Alain Fuertes atleta minusbaliatua


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 30 2006/10 »  Alain Fuertes atleta minusbaliatua

Protagonista

Alain Fuertes. Atleta minusbaliatua

Alain Fuertes, Iazko Behobia-donostia lasterketan.
"Behobiako proban askoz ere gehiago gozatu nahi dut"


"4.700 euro ordaindu behar da aulki on batengatik"
Oker ez banago, ez da Behobia-Donostian ariko zaren estreinako urtea, ezta?

Bigarrena da, iaz ere parte hartu baitnuen. Duela bi urte ere nahi izan nuen, baina eskumuturrean min hartu eta etxean geratu nintzen.

Eta zer moduzko esperientzia bizi izan zenuen iaz, Behobia-Donostia lasterketan?

Leher eginda amaitu nuen, eta hasiberri saria ordaindu nuen. Aurten, berriz, gauzak ezberdinak izango dira, lasterketarekin gozatu nahi dut. Iaz erabili nuen aulkia gainera, bigarren eskukoa zen, nire neurrira egin gabe zegoen, eta leku guztietatik mugitzen zen. Orain, berriz, aulki berriarekin, askoz hobeto ibiltzea espero dut.

Eta aulki hauek kirola egiteko bereziki prestatuta al daude?

Bai, baina pistako atletismorako edo errepiderako ezberdinak dira. Neurrira egiten dira, eta aulki on samarra erosi nahi izanez gero, 4.700 euro inguru ordaindu behar da, nik egin dudan bezala.

Behobia bezalako proba batek zer nolako prestakuntza eskatzen du?

Irabaztera joateko, sasoi betean egon behar duzu, baina aspalditik eskuineko eskumuturrean arazoak ditut, eta iaz ez nuen asko behartu. Aurten, aulki berria dut eta Alacanten prestatzen nabil Behobia serio samar. Han ni bezalako atletentzat prestatzaile on bat dago, eta Alacanten egiten duen eguraldi aproposarekin ahalik eta sasoi puntu onena hartzen ahaleginduko naiz.

Behobiako ibilbidea gogor samarra da, gorabeheratsua. Besoak asko nekatzen al dira?

Besoak eta baita bizkarra ere, gure jarrera behartu samarra baita, eta nire kasuan bizkarra minduta geratzen zait. Lasterketa amaitu eta handik pare bat egunera nabaritzen da batez ere zein gorputz atal duzun minduta.

Jendeak hainbeste animatzen al zaituzte lasterketa honetan?

Ikaragarri, eta hori iaz gutxik parte hartu genuela! Eguraldi txarra egingo zuela iragarri zuten, eta horregatik askok atzera egin zuten 2005eko edizioan.

Asko entrenatzen al duzu?

Alacantera joan aurretik gehiegi ez, baina orain, Behobia prestatzeko asko saiatzen ari naiz.

Behobia-Donostian ez ezik, beste proba batzuetan ere aritzen zara?

Bilbon, Donostian, Urretxun, maratoi erdi bat egin nuen Bordelen... Ahal dudan guztietan parte hartzen saiatzen naiz.

Eta etorkizunari begira, zer?

Atletismoari buru-belarri heldu nahi diot eta nire buruari erakutsi noraino iristeko gai naizen.

Badirudi, kirola egiten duen minusbaliatu gehiago dagoela. Hala al da?

Bai, bai. Normala da, gainera; zer egin behar dugu, bestela? Kirolak bide asko irekitzen dizkizu jende ezberdina eta lekuak ezagutzeko orduan.


NOR DA?

Izena: Alain Fuertes.
Sorlekua: Irun.
Adina: 25 urte
Taldea: Kemen.