Abentura kirolak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 3 2003/04 »  Abentura kirolak

Abentura kirolak




Abentura

kirolak




Rafting

Abentura kiroletan arrakasta handiena duena da. Baltsa pneumatiko batean ur lasterrak dituen ibai batean behera joaten da. Gidariarekin joan ohi da baltsan, eta neoprenozko trajea, kaskoa, jaka eta pala behar dira.
Kanoan jaitsiera

Ibaian behera kanoan egiten den ibilbidea da. Piraguarekin alderatuta, kanoan ibili ahal izateko ez duzu zertan ezaupiderik izan.


Hidrospeed

Ibaian behera jaistea da, leraren antzeko ontzi batean. Neoprenozko trajea jantzirik, hegatsen laguntzaz egiten da aurrera. Gidari aditu batek piragua batean laguntzen dio leran doanari. Ibaiaren parte zarela sentituko duzu!
Piraguismoa

Ur bizietan egiten den modalitate teknikoenetarikoa da, eta ingurunea oso sakon ezagutzea eskatzen du, benetan gozatu ahal izateko. Espezialitate honetan aritzeko ikastaroak eskaini ohi dira oinarrizko teknika ikasteko.


Arroila jaitsiera

Abentura kirolen artean politenetarikoa da, ibiltzea eta igeriketa nahasten baitira. Bide estuak, ur gehiago edo gutxiagoko pasabideetan barrena, jauziak... oso dibertigarria da. Ezinbestekoa da, ordea, gidari adituen laguntza izatea.
Orientazioa

Baso eta mendietan, biziraupenerako oinarrizkoa izan daiteke orientazioa. Mapa eta iparrorratza nola erabiltzen diren jakitea ezinbestekoa da orientazio jarduera guztiak behar bezala egiteko. Gaztetxoei zuzenduriko ikastaroak antolatzen ditu Mendizale Federazioak.
Jauziak egin nahi

dituenak ere badu

horretarako aukera




Baina aipatu ditugun abentura kirol horiez gain, badira gehiago ere, adrenalina areago kanporatzeko egokiak izan daitezkeenak. Hor dago, esaterako, jauziak edo saltoak egiteko aukera erakargarria. Euskal Herrian, Donostiako Euskal Abentura Elkartea da jauzietan gehien espezializatu den enpresa.

Gerarta Arotzena elkarte horretako jauzi jardueren arduradunak argi eta garbi adierazi digunez, «adin guztietako pertsonek egin dezakete salto. Guk izan dugun jauzilari gazteena 9 urtekoa zen, eta zaharrena, berriz, 67koa». Dena dela, adin txikietan saltoak egitera joateko, baldintza batzuk bete behar direla azpimarratzen du Gerartak. Hala, 14 urtetik beherakoek irakaslearen edo gurasoen baimen idatzia behar dute; 14 urtetik 18ra bitartekoek, berriz, edozein helduren baimen idatzia. «Gertatzen dena da guraso eta irakasleak ez direla animatzen baimen horiek ematera, kirol arriskutsuak direla uste dutelako; gazte elkarteekin egiten dugu lan halaber, eta antzera gertatzen da batzuk urtero etortzen zaizkigun arren». Gerartaren arabera, ordea, «saltoak egitea oso segurua da, gauzak behar bezala egiten badira behintzat. Jakina, gaizki egiten badira, badakigu zer gertatzen den».

Jauziak egiteko hainbat era daude, eta Euskal Abentura Elkarteak eskaintzen dituen saltoen artean erdiak eurek sortu eta patentatutakoak dira, «horietakoren bat oraindik patentatzeko bidean dagoen arren. Gure elkartea saltoetan erreferentzia da, gaur egun». Hona hemen enpresa honekin egin daitezkeen jauzi mota batzuk:







saltoa (puenting): Zubi- zubi-saltoa zubi batetik eskaladako sokak erabiliz egiten den jauzi pendularra da.



Goma-tiroa: gomaz egiten da, gomasaltoa bezala, baina bi goma erabiltzen dira; eta erori beharrean, lurretik zerurantz irtengo da hegan jauzilaria.



Goma-saltoa: zubitik edo garabitik lurrera egiten duzu jauzi, gora eta behera ibili arte tarte batez.



Tirolina: sokaz egindako toboganaren antzekoa da.



Goma-pendulua: Euskal Abentura Elkarteak asmatutako jauzi hau pendulu motako gomasaltoa litzateke, edo material elastikoa erabiliz egindako zubisaltoa bestela.


Snorkell

Urpean igeri egiten ikastea da, ur azpiko mundua ezagutu eta bertan dagoen aberastasunaz gozatu ahal izateko.
Zeharkaldiak

Oinez egiten diren ibilaldiak dira, turismoak eragin gutxi duen gune naturaletan, hain zuzen. Gaua mendi-aterpeetan edo kanpinean bertan igaro daiteke.
Mendiko bizikleta

Mendiko bizikletaren bitartez, maldan gora eta behera ibiltzeko erraztasun handiagoa dago, baita bide zailetatik joateko aukera ere. Ibilbide ederretan ibil daiteke; beste era batera, azken batean.
Eskalada

Espezialitate teknikoagoa da, ikusgarria, egitura artifizialetan, rokodromoetan, mendi aldeko hormetan nahiz arroketan egin daitekeena. Ez da hain zaila.