurriak hartuta eta ikastaroak eginda, edonoren eskura dago hegan egitea. Paraxutean, globo aerostatikoan, parapentean... ibil zaitezke bertatik bertara. Egin aukera!
Hegaldi akrobatikoa

Arteak eta edertasunak bat egiten dute hegaldi akrobatikoan. Airean era guztietako irudiak lortzea eskarmentu handiko pilotu baten esku bakarrik dago, akrobaziako pilotuaren esku, hain zuzen ere. Motorrezko hegaldien pilotu askoren helburua da pilotu akrobatiko bihurtzea, baina gutxik erdiesten dute. Izan ere, ahalmen fisiko bereziak eta entrenamendu asko eskatzen baititu.


Parakaidismoa

Aparteko osasun arazorik ez badago behintzat, 16 urterekin jada praktika daiteke parakaidismoa. Beharrezko ezagutzak izateko ikastaro bereziak egin behar dira, baina tandemean erorketa librean salto egin daiteke, inolako ikastarorik egin gabe. Paraxutistak hegan egiteko erabiltzen duen makina gorputza bera da: besoak eta hankak gure hegoak dira, eta gure pisua, berriz, motorra.
Aerostatikoak

Hegan egiteko era zaharrenetakoa da. Motorra erabiltzen dutenei baloi gidatuak deitzen zaie eta globoak motorrik gabekoei. Aldi berean, gasa edo aire beroa erabiltzen dutenak daude. Ohikoenak aire beroa erabiltzen dutenak dira, ez dute inolako propultsio sistemarik, eta horrenbestez, aire korronteek bultzata ibiltzen dira batetik bestera. 17 urterekin lor daiteke globoak gidatzeko titulua.


Ala delta

Gizakiak hegaztien mugimenduak eta hegaldia imitatzen ditu ala deltarekin. Eta modalitate hau praktikatzeko irakasketa berezia jaso behar bada ere, EAEn topa ditzakegun eskola ezberdinek eraginkortasun eta segurtasun baldintza zorrotzenak betetzen dituzte. Hegaldi askeak bultzada handia eman dio airean aurkitu nahi den askatasuna lortzeko asmo horri.
Parapentea

Hegaldi libreko modalitatea da, eta baldintza fisiko normalak dituen edonork praktika dezake. Norberaren bitartekoak erabiliz, hegal malgu batekin aireratu eta lur hartzean datza. Aireratzea zutik, mendi-mazela baten ertzetik eta haizeari aurre eginez burutzen da. Pilotua arnes batean esertzen da, eta hori bela bati lotuta dago bi mosketoiekin. Kaskoa erabiltzen du gidariak, eta larrialdietarako paraxuta ere badu.


Aeromodelismoa

Benetako hegazkinak imitatzen dituzten hegazkin txikiak dira. Kirol-zientzia gisa definitzen da, eta gaitasun ezberdinak uztartzen ditu: elektronika, aerodinamika, motorrak, planoen interpretazioa, aeronautika. Aeromodelismoa hiru modalitatetan banatuta dago: hegaldi librea, hegaldi zirkularra eta irrati kontrola, eta modalitate honetan hasteko, aeromodelismoko klub batera jotzea gomendatzen da.
Hegazkin ultra-arinak

Ala delta eta motorrezko hegaldien artean dagoen modalitatea da. Aireontzi txiki hauek motorra dute aireratu ahal izateko eta autonomia maila handia izan dezan; txango luzeak egin daitezke horietan. Ultra-arinen mantentze-lana eta gidatzea errazak dira, baina beste edozein hegalditan bezalaxe, eguraldia nolakoa den kontuan hartu behar da betiere.


Motorrezko hegaldia

1903an Wright anaiak eztanda-motorra erabiltzen hasi ziren hegazkintzan; une horretan sortu ziren motorrezko hegaldiak. Orduz geroztik eta gaur arte, aurrerapen handiak izan dira, ikusgarriak. Egun, urte hauetan guztietan izandako aurrerapen teknologikoei esker, askatasun osoz izan gaitezke airean, segurtasun osoz eta mugarik jarri gabe ia.
Belazko hegaldia Zehaztasun handiena eskatzen duen kiroletako bat da belazko hegaldia. Adimena, zehaztasuna, zuhurtasuna eta erabakitzeko gaitasuna ezinbestekoak dira. Hegaldiaren norabideari laguntzeko propultsorerik ez duenez, erreakzioen bitartez dabil airean. Ez da jada eroen kirola, eta ikasteko beste hegaldi batzuek baino denbora gehiago eskatzen badu ere, gidatzeko erraza da.


Paramotorra

Propultsioz dabilen aireontzi arin eta erabilerrazena da paramotorra, eta lurrean pausu gutxi batzuk emanez aireratu ahal izango dugu. Hegaztien altueran eta abiaduran hegan egin ahal izango dugu, eta lur hartzea, berriz, metro gutxitan egingo da. Bere motor arinak eta kontsumo baxuak altuera baxuko hegaldi luze eta atseginak ahalbidetzen ditu.


Informazio gehiago
Gipuzkoako Aire kirol Federazioa. 943-457438. Donostia.
Euskadiko Aire kirol Federazioa. 94-4020893. Bilbo.
Soka. Globo aerostatikoa. 943-527142. Pasaia.
Aeromodelismo R. C. Albatros. Aeromodelismoa. jcallejo@clientes.euskaltel.es (Errenteria)
Amasain Delta Parapente. Parapentea. farrek@euskalnet.net (Hondarribia).
Amillena Taldie. Hegaldi librea. korso_eus@hotmail.com (Arrasate)
C.D. Parapente El Avispero de Donosti. Parapentea. alexparanoias@ya.com (Donostia).
Aeromodelismo Kayua Taldea. Aeromodelismoa. Zarautz.
Aize-Lagunak Taldea. Aeromodelismoa. Irun
Ostargi Parapente Kluba. Parapentea. info@ostargi.com (Donostia).
Delta Club Haize. Hegaldi librea. sanzberro@teleline.es (Donostia).
Hodei Artean. Parapentea. bita@euskalnet.net (Oiartzun).
Ipar Haize Taldea. Aeromodelismoa. Oņati.
Sorginak Parapente Elkartea. Parapentea. mikelhuegun@wanadoo.es (Donostia).